Litekeena da etxeko bezeria, fedetsuena batik bat, asetzeko baliagarri izatea. Apustu egiten dut, ordea, ageriko xederako –Txinan espioiak errekrutatzeko– ez duela tutik ere balioko: Estatu Batuen bisa-politikak satanizatzen duen gizatalde bati laguntza eskatzea ez da oso zuhurra, nik uste. Are gehiago, tolesgaberen batek bere horretan hartuko balu mezua, bere buruari harria ezartzen arituko litzateke, espioitzaren lehen manamendua den isilpekotasunari trufa egiten diolako deialdiak.
Gainera, nazioarteko harremanen ikuspegitik, probokazio hutsa da, beste aldeak, Txinak, erasotzat hartuko duena, eta harremanak pozoitu besterik egingo ez dituena. Baina ez da lehendabizikoa. Ezta argiena ere: izan dira gardenagoak aspaldi gabe. Txinarekiko erasokortasunak salmenta ona du Estatu Batuetan, batez ere autoestimua gizen eta informazioa mehe dutenen artean.
Baina, horrexegatik, informazioa bederen inork baino eskurago eduki behar lukeenak egina delako, da deigarria minutu pasatxoko bideo labur hori: txineraz, arestian herrialde hartako aginte militarraren gorenean izandako eraispenak asalduraz bizi ditzaketen bertako uniformedunei eskatzen die CIAk... traizio egin eta AEBei informazioa helaraz diezaietela.
Lanbidean hamarkadak daramatzaten profesionalei, ziur, kopeta zimurtu araziko zien errekrutamendu-sistema bitxi horrek. Baina Mendebaldeko hedabide batzuetan nolako orkestrazioa aurkitu duen ikusita, susmatu behar da benetako helburua gehiago izan behar duela “gerra kognitiboaren” alorrekoa (aurkariaren baitan mesfidantza-, susmo-giroa ereitea, adibidez), ekarpen baliagarriak egin ditzakeen inoren defekzioa lortzea baino. Bigarren horretarako, askoz lan doituagoa egin behar delako.
Zalantzagarria da, ordea, giro-ereintzako helburu horretarako ere oso baliagarria ote den. 2023ko udaberriaz geroztik Txinako armadaren atal funtsezkoak (Batzorde Militar Zentrala bera, komisario politikoen egitura, Misilen Armada, eta Hego eta Ekialdeko Teatroetako goi-agintaritzak) astindu dituen krisiaz, CIAk, jakin, guk bezalatsu dakiela ematen du. Baina krisiak agerian utzi dituen arrakalak (20. Kongresuan eratutako BMZaren erabateko porrota, komisario politikoen egituraren antzutasuna, “izar berrien” fidagarritasun eskasa) jorratu eta azpimarratu ordez, “Xiren psikologia” bereganatzailearen esplikabide ezin merkeagoan tematzen da bideotxoa.
Gaia bertatik bertara ezagutzen duten uniformedun txinatarren irribarre pikaroa piztuko duela iruditzen zait. Eta Txinako agintearen erantzunaren lehortasunak berak adieraziko luke ez diotela hausporik eman nahi Trump eta Xiren arteko bilkura lantzen aritu behar duten honetan. Aipamenik ere ez diote egin hango hedabide ofizialek eta kidetuek.
CIAk izenburuan daraman “inteligentzia” hori non galtzen ote den galdetu beharko da, beharbada.