Zinebiren 59. edizioaren egitaraua aurkeztu dute

  • Bilboko dokumentalen eta film laburren nazioarteko jaialdia den Zinebik bere 59. edizioko egitaraua aurkeztu du. Azaroaren 10ean irekiko dituzte ateak eta aste betez hainbat fikzio, dokumental eta animaziozko filmak egongo dira ikusgai.

Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2017ko urriaren 25an - 12:31

Zinebik azaroaren 10ean, arratsaldeko 20:00etan, zabalduko ditu bere ateak Arriaga Antzokian, Alberto Iglesias konposatzaile donostiarrari Ohorezko Mikeldia emanez. Zinemaldiaren azken edizioetan ohikoa denez, inaugurazio ekitaldia, Sekzio Ofizialean lehiaketara aurkeztutako euskal film laburren proiekzioarekin osatuko da.

Beste urte batez, ZINEBI 59ren proiekzioen egoitza nagusia Azkuna Zentroko Golem zine-aretoak izango dira, eta saio berezi batzuk egongo dira Campos Antzokian, Guggenheim Museoaren auditorioan eta Kale nagusiko BBK Aretoan, beste gune batzuen artean.

Edizio honetako Ohorezko bigarren Mikeldia Marco Bellocchio zinegile italiarrari emango diote, Europako zine garaikidearen zuzendari handienetako baten filmografia luzea aintzatesteko. Ohikoa denez, oraingo honetan Bellocchiok azaroaren 17an hartuko du saria, jaialdiaren amaiera ekitaldian. Horrez gain, ekitaldi horretan bertan bere azken film laburra eskainiko da, Per una rosa (2017).

Aurkeztu diren 98 herrialdetatik etorritako 3.183 film laburretatik, 62 film aukeratu dira Sekzio Ofizialean parte hartzeko, zinemaldiak dituen hiru generoetako Urrezko eta Zilarrezko Mikeldiak lortzeko xedez: fikzioa (22), dokumentala (21) eta animazioa (17). Lehiaketarako aukeratu diren lanen artean Estatuko 16 daude, eta horietako 6 euskal zinegileek egindakoak dira, eta jaialdiaren inaugurazio ekitaldian eskainiko dira. Hauek dira:

  • Plágan, Koldo Almandoz (dokumentala).
  • Una sinfonía en silencio (Cicha Symfonia), Aitor Gametxo (dokumentala).
  • Lo-ibiltariak, Iñigo Salaberria (dokumentala).
  • Areka, Begoña Vicario (animazioa).
  • Aprieta, pero raramente ahoga, David Pérez Sañudo (fikzioa).
  • Zacarías, Violeta Trincado (fikzioa).

Sari ofizialen artean bere sari espezifikoa duen Latinoamerikako atalean aurten azpimarragarria da Argentina, Brasil, Txile, Kolonbia, Kuba, Mexiko eta Venezuelako filmen presentzia. ZINEBIn orain arte oso ohikoak izan ez diren filmak ere ikusi ahal izango ditugu nazioarteko lehiaketan, Kroazia, Estonia, Haiti, Iran, Lituania eta Mozambikekoak, besteak beste. Partaidetza zabal eta anitzak, bere generoan ospe handia duen lehiaketa honen izaera benetan nazioartekoa egiaztatzen du beste urte batez. Ohikoa denez, Sekzio Ofizialeko film laburrez gain, ZINEBI 59k, lehiaketakoak ez diren zenbait erakusketa programatu ditu, InfoEuskadi eta InfoSpain, alegia. Horiek ere Bilboko Golem Alondegiko zine aretoetan emango dira, eta horretarako 47 film aukeratu dira. 

Azaroaren 17an jakitera emango dute palmaresa eta sari hauek bananduko dituzte: Bilboko Zinemaldiaren Sari Nagusiak, Euskal Zinearen Sari Nagusiak, Espainiar Zinearen Sari Nagusiak, Zine Latinoamerikarraren Sari Nagusiak, eta Urrezko eta Zilarrezko Mikeldiek, fikzio, animazio eta dokumental kategorietan. Sekzio Ofizialeko Sariak Nazioarteko Epaimahaiak erabakiko ditu.

Aurten, epaimahaiko kideak hauek izango dira: Iván Arguello, Guadalupe Echevarría euskal artista, bideo-artearen arloan Euskadiko aitzindarietakoa, Renata Gasiorowska animaziozko zinegile poloniarra, Lola Mayo gidoilari eta ekoizlea eta Peter Suschitzky argazki zuzendari britainiarra.

Beste alde batetik, lehiaketan eta lehiaketatik kanpoko sekzioan (Infoeuskadi) arituko diren euskal film laburrek SGAE Fundazioa – Euskadi Kontseilua Sariak lortu ahal izango dituzte: euskal musika hoberenaren saria, euskal gidoi hoberenaren saria eta euskal zuzendaritza hoberenaren saria. Sari horiek erabakiko dituzten epaimahaikideak Aránzazu Calleja konposatzailea, Pedro Rivero zinegile bilbotarra eta Joanes Urkixo idazle eta gidoilaria izango dira.

Sari horiez gain, EITBk babesten duen Ikus-entzuleen Saria, FAS Zineklub Saria eta umeen balioak eta haien eskubideak ondoen islatzen dituen filma sarituko duen UNICEF saria ere banatuko dira. Aurrera jarraituko du 1.000 euroko saria izango duen ZINEBI-New Talents sariak, 2016-2017 ikasturtean Bilboko zine eskoletan ekoiztutako film labur hoberenaren egilearentzat.

Emanaldi bereziak 

Beste urte batez, proposamen berezienetakoak eta jendearentzat interesgarrienetakoak gure zinearen oroimena berreskuratzera zuzendutako Emanaldi Bereziak izango dira. Hori da Bilbao Sinfonía lanaren kasua: Bilboko Udalaren aginduz, Juan Ortuoste eta Javier Rebollo zinegileek hiriari buruz egin zuten film labur dokumentalen triptikotik (Bilbao en la memoria, Bilbao como un mosaico eta Bilbao, mientras tanto) hiru hamarkada igaro direnean, hiru zine erretratu horiek abiapuntu gisa hartuta, ZINEBI 59k ekoizpen propio hau aurkeztuko du.

Performance izaera nabarmena duen Bilbao Sinfonía lanak, azken 30 urteetan Bilbok izan dituen hirigintza, kultura eta gizarte arloko eraldaketak erakusten ditu. Horretarako, XXI. mendeko hiriaren irudiak, joan den mendeko 70eko hamarkadan filmatutakoen gainean jarriko dira, ikus-atmosfera iradokigarria sortuz. Eszenan jartzean, pantaila gainean mugitzen ari diren irudiak ere ikusiko ditugu, Aránzazu Calleja konposatzaile eta biolin joleak eta Álvaro Segovia gitarra eta piano joleak zuzenean interpretatuko duten sinfoniarekin. BIlbao Sinfonía azaroaren 11n aurkeztuko da BBK Aretoan, arratsaldeko 19:30ean.

Beste alde batetik, Euskadiko Filmategiarekin lankidetzan, eta jaialdiak gure zine ondarea berreskuratzen eta zabaltzen laguntzeko duen konpromisoarekin bat etorriz, ZINEBI 59k Puerto Bilbao aurkeztuko du inaugurazio ekitaldian. Bilboko historiako funtsezko kapitulu bati buruzko dokumentu interesgarria eta ia ezezaguna da. 1925ean egin zen, Portuko Obren Batzarraren aginduz. Zine mutuaren garaiko film labur horren jatorria, orduko Portu Agintaritzak garai hartan Euskal Herriko kostaldea astindu zuen denborale izugarria zeluloidean erregistratzeko izan zen asmoan dago. Filmazioa Pedro González Blanco eta Joaquín Soler zinegileena dela uste da (hori ezin izan da egiaztatu), eta balio dokumental handiko Bilboko irudiak jasotzen ditu.

Emanaldi berezien barruan azpimarragarriak dira, baita ere, nazioarteko epaimahaiko kide diren Iván Argüellori eta Silvano Agostiri, Carlos Pérez Merinero idazle, gidoilari eta zinegileari eskainitakoak edo Eivissako Paco Juan(Francesc Juan Costa, Eivissa 1949-Bilbao, 2013) zinegileari egingo zaion omenaldia. Bilboko Arte Eder Eskola Zaharreko sortzaileetakoa izan zen, eta Pintura saileko irakasle gisa aritu zen bertan 1971tik. Pedro Guashekin batera izaera underground eta esperimental nabarmena izan zuten lau film sinatu zituen, garai hartan nagusi ziren ekoizpen moduekin kontrajarriz.

Aipatzekoa da, baita ere, Pabellón 6 aretoak ZINEBI 59rekin izango duen lankidetza, Aida Argüellesek eta Maite Ojerrek zuzendutako Los Goliardos dokumentalaren aurkezpenarekin, zinea eta antzerkia, eszenako arte diren heinean, betidanik bateratu dituzten lotura intelektual eta artistiko intimoak agerian uzten dituen film ariketa interesgarria. Dokumentalak, antzerki konpainia horren joan etorri artistikoaren, politikoaren eta bizitzakoaren berri ematen du, protagonistei egindako elkarrizketekin eta horien testigantzekin, horien artean Forges, Alberto Corazón, Mario Gas, Carlos Álvarez-Novoa, Pedro Casablanc, Santiago Ramos, Ignacio Iglesias eta Nancho Novo.

Albiste hau Uriolak argitaratu du eta CC by-sa lizentzia baliatuta ekarri dugu ARGIAra


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zinema
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


2024-03-03 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Komunak

Otsaila da iaz ekoiztutako pelikula uzten sari banaketaren hilabetea. Zinemara joateko aitzakiarekin, arkitektura eta hiria oinarri dituen Wim Wenders-en Perfect Days ekarri nahi dut hizketaldira.

Pelikularen sinopsi zabalduan irakurri daiteke komun publikoetan garatzen dela... [+]


Hizkuntza gutxituen artean, euskara hirugarren erabiliena da Europako streaming plataformetan

Netflix, Amazon Prime eta Disney+en, Hizkuntza Gutxituen Europako Gutunak onartzen dituen bost hizkuntza baino ez dituzte erabiltzen. Bosten artean nagusi da, alde handiz, katalana. Ondoren datoz galiziera, euskara, luxenburgera eta Eskoziako gaelikoa. EHUko Nor Ikerketa Taldeak... [+]


2024-02-19 | Euskal Irratiak
Graxi Irigarai: «Merkatua oztopo bat da Euskal Zinema Iparraldean hedatzeko»

Hizkuntza gutxituak eta eta Frantziako zine-sistema hartu ditu ikergai Graxi Irigarai baigorriarrak bere tesian. Abenduan aurkeztu zuen bere ikerketa, eta ordutik hamaika mintzaldi eskaini ditu. Oro har, Euskal Zinemak Ipar Euskal Herrian dituen zailtasun eta oztopoak eman ditu... [+]


Eguneraketa berriak daude