Zimurrak haztatzen


2026ko urtarrilaren 27an - 11:45
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Dena zulo bera zen

Eider Rodriguez

Susa, 2025

---------------

Eider Rodriguezen bosgarren ipuin liburua da Dena zulo bera zen. Ipuinotako pertsonaia nagusiek hutsune bat sentitzen dute eta horri egiten dio erreferentzia tituluak, agian. Izan ere, bizitzaren krisi-une batzuetan aurkituko ditugu protagonistak, korapiloa askatu nahian. 

Ipuin gehienetan arnas luzeko bikote harremanak izango dira aztergai, familia, etxea, lana, gaixotasuna eta heriotza inguruan dituztela. Maitasunak –eta maitasunaren aldaera bat den adiskidetasunak– denboran nolako bilakaera duen agertzen da narraziootan, denborak eta espazioak nola eragiten duten harengan.  

Honen aurretik idatzi zuen Bihotz handiegia ipuineko Ixabel eta Iñaki dira lehen narrazioko protagonistak. Kanikula ipuinean agertuko zaizkigu elkarrekin bizitzera ohituta, bakoitza bere behar eta nahi desberdinei jarraika. 

Itsasoari begiratzean gauza desberdinak sentitzen eta pentsatzen ditugula adieraziko zaigu bigarren ipuinean. Itsasoak eta hondakinak izenburupean June eta Lila ezagutuko ditugu, eta banaezinak izandako lagunen ordura arteko harremanaren amaierarantz eramango gaitu narratzaileak.

Itsasoaren ikusmiratik lurpeko zulora joango gara hirugarren testuan, Zuloa-n. Bertan lana galduta bere bikotekideak proposatuta bizi-proiektu berria duen andrazkoa dugu, gauez eta bakarrik, gordean, zuloan gero eta gehiago barneratuz doana.

Ahate-bihotz ipuinean ordea, bi familien arteko topaketa dugu erraiez eta ardoz osatutako otordu baten inguruan. Harremanen mugak non marraztu daitezkeen ariko dira.

Elena protagonistari peronea hautsiko zaio Thailandiako kanpin batean eta bere buruarekin pasatu beharko ditu opor-egunak Urpekariak-en, bere senide eta lagunak ur-azpiko txangoetara doazen bitartean.

Azken kontakizuna Kraterra da. Nekane eta Fani ditugu bertan, heriotzaren ateetan azken egunak elkarrekin bizi dituzten bollera zahar biren bizipenak eta gogoetak.

Barrurako bidaia da Rodriguezek eskaintzen diguna liburu honetan: ilunpeko gure harreman automatizatu eta inkontzienteei argia ematen die, gure baitara biltzeko, inguruari behatzeko. 

Itsasondoan paseatzera, etxe hutsak okupatzera, lurrean aztarrika hastera, tripak jatera, gelditu eta entzutera, eskuekin komunikatzera gonbidatzen gaituzte testu hauek.  


Irakurri gehiago: Liburu kritikak Kultura Literatura
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.