argia.eus
INPRIMATU
Zertzelada batzuk Libanori buruz
Imanol Satrustegi Andrés 2024ko urriaren 30
Heliopolis zaharreko Bacoren tenplua, Baalbeken. Jerzy Strzelecki / Wikimedia GFDL

Hezbollah jokoz kanpo uzteko aitzakiapean, Israelek Libanori eraso dio. Horren ondorioz, Ekialde Hurbileko Suitza txikia foku mediatikoan kokatu da, baina herrialde ezezaguna da oraindik. Antzinaroan, Feniziarren zibilizazio garrantzitsuaren sorburua izan zen, eta baita kristautasunarena ere. Mendeetan zehar, halaber, inperio eta kultura askoren gurutze-bide izan zen: Babilonia, Pertsia, Grezia, Erroma eta otomandarrak.

Lehen Mundu Gerraz geroztik, Erresuma Batuak eta Frantziak Ekialde Hurbilaren gaineko aginte koloniala ezarri zuten Sykes-Picot Hitzarmenean. Bereganatutako lurraldeak bi mandatutan bereizi zituzten frantsesek: gehiengo musulmana zuten lurraldeetan Siriako mandatua; eta gehiengo kristaua zegoen lurraldeetan, Libanoko mandatua. Hori da Libano garaikidearen jatorria.

Biztanle gehienak arabiarrak diren arren, historikoki oreka etniko eta erlijioso zaila izan du Libanok. Ondorioz, independentzia lortu zutenetik (1943), Gobernuko karguak banatzeko araua dute: Errepublikako Presidentea beti kristau maronita bat izan behar da, Lehen Ministroa musulman sunita eta Legebiltzarreko presidentea musulman xiita. Guztira 18 talde etniko-erlijioso dago herrialdean, besteak beste, kristautasunaren hainbat adar, musulman sunitak eta xiitak, drusoak eta Turkiatik kanporatu zituztenetik (1915-23), baita armeniarrak ere.

Israelen sorrerak Libanoren oreka hauskorra hankaz gora jarri zuen. Palestinako errefuxiatu kanpamenduek eta erresistentziaren atzeguardia bilakatu izanak fakzio ezberdinen arteko liskarrak hauspotu zituen. Alde batetik, kristauen gehiengoak eta eskuineko alderdiek palestinarrak kanporatu nahi zituzten, Israelen laguntzarekin; bestetik, musulmanek, ezkerreko alderdiek eta nazionalista panarabiarrek erresistentziari babes eman nahi izan zioten. Gerra zibil luze hartan (1975-1990) Israelek eta Siriak zuzenean esku-hartu zuten.

Egun, bi koalizio politiko dira herrialdeko garrantzitsuenak: Martxoaren 8ko Aliantza (antisionista, Siriaren eta Iranen babesa daukana) eta Martxoaren 14ko Aliantza (Israelen eta Saudi Arabiaren babesa daukana). Baina bi aliantza horiek ez diote gerra zibilaren garaiko bando ezberdinen logikari jarraitzen, izan ere, azken urteetako gertakariek lotura zaharrak bertan behera utzi dituzte. Kristauetako askok azken urteetan Martxoaren 8ko Aliantzaren alde egin du, historikoki Mendebaldearen eta Israelen aldeko jarrera izan duten arren. Izan ere, ohartu dira Israel Libanoko kristauentzako babesa baino mehatxua izan daitekeela; azken hamarkadatan sionistek Libano lau aldiz inbaditu baitute (1978, 1982, 2006 eta 2024), eta gainera, Siriako Gerra Zibilean babesa eman zieten kristauak sarraskitzen zituzten islamistei.

Libanoko ondare arkeologikoa bere historia aberatsaren testigu da, esaterako, Unescok babesturik dauden Baalbekeko eta Tiroko aztarnategiak. Azken asteetako bonbardaketek, ordea, arriskuan jarri dituzte. Baina giza-bizien galera larrien aldean, hori gutxienekoa da.