Zestoa eta Urepele arteko ibilbidea jasotzen duen webgunea aurkeztu dute

  • Zestoa (Gipuzkoa) eta Urepele (Behe Nafarroa) arteko senidetze proiektuaren baitan aurreikusitako bost helburuetatik azkena aurkeztu dute gaur goizean: bi herriak oinez lotzen dituen ibilbidea jasotzen duen zestoaurepele.eus webgunea. Aurkezpenean izan dira Mikel Arregi Zestoako alkatea, Mikel Irure Agiro Mendi Klubeko ordezkaria eta CodeSyntax enpresako bi kide.

Danbolin
Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2026ko apirilaren 24an - 07:00
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

“Xalbapide” izena jarri dioten ibilbideak bi noranzkotan egiteko aukera ematen du, eta bi aldaera ditu: “Uztapide bidea” eta “Xalbador bidea”.

Uztapide bidea da ibilbide nagusia: bost etapatan banatutako 120 kilometroko ibilbidea, herriz herri doana eta, oro har, erosoagoa. Etapak Andoain, Goizueta, Labaien, Artesiagako lepoa eta Urepelen amaitzen dira, eta horrek atseden eta hornidura aukerak errazten ditu.

Xalbador bidea, berriz, mendizale esperientziadunagoentzat proposatu dute: lau etapatan 113 kilometro egiten ditu, eta bide nagusitik aldenduta, Ernio azpitik Tolosarantz egiten du, Belate inguruan berriz elkartzeko. Ibilbide honetan, Leaburu eta Gaztelu atzean utzi ondoren, ez da herririk zeharkatzen Urepeleraino; horregatik, antolatzaileek ohartarazi dute ondo hornituta eta lo egiteko ekipamenduarekin joatea komeni dela. Arregiren esanetan, “abenturazaleentzako” ibilbidea da hau.

Webgunea CodeSyntax enpresak aurretik garatutako beste proiektu baten oinarrian egin dute, eta horrek lanak erraztu dituela azaldu dute. Gainera, OpenStreetMap teknologia librea baliatu dute, euskarazko kartografia lehenetsita. Ibilbideen trakak, bestalde, GPX formatuan deskargatzeko moduan jarri dituzte, gailu eta aplikazio bateragarrietara eramateko prest.

Alkateak azaldu duenez, webgunea ez da ibilbideen informaziora mugatuko: senidetzearen inguruko albisteak eta egitasmoak biltzeko atari gisa ere erabiliko dute.

Senidetzearen ibilbidea

Zestoa eta Urepele arteko senidetze proiektua 2023an jarri zen abian, mugaz gaindiko egitasmo bat aurkeztu eta dirulaguntza lortu ondoren. Senidetzea izan zen lehen pausoa, eta ordutik hainbat ekimen garatu dituzte bi herriek elkarlanean.

Testuinguru horretan, Pako Aristiren eskutik “Xalbador eta Uztapide. Bi adiskide mugaz gaindi” liburua argitaratu zen. Horrez gain, “Zestoa eguna” Urepelen eta “Urepele eguna” Zestoan ospatu dituzte, eta lehen sektoreari lotutako topaketak ere egin dira, laborantza proiektuen arteko ezagutza eta esperientzia trukatzeko.

Bestalde, Agiro Mendi Taldeak hainbat irteera antolatu ditu azken hilabeteetan, gaur aurkeztu duten ibilbidea osatzeko eta probatzeko.

Etorkizunari begira

Senidetze proiektuak aurrera jarraituko du, bi herrien arteko harremanak sendotzen. Agiro Mendi Taldeak adierazi du etorkizunean ibilbideko etapak egiteko deialdi gehiago egingo dituela.

Halaber, datozen hilabeteetan Urepeleko haurrak Zestoako Herri Eskolara etortzea aurreikusten dute egonaldi batean, bi herrien arteko loturak belaunaldi berrien artean ere indartzeko helburuarekin.


Euskal Herria kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...