Aurtengo selektibitateko (USaP) ezohiko azterketan, Filosofiaren Historia probak protagonista nagusia izan du: Simone de Beauvoir. Haren Bigarren Sexua lanaren pasarte bat izan da azterketaren ardatza, eta ikasleek haren pentsamendua garatu behar izan dute. Emakume filosofo bat abiapuntu nagusi gisa hartzea, berez, albiste pozgarria da –batez ere, Batxilergoan filosofia gizonezkoen esanen bidez ikasi genuenontzat–. Hala ere, azterketen zurrunbiloak oharkabean pasa daitekeen keinu bat utzi du agerian: ikasle askok Simone idatzi dute, Simone de Beauvoir edo Beauvoir jarri beharrean. Eta ez da kasu bakarra; antzeko zerbait gertatzen da Hannah (Arendt), Mary (Wollstonecraft) edo Judith (Butler) aipatzean. Izen soila, lagunartekoa, konfiantzazkoa. Akats linguistiko soil bat dirudi, baina izendatzeko modu horrek sintoma sakon bat ezkutatzen du.
Konpara dezagun gizonekin. Inork ez dio Immanuel esaten Kanti, ezta René ere Descartes aipatzean. Friedrich solte ikusiko bagenu azterketa batean, desegokitzat joko genuke, ziur aski. Gizonezko filosofoen deitura erabiltzen da, urruntasun akademikoaren marka gisa. Emakumeei, berriz, izen propioz deitzen diegu, etxekotzeko eta hurbiltzeko ariketa sotil batean. Baina arinkeria horrek ez die ideiei mesederik egiten.
Inork ez dio ‘Immanuel’ esaten Kanti. Gizonezko filosofoen deitura erabiltzen da, urruntasun akademikoaren marka gisa. Emakumeei, berriz, izen propioz deitzen diegu, etxekotzeko eta hurbiltzeko ariketa sotil batean
Deitura ez da etiketa hutsa. Objektibotasun intelektuala adierazten du, distantzia kritikoa ezartzen du, eta pentsalaria tradizio baten barruan kokatzen du. Beauvoir idaztean, fenomenologia existentzialistaren eta feminismoaren arteko zubia aitortzen dugu. Arendt esatean, totalitarismoaren analisiaren eta ekintza politikoaren arteko lotura dakargu gogora. Wollstonecraft aipatzeak emakumeen eskubideen aldeko lehen aldarrikapen filosofikoa ekartzen du mahai gainera. Baina Simone soilak irudi lauso eta afektibo bat uzten du, ia pertsonaiarena, edukirik gabea. Eta arriskua hor dago: izena ikur bihurtzen da, markatzaile huts, eta pentsamendua desagertu egiten da.
Hezkuntzak badu erantzukizunik. Curriculumak sarritan aurkezten ditu emakume filosofoak koadro bereizietan, biografia-laburpenekin: Simone de Beauvoir: emakume aske baten bizitza. Ondoren, ikasleak, presak bultzatuta, errazenera jotzen du: izena jarri, testuan sakondu gabe. Eta irakasleak, pozik, ontzat ematen du aipamena, nahiz eta ikasleak ez duen Bigarren Sexua liburuko pasarterik irakurri. Simone idaztea nahikoa da curriculum-zerrendan marka bat jartzeko? Filosofia ez datza aipamenen pilaketan; autoreekin pentsatzea da. Eta izen txikiak ez du laguntzen pentsamendu horretan. Baliteke ez egotea intentzio txarrik, baina kaltea erreala da.
Noski, selektibitatea ez da arazoa konpontzeko gune bakarra, baina bai ohartaraztekoa. Ikasleari dei diezaiokegu, azterketa ariketa hutsean erori gabe, galdetzera: "Zergatik ari naiz Simone idazten, eta ez Beauvoir?". Hori da filosofiak eskatzen duena: kontzeptuak aletzeaz gain, kontzeptuekiko dugun harremana ere zalantzan jartzea. Izendatzeko ahalmena ez da inoiz neutroa. Eta beharbada, deitura osoa idazten dugunean, ez dugu Simone de Beauvoir soilik errespetatuko, baizik eta filosofia bera ere bai.
Laida Arbizu Agirre
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.