argia.eus
INPRIMATU
Ziabelarraren gaztak
  • Gustukoa da sasoi honetan heltzen ari den ardi-gazta. Neguan eta udaberrian beheko lurretan egin dena. Geroxeago dastatuko ditugu goiko mendietara igo direnean egingo dituzten azken gazta apurrak. Horiek nabarmena izango dute belar berriaren ahogozoa. Izan ere, hain garrantzitsua al da belarra? Artzainari aipatzen badiozu, harrigarrizko garrantzia duela sinetsiko duzu. Nire iritziz, larreko bazka da bateko eta besteko gazten arteko aldearen eragile nabarmenena. Jakina, larreetan bazkatzen diren ardietaz ari gara, ez kartzeletan irauten dutenetaz.

Jakoba Errekondo 2021eko uztailaren 08a

Ederra litzateke jakitea gure lurretan bazkatzen diren ardiek zein belar eta landare dituzten gustukoen. Hor ere gure artean bezalaxe denetatik izango da noski, baina, elikadura erabat kulturala denez, hau da, taldean ikasi eta odolarekin jaraunsten dena, lekuan-lekuan landareak batzuk gogora eta bestetzuk desgogora izango dituzte.  

Ez dakit ziabelarrak (Galium spp.) zein taldetan sailkatuta dituzten ardiek. Gure etxeko sailetan bi izaten dira: ziabelar latza (Galium aparine) eta ziabelar horia (Galium verum). Galium izena grekoko gala, esnea, hitzetik dator. Ziabelar horia esnea gatzatzeko erabiltzen da; ziabelar ere hortik etor daiteke, esnea zihotzetik, baina baita landare osoa ziz betea delako ere. Verum abizenak benetakoa, genero horretako adierazlea dela esan nahi du. Ziabelar latzaren aparine abizena grekozko bere izena da, guk maita-belar ere esaten diogun horrena. Horrek loretxo zuriak ditu. Ziabelar horiak lore horiak ditu, bere ahizpak baino multzo handiago eta deigarriagotan bilduak. Euliak eta kakalardotxoak nahi ditu gainean, polinizaziorako. Eta euliak erakartzeko zer usain sortuko dute loreek? Ba pixa usaina.

Sendabelar ezaguna da. Batez ere bi erabilera nagusi ditu: azaleko zauri, urratu eta ebakiak orbaintzeko eta digestioari laguntzeko. Azken horretan bereziki gernu-aparatuko gaixotasun, giltzurrunetako harri eta zistitisaren tratamenduan. Pixa usainak guri ere zerbait esan nahi ote digu? Landare horrekin erotuxe idatzi ote zuen Franz Kafkak Metamorfosia? Dioskoridesek duela 21 mende idatzita utzi zuen Gai medikoaz sonatua, eta horko IV. liburukiko 97. kapituluan dioenez, “bere sustraiak genitalen indarra sustatzen du”.

Izen asko du gurean ziabelar horiak: gatzagi-belar, legar-belar, etxeko-alaba-belar, lapa txikia eta gatzagi-esne. Nire ustez, etxeko alabarena ziabelar latzaren izena da, maita-belarrarena; lapa txikia txakur-mihiarena (Cynoglossum cheirifolium) eta “gatzagi-esnea” asmakizun bat, gazta gazteleraz edo frantsesez jaten zuen baten asmakizuna, hizkuntza horietan cuajaleches eta caille-lait esaten baitzaio. Gatzagi-belarra bai, baina gatzagi-esnea esnea izango da, ezta?

Gatzagitarako bere lorea erabiltzea proposatzen diot gaztagile edo gatzatugileren bati. Toskana guztian zuen erabilera ezaguna da, eta Chester konderriko kolonoek erabiltzen zuten; hura zuten bere gaztaren maila gorenaren erantzule.  

Lur azido-azidoak ez ditu gustuko, pH altukoak nahiago. Beraz, lurraren ezaugarri horren adierazlea da. Belarra bada ere, lurpean erraboilatxoa du, eta urtero berritzen da. Maiatz eta irail artean ikusiko dituzu bere lore deigarriak. Oraintxe. Goazen berarekin esne marmitara.