argia.eus
INPRIMATU
Zestoako gaztetxea husteko agindua eman du epaileak
  • Eraikinetik ateratzeko agindua eman diete Zestoako Gazte Asanbladako kideei, eta prozesuaren gastuak ordaintzera zigortu dituzte. Gaztetxearen defentsan mobilizatzera deitu dute igandean, otsailak 4, Zestoako plazatik.

     

Izaro Villarreal Lauroba 2024ko urtarrilaren 30a
Astelehen goizean Urola Erdiko hainbat gaztek Zestoako Gaztetxearen defentsan eginiko agerraldia. // Argazkia: Gedar

Iritsi berri da Zestoako Gaztetxearen aurkako epaiketaren harira Azpeitiko epaitegiak emandako ebazpena: Gaztetxea husteko agindua eman du epaileak, eta 70.000 eurotik gorakoak izan daitezke gazteei ordainarazten dizkieten isunak. Hala adierazi dute Urola Erdiko hainbat gaztek astelehenean Gipuzkoako Gotzaindegiaren aurrean egindako agerraldian: beren borondatez atera ezean, eraikina desjabetzeko prozesua abiaraziko baitu epaitegiak. Sententzia gaitzetsi du Zestoako Gazte Asanbladak eta protesta modura, gaztetxearen aldeko borrokan jarraitzeko mobilizatzera deitu dute: igandean, otsailaren 4an, eguerdiko 12:30ean abiatuko da Zestoako plaza nagusitik.

Iazko otsailean zabaldu zituen ateak Zestoako gaztetxe berriak, bi urte luzez gaztetxe zaharretik zentrora lekualdatzeko prozesua prestatzen igaro ostean. Hala okupatu zuen Gazte Asanbladak Zestoako Elizondo eraikina zena. Okupazioaren berri izatean, ordea, salaketa jarri zuen Gipuzkoako Gotzaindegiak. Elizaren jabetzakoa da hustu nahi duten eraikina.

Apostasia

Hori dela eta, azken asteotan kanpaina bat izan dute martxan Langile Kontrolpeko Espazioen Defentsa Komunitatearekin batera, eta apostasia kolektiboa bultzatu dute: Gipuzkoan soilik 700 apostasia eskaeratik gora bildu dituzte eta astelehenean saiatu dira eskaera horiek Gipuzkoako Gotzaindegian eskura ematen. Baina, oraingoz, elizak ez ditu eskaera horiek jaso eta onartu, Ertzaintzak gotzaindegiko sarrerak itxita mantendu baititu.

Elizak izandako jarrera salatu dute agerraldian: “Lan desinteresatuan, kontzientziazio politikoan eta ardurak hartzean antolatzen ari diren gazteen aurkako mendekua ezartzen ari da”. Elizaren asmo nagusia “gazteen antolakuntza kolpatzea eta isunez itotzea” dela adierazi dute.