Zentroari lizentzia ukatu diote eta erregistrotik kanpo utzi dute. Hemendik aurrera, besteak beste, ezingo ditu finantzaketa publikoak jaso, baina kanporatze horrek ez du zentroaren jarduna eteten. Zentroko arduradunek ikerketapean jarraitzen dute; besteak beste, torturak salatu dituzte zenbait erabiltzailek.
Nafarroako Gobernuak jakinarazi du Ziritzako Vida Nueva zentroari funtzionamendu baimena kendu diola, zerbitzu erresidentzialak eta baimenen erregimena arautzen dituen foru dekretua urratzeagatik. Horregatik, zentro ebanjelikoa zerbitzu sozialen erregistrotik kanpo geratu da eta, besteak beste, ez du dirulaguntza publikorik jasoko. Ordea, horrek ez du esan nahi zentroa itxiko dutenik.
Carmen Maeztu Nafarroako Parlamentuko Eskubide Sozialen Kontseilariak zehaztu du zentroko arduradunak ikertuak izaten ari direla ustezko hamar deliturengatik, tartean, legez kanpoko atxiloketa, derrigortzea eta torturak. Vida Nueva zentroko auziak joan den otsailean du abiapuntua, bertan egondako hainbat lagunek zentroan jasandako tratu txarrak salatu zituztenean, "homosexualitatea sendatzeko" terapiak eskaintzen zituztela salatzearekin batera. Aurreko astean beste hiru emakumeren tortura salaketen berri eman zuten.
Bada, orain, Vida Nuevari lizentzia kendu diote eta hemendik aurrera ez da egongo zerbitzu sozialen erregistroan. Gauzak horrela, alde batetik, zentroak ezingo du finantzaketa publikoa jaso. Newtral hedabidearen arabera, Nafarroako Osasun Publikoko eta Lan Osasuneko Institutuak 5.668 euroko dirulaguntza eman zion maiatzean, "mendekotasunen prebentzio lanarengatik, ongizate emozionala sustatzeagatik eta osasunaren prebentzio eta sustapenaren alde eginiko lanarengatik".
2025ean, baina, dirulaguntza gehiago jaso zituen: Eskubide Sozialetako Departamentutik 55.000 eurokoa; Osasun Departamentutik 6.000 eurokoa; Espainiako Lan Ministeriotik 105.000 eurokoa; eta Espainiako Transformazio Digitalerako Ministeriotik 12.000 eurokoa.
Era berean, zerbitzu sozialen erregistrotik kanpo egotean, ezingo du administrazioarentzat lan egin, ezta kontratu publikorik sinatu ere. Maeztuk azaldu du zentroa "ekimen pribatukoa" dela eta ez dagoela protokolorik "pazienteak baliabide horretara bideratzeko, ez Eskubide Sozialetako Departamentuan ez Osasun Departamentuan". Halere, esan du beste edozer ebatziko balitz, Nafarroako Gobernuak esku hartuko lukeela, baina haiek administrazioa direnez, "araua betearazi besterik ez dutela" egin.
Prozesu administratiboa
Kontseilariak zehaztu du Nafarroako Gobernuak ez duela erabiltzaileen salaketarik jaso, baina azpimarratu du hamar urteetan zentroa sei aldiz ikuskatu dutela. "Orain arte, ikuskatze horietan ez dugu legez kanpoko ezer antzeman, baina 2022an detektatu genuen 92/2020 foru dekretuaren puntu batzuk urratu zirela, zentroko gela bakoitzak har ditzakeen plaza kopuruarekin lotuta —gela bakoitzean bi pertsonarentzako tokia egon beharko luke, gehienez ere—. Eskubide Sozialetako Departamentuak beharrezko egokitzapenak egitera premiatu zuen zentroa, eta 2025eko martxora arteko epea eman genien", azaldu du Maeztuk.
Iazko abenduaren 16an, "beharrezko aldaketak egin ez zirela jakitean, Departamentuak prozedura hasi zuen zentroari lizentzia kendu eta Vida Nueva zerbitzu sozialen erregistrotik ateratzeko".
Azken ikuskatzearen xehetasunak
Jabier Arza EH Bilduko ordezkariak galdegin du ea Osasun Departamentutik edo Eskubide Sozialeko Departamentutik gomendatu den "ez bidaltzea pazienterik Vida Nueva zentrora". Koalizioko ordezkariak azpimarratu duenez, Osasun Departamentuak zentroarekin inolako kontraturik ez dagoela ziurtatu bazuen ere, "azken ikuskapeneko aktan jasota dagoenez, zentroarekiko kontaktua erabiltzaileen ekimenez egiten da, edo gizarte zerbitzuek, ospitaleek edo osasun zentroek bideratuta".
Kontseilariak erantzun du indarrean dagoen legediaren arabera jokatzen dutela, eta, hortaz, ez dagoela inolako protokolorik pazienteak zentrora bideratzeko.