argia.eus
INPRIMATU
Zertaz ari gara laikotasuna aldarrikatzen dugunean?

Arantza Lekuona Laikotasuna Kolektiboa 2022ko abenduaren 05a

Laikotasuna estatuaren eta erlijioen arteko bereizketa aldarrikatzen duen teoria politikoa da. Laburra eta erraza ulertzen, salbu aipatu diren bi erakundeentzat. Horiek badirudi ez dutela konprenitzen, askotan errepikatu arren.

Joera hau (ez ulertzearena) oso hedatuta dago mundu zabaleko gobernuetan, baina mundu zabala oso zabala denez, guk Europako txoko honetaz jardungo dugu.

Hauek dira Laikotasuna Kolektiboaren erreibindikazioak labur-labur kontatuta:

1- Erlijioa eskoletatik at, bereziki eskola publikotik. Irakasleen jarrera etikoa zalantzan jartzen duen “eta nork irakatsiko die etika ikasleei?” galdearen erantzuna da “gu guztiok”. Ez irakasleak soilik, gizarte osoa da bere gazteen balio etikoen erantzule. Metafisika klaseak ematea filosofiako irakasleen lana da; morala eta mistika, ordea, sakristia, medersa, sinagoga eta abarretan irakatsi behar da, ez eskolan. Ez gaude batere ados bitartean erlijio gehiago sartu behar direla diotenekin. Ateratzea da gaia, ez sartzea; hain zaila al da ulertzen?

2- Elizaren mantenua. Eliza bakoitzak bere burua mantendu behar du. Espainiako Estatuan zerga aitorpenean bi laukitxo daudela denok dakigu, baina horietako bat eliza katolikoari denon artean bete dugun kutxatik dirua emateko da. Behin baino gehiagotan azaldu dugu Caritasi dirua eman nahi dutenek beste laukitxoa markatu behar dutela. Eta ondasun arkitektonikoa mantendu nahi dutenek ez bata eta ez bestea, horretaz “Patrimonio Nacional” arduratzen baita. Aurreko kasuan bezala, badira uste dutenak batzuei ematen bazaie besteei ere eman behar zaiela, eta berriro ere ez gaude ados. Denon artean bete dugun kutxatik gero eta sos gehiago ateratzen badugu, azkenean estatuak ez du dirurik izango guztiok behar ditugun zerbitzuetarako (adibidez, hezkuntza, osasunbideak, errepideak...) eta hauek kaxkarragoak izango dira. Pribatizatuta amaituko dute.

3- Agintari zibilek urtean behin mezetara joateko duten joera. Gu demokratak gara eta ez diegu inolaz ere alkateei beren buruaren izenean mezara joan eta nahi adina hezur musukatzeko eskubidea ukatzen, ezta gutxiagorik ere! Gustatzen ez zaiguna da aginte zibila elizaren aurrean belaunikatzea, eta gutxiago bere burua zuritzea esanez gu guztion izenean egiten dutela. Edozein santuren hezurren bati muin eman nahi diodanean, neuk egingo dut tartekorik gabe.

4- Ez zaigu gustatzen apezpiku batzarreko ordezkariaren hitz egiteko modua prentsaurrekotan. Aurreko puntuan bezala, oso ondo iruditzen zaigu guzti-guztiek beren iritzi apala ematea, abortuari, sexu bereko pertsonen arteko ezkontzari eta nahi duten guztiari buruz, baita kalera ateratzea “manifetara” ere, baina ez hitz egitea bataiatu guztien izenean (izendatuak zarete, inork ez zaituzte bozkatu) ezta ere tonu mehatxagarrian: “Ezabatu legea, ez zaigulako gustatzen; aldatu beste hori ez gaudelako ados… edo…”. Edo? Zer? Arma kontrabandoa babestuko duzue 1936ean bezala?

Bada beste puntu bat azken urteetan Espainiako Estatuan, Euskal Herrian eta Frantziako Estatuan harriduraren harriduraz entzuten ari garena: “Ni laikoa naiz, baina ez laikotasunaren aldekoa, baizik eta laizitatearena”. Hiztegian begiratu dugu, Euskaltzaindiak laizitate hitza ez dauka jasota, DRAEk bai, biak daude, eta definizioa oso antzekoa da (1). Beraz, horrelakoak esaten dituztenei galdetu izan diegu zertaz ari diren: “Bereizketaren alde nago baina uste dut eliza katolikoak abantailak merezi dituela, azken finean europar kultura kristaua da”. Aho zabalik uzten gaituzte Estatuak eliza mantentzeak eta erlijioko klaseen alde dagoen laikoek, baina, era berean, zalantza sorta ederra sortzen digu: Europar kultura kristaua bada, Euskal Herriko mairu baratzeak zer, ez dira kultura ala europarrak? Eta Granadako Alhambra? Stephen Hawking-en liburuak? Sergei Eisenstein-en filmak? Eta horrela zerrenda luze bat. Ai, ene!! Zalantzak eta zalantzak.

Espero dugu laikotasuna zer den eta zer eskatzen dugun garbi utzi izana.

“Jesus-el-rico” irudiak epaile batek zigortutako preso bat askatzeko duen eskubideaz beste batean jardungo dugu.

(1) Laicismo: Independencia del individuo o de la sociedad, y más particularmente del Estado, respecto de cualquier organización o confesión religiosa. Laicidad: Principio que establece la separación entre la sociedad civil y la sociedad religiosa.

Arantza Lekuona, Laikotasuna Kolektiboa