Barakaldon (Bizkaia) jaioa 1968an, larunbat goizean Gatikan (Bizkaia) bizikleta istripua izan zuen, larri zauritu zen eta Gurutzetako ospitaleko zainketa intentsiboetako unitatean izan da, asteartean hil den arte 58 urterekin, lagun eta senitartekoez inguratuta. Zesar Martinez EHUko Soziologia irakaslea eta Joxemi Zumalabe Fundazioko ekintzailea izan da, eta bere bizitzaren parte handi bat eman du gizartea eraldatzeko lanean ari diren herritarrei eta mugimenduei laguntzera.
Martinezen ibilbidea luzea eta oparoa izan da. Joxemi Zumalabeko kidea izan da, bai 18/98 epaiketaren aurretik, baita ondoren ere; Sareko kidea zen baita Larrabetzuko Gurpide elkartekoa ere.
EHUko Soziologia eta Gizarte Langintzako Departamentuko kidea izan da, eta Parte Hartuz ikerketa taldekoa. Partaidetza eta Komunitate Garapeneko Masterreko batzorde pedagogikoko kidea ere bazen, eta Bilboko San Frantzisko auzoko Telefonikako proiektuan parte hartzen zuen.
Bere ingurukoek adierazi dutenez, pertsona konprometitua eta hurbila, herri mugimenduen borrokarekin erabat lotua bizi izan da. Hamaika proiektu komunitariotan jardun izan du bere bizitza osoan, talde begirada, elkarlaneko dinamikak eta prozesu kolektiboen zaintza erdigunean jarriz.
Bere pentsaera ongi biltzen duen artikulu bat irakurgai jarraian, Jakin aldizkarian idatzitakoa: Botere politikoa eta herri ekimena indartzeko prozesuak.
Bi seme zituen: Amets eta Markel. Azpian bera agertzen den zenbait argazki, Joxemi Zumalabe Fundazioaren eskutik.