Zipaioak ere sionistak zarete

TVE

2026ko maiatzaren 25ean - 00:24
Azken eguneraketa: 10:50
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Ekintza bera partxis partida bat bezala irudikatzen hasi nintzen Siziliako portuan gelditu ginenean. Arriskua eta heriotza izkina guztietan eta egunero ikusi izan ditut. Itsasora ohituak daudenentzat nire beldurrek ez dute inongo zentzurik, nabigazioa oso ziurra izan delako uneoro: barku pila elkar laguntzeko, Open Arms hor zegoen, eta partxisean lauki berean bi fitxa daudenean ezin zaituzte jan. Portuak berriz partxisaren kolorezko laukiak ziren, seguruak, lasai lo egin eta ezer pasatu ezin ziren lekuak. Jokoan aurrera egin ahala ikusi genuen sionistek nazioarteko uretan jan ahal gintuztela, elkarrekin joateak ez zigula ezer ziurtatzen. Berrehun kide baino gehiago jan zituzten, asko bost bat atera eta jokora bueltatu ziren, besteak, etxetik, gertu sentitu ditugu.

Bahiketaren egunak, kolorezko azken hamar laukietara iritsi aurreko tentsio momentu horiek izan ziren. Bide guztia egin eta gero, eta partxisean ez bezala, etxera bueltatzeko baino zure bizitza galtzeko arriskua oso gertu ikusten duzu.

Turkiara joateko hegazkin batean sartu gintuzten; hegaldi osoan zehar amarrua izan zitekeela pentsatzen aritu nintzen; sionistek misil batekin leherraraziko gintuzten paranoiarekin iritsi ginen Kurdistan zapaltzen duen estatura. Partxisaren azken lauki seguruetan geunden.

Istanbulen ospitale-komisaria batera eraman gintuzten, torturen eta tratu txarren deklarazioa egitera. Medikuak, gu eta poliziak

Turkiako harrera oso arraroa izan zen. Lurreratu bezain azkar gizon inportante bat sartu zen hegazkinera, argitzeko Palestinaren eta Flotillaren alde nahi genuena esatea genuela, baina ezin genuela Israelen kontra hitz egin. Ospitale-komisaria batera eraman gintuzten, torturen eta tratu txarren deklarazioa egitera. Medikuak, gu eta poliziak, guretzako erabat ezezaguna zen instituzio batean. Nik ez nuen deklaraziorik egin.

Orain bai, partxisaren azken hamar koloredun laukiak, ustez seguruak. Denek dakigu, ordea, dadoekin jarraian bi sei aterata gune segurutik kanpo gera zaitezkeela. Istanbuleko hotelean gau eta egun polizia auto bat zaindari izan genuen. Berriz ere nazka jatera. Euskal Herrira bueltatzeko gogoa bertzerik ez genuen eta lehen hegaldia erosi genuen, Euskal Herriko delegazioko bi ekintza eta irri kide, bi babes, uste genuena baino kolpatuagoak zeudela konturatu gabe. Hegazkina, Bilboko harrera eta nire etxea: hiru lauki faltan. Baina dadoarekin seikoa atera eta posizio berera bueltatu ginen.

Kideak ospitale susmagarri hartatik atera eta nahikoa atseden hartu zutenean atera ginen Euskal Herrirantz, egunari aurre egiteko eskukada pilularekin. Gurekin batera Galiziako eta Espainiako delegazioko kideak zetozen, Bilbon eskalada egiteko.

Polizia batek lautan errepikatu zidan atxilotua nintzela, nik erantzun nion lau egun eman nituela munduko polizia bortitzenaren atzaparretan

Hegazkinetik ateratzeko tunelean, lehen malkoek iragarri zidaten nireak besarkatzeko oso-oso gutxi falta zela. Espainiako eta Galiziako delegazioak gibelean utzi, pasaportea klikatu, eta denak batera abiatu ginen partxisaren azken aurreko laukiaz gozatzera. Zer sentsazio eta pauso atseginak. Nondik atera behar genuen azaldu ziguten zenbait guardia zibil eta ertzainek; Euskal Herrirako polizia kopuru normala iruditu zitzaidan. Azken atea pasa eta PNVren polizia gehiago ikustean, gehiegi zela pentsatu nuen; seiotatik haiengandik urrunen ni jarri nintzen. Parean nuenarekin, prentsa, gure jendea, ez nion batere garrantzirik eman.

Jendea, gure alde oihuka, eta prentsa hurbiltzen hasi ziren. Bat-batean nireak ikusi nituen, eta berriz ere malkoak ate joka. Gure kideetako bat lagun bat besarkatzera joan zen, eta lehen kolpetik azkenekora, zuek ni baino gehiago dakizue, inguruko kamerek gure begiek baino gehiago ikusi zutelako. Nik lurra besterik ez nuen ikusten, gerora bideoetan ikustean konturatu nintzen borra kolpe gogorrak izan zirela, nik bertan ez nuelako ezer sentitu.

Euskal herrian zuen lan egiteko moduetara ohituak gaude; munduak zuekin flipatu du

Amorrua handia zen, nire lagunak besarkatu nahi nituelako. Polizia batek lautan errepikatu zidan atxilotua nintzela, nik erantzun nion lau egun eman nituela munduko polizia bortitzenaren atzaparretan, nire lagunen babesa behar nuela eta berak bakarrik ez zuela maitasun indar hori moztuko. Eskapo egin nuen, eta ospitalera joan behar izan zuen bi kideetako batek bere gorputz kolpatua jarri zuen nirea babesteko. Ez nuen nahi nigatik min gehiago hartzerik, baina ez nuen gainetik kentzea lortu. Hortik atera eta nireak besarkatu nituen, negarrez, banan-banan. Baina poliziak kolpeka jarraitzen zuen eta bi, gero hiru eta azkenik lau atxilotu. Oihuek asaldatuta Espainiako eta Galiziako kideak hurbildu egin ziren, eta ezin zuten sinetsi ikusten ari zirena: harrera bat behar zuena, istilu bihurtua.

Guretzako kaka zaharra izan zen, gure lagunak ikusi nahi genituen, atxilotutako baten aita hurbildu zitzaidan semea besarkatu ere ezin izan zuela esateko. Zipaio, hau irakurtzen ari bazara, jakin ezazu: bideoetan garbi ikusten da istiluen hasiera besarkada bat izan zela. Jakin ezazue Poliziaren presentziak ez duela inongo tokirik Israelen genozidioa salatu duten ekintzaileen harreran, eta berriz ere ridikulua egin duzuela. Euskal herrian zuen lan egiteko moduetara ohituak gaude; munduak zuekin flipatu du. Ongi legoke atzo zeuden ertzainen historialak ikertzea, Mossadarekin entrenamenduak egin dituztenak identifikatzeko. Indar okupatzaile sionistek lau eguneko bahiketan erakutsi ziguten dena neurtua zegoela, ezer ez zela kasuala. Ertzaintzak eman zigun ongi etorrian, argi geratu den bezala.


Azkenak
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...