Arma erabiliko lukeen jendarmeari edo poliziari zilegizko defentsa presuntzioa bideratzen zaionez, biktimaren esku geratuko da frogatzea tirokatzeko orduan legea urratu zela. Horren alde egin du diputatuen gehiengo handiak. Iaz, 49 pertsona hil zituen Frantziako Poliziak, eta aurten dagoeneko 22 hildako zenbatuta dira.
Arma erabiliko lukeen jendarmeari edo poliziari zilegizko defentsa presuntzioa bideratuko zaio Frantziako Estatuan. Horren alde egin du diputatuen gehiengo handiak uztailaren 7 honetan: 313 alde agertu dira, 199 kontra eta 5 abstenitu dira. Hori horrela, 2007az geroztik eskuin muturraren programan zegoen neurriaren alde egin du diputatuen gehiengoak, Macronen aldekoek, zentristek eta eskuindarrek ere alde bozkaturik.
Hori horrela, biktimak frogatu beharko du poliziak edo jendarmeak legea urratu duela tirokatzeko orduan. Frogatu beharra aldez aldatu du legeak, eta hori "biktimen kaltera" doala deitoratu du Eskubideen Defendatzailea izeneko autoritate independenteak. Iaz, 49 pertsona hil zituen Frantziako Poliziak, eta aurten dagoeneko 22 hildako zenbatuta dira.
Kontra bozkatu dute, aldiz, ezkerreko alderdi guztiek, deitoraturik Poliziari "hiltzeko baimena" bideratzen diola legeak. "Errepublikaren porrota" salatu du Pouria Amirshahi diputatu ekologistak, eta oro har, giza eskubideen aldetik atzerapen arriskutsua ikusten du ezkerrak. Tonu berean, gogorki kritikatu dute bozketa Legebiltzarraren kanpoaldean zein barnealdean elkartuta zeuden herritarrek eta elkarteek –Amnesty international, Giza Eskubideen Liga eta beste–. Legebiltzarrean egon dira, hain justu, Poliziak hildako batzuen senideak, horien artean Assa traoré –2017an ARGIAk elkarrizketaturikoa, hain justu 2016an gertaturiko hilketa horren harira–. Oihuka eta txistuka plazaratu dute beraien ezinegona.
Legea deusestatzea galdetzen duen eskaera bat martxan da eta dagoeneko 398.500 izenpedura baino gehiago lortu ditu. 500.000 izenpeduren langa gaindituz gero, Legebiltzarreko zein Senatuko presidenteen batzarrak erabaki dezake testuari buruzko eztabaida publikoa abiatzea.
Ikusirik ezkerrak dozenaka emendakin zituela aurkezturik, gogorki jokatu du gobernuak, Kontsituzioko 44,2 artikulua aktibatuz: komisioan aurkeztu gabeko emendakinen eztabaida eta bozketa bazterturik, zuzenean bozkatu dute. "Hori da faxismoa boterean izatea", ezker muturreko Louis Boyard diputatuaren hitzetan.
Eskuineko Éric Pauget diputatua dago legearen oinarrian, eta dioenaz, "doktrina-iraultza abiaraztea" izan du xede, "armen erabilpen legitimoa birdefinitzeko". Jadanik 2017an lege batek zabaldu zituen armaren erabiltzeko aukera legalak.
Diputatuek alde eginik, senatarien aldi izanen da orain bozkatzea. Eskuina nagusi izanda Senatuan, legeak aitzina egitea aurreikusten da.