Euskara azterketetako emaitzak berrikusi eta gero, “zerotik gertuko notetan” geratu dira ikasleak

  • Selektibitateko azterketetan egindako berrikusketen emaitzak jakinarazi ditu EHUk. Euskara eta Literatura II ikasgaiko azterketan zero atera zutenek ez dute alde handirik atera bigarren zuzenketan, nahiz eta 76tik 11ra jaitsi diren zero atera dutenak. EHUko errektore Joxerramon Bengoetxeak berrikuspen prozesuak “normaltasun osoz” funtzionatu duela adierazi du, eta gogoratu du hautaproba berrietan ortografia akatsak kontuan hartu dituztela.

Joxerramon Bengoetxea, EHUko errektoreak prentsaurrekoa eskaini du ekainaren 22an. Nuria González / EHU

2026ko ekainaren 22an - 15:51
Azken eguneraketa: 2026-06-29 17:52
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Unibertsitatera sartzeko proban (USAP) Euskara eta Literatura II ikasgaiko azterketak hautsak harrotu zituen Bilbon. Izan ere, A ereduko Bilboko itunpeko bortz ikastetxetako 60 bat ikaslek emaitza kaskarrak eskuratu zituzten; horietako anitzek 0 eta 2 arteko nota atera zuten. 

Azterketa zuzentzeko orduan akats teknikoren bat egon zitekeela iradokita, ikasle horiek protestak egin zituzten, eta azterketa gainbegiratzeko eskaera egin zuten. EHUk argitu zuen, ez zegoela akats teknikorik, eta zehaztu zuen hautaproba berrietan ortografia akatsak kontuan hartu dituztela. Ikasle askok azterketak berrikustea eskatu zuten eta ekainaren 22an eman dira bigarren zuzenketaren emaitzak. Euskara eta Literatura II irakasgaian kexa gehien jaso dituen tribunalean 76tik 11ra jaitsi dira zero kalifikazioa atera zutenak. EHUk prentsaurrekoan adierazi duenez, kasu gehienetan “kalifikazioak ez dira nabarmen igo, eta zerotik gertuko notetan geratu dira”. Beraz, “kalifikazioen banaketa orokorrak ez du ia aldaketa esanguratsurik izan”, gehitu du Bengoetxeak.

Errektoreak ebaluazio- eta berrikuspen-sistema defendatu du, esanez “legez ezarritako berme guztiak dituela eta normaltasunez” funtzionatu duela aurtengo deialdian. Ohartarazi du kalifikazioek ebaluazio irizpideei eta legez ezarritako prozedurei erantzun behar dietela, eta ez “presio sozial, mediatiko edo politikoei”.

2026ko deialdian 4.223 ikaslek eskatu dute berrikusketa eta guztira 8.127 azterketa berrikusi dituzte. Euskara eta Literatura II izan da berrikusketa eskari gehien izan dituen ikasgaia (1.778), Lengua y Literatura IIn 1.193 eskari eta Ingelesean 1.137. Berrikusketa guztien %59,63an nota mantendu egin da, %34an igo egin da, eta %5,5ean jaitsi.

Bengoetxeak defendatu du “hezkuntza profesionalen parte-hartze zabal eta askotarikoak independentzia, objektibotasuna eta oreka berme gehigarriak” ematen dizkiola zuzenketa prozesuari. Horren erakusle, hainbat datu eman du. Parte hartu duten 848 zuzentzaileen %60,25 ez dira EHUko kideak, Batxilergoko ikastetxeetako irakasleak baizik. Euskara eta Literatura II irakasgaian Batxilergoko irakasleen ehunekoa handiagoa izan da: %76,4, gainerakoak EHUko irakasleak ziren.

 


Utzi erantzuna

Iruzkinik ez

Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Euskara kanalean gehiago
2026ko uztailaren 15
Zeroak II

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...