Zergatik joan gorago?


2026ko urtarrilaren 29an - 08:52
Jone Albeniz/Argia CC-BY-SA
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Ajou! + Ateri + Berandu Baino Lehen
Non: Kartzela Zaharrean, Bergaran (Gipuzkoa).
Noiz: urtarrilaren 16an.

-------------------------------

Badakizu opari bat jaso aurreko sorpresa-ziurgabetasun-ilusio-espekulazio sentsazio hori? Sentsazio horrek indar handia du; kotxea hartu eta Bergarara kilometro batzuk egiteko nahikoa behintzat bai. Izan ere, Oztoporik Ez! kolektiboak prest duen oparietako bat Ateri taldea da; oparia diot taldearen izena jakin bai, baina zer entzun edo ikusiko dugun ideia handirik gabe goazelako. Inori entzun diogu Euskal Herriko High Vis berriak direla, eta egiari zor, iazko ekainean Jimmy Jazz-en egon ez izanaren damua sendatzera goaz, ostiral arratsaldean, Debagoiena aldera. 

Ajou! iruindarrak hasi dira, estetika kaskamotz baina doinu poperoekin. Taldea 2024an sortu zen, Sustrai Berriak taldearen metamorfosi gisa. Biznagaren soinuak ipar, lau abestiko Maketa-rekin estreinatu ziren, tartean Amigas Intimas eta Nacho Vegasen bertsioekin. Zuzenekoan uztartu dituzte 2025eko uztailean kaleratutako euren bigarren lan Canto y Lloro EPko abestiak, Biznaga, Berri Txarrak eta Fiachrasen bertsioekin.

Ateriren txanda, eta aretoa dagoeneko lepo. Igo dira eszenatokira, etxekoak agurtzen, Casual kulturaren estetika zaindu horrekin: badakizu, kalera atera aurretik ispiluan begiratzen den langile klase britainiar hori, pertenentzia sentimendu ikaragarria mantentzen duena. Hori eskaini digu, besteak beste, talde debagoienarrak, deklarazio musikal, estetiko eta politikoarekin. Boskoteak ez du musikarik kaleratu, ez dago beraien Youtubeko bideo kutrerik ere. Baina Ateri ez da kutrea, eta lehen momentutik hasi dira zalantzak argitzen. Post-hardcore gisako erritmoak eta Etxekalte gogoratu didaten melodiak. Abeslariak mikroa Graham Sayle-k bezala heltzea ez da kasualitatea. Prestatu dute terrenoa, eta ordu erdi eskasaren ostean ateri zegoena zaparrada bihurtu da. High Vis-en No Sense No Feeling diskoko Altitude abestiarekin aretoa piztu dute. Hegan egin duen garagardo azpian saiatu gara silabak asmatzen ingeles primarioarekin, oholtzak markatzen duen taldekide eta publiko bereizketa lausotu bitartean. Jarrera. Ezin zaio gehiagorik ezta gutxiagorik ere eskatu halako bolo bati.

Poetikoki, azkenak, Berandu Baino Lehen. Musikaren doinua baino dirua nahiago bigarren lan luzea aurkezten dabil hirukote debagoiendarra. Diskan, punk rokanroleroa Oi! estiloaren bereizgarri diren ahots apurtu eta mezu zuzenak nahasten dituzte. Zuzenekoan, doinu horiek irakidura kolektiborako sukalde bihurtu dute Kartzela Zaharra, The Jam, MCD, 2 Minutos, eta gonbidatuak tarteko. Agerikoa da, beste behin, karaokeak katarsirako ere balio duela.

Hiru zuzeneko, hiru estilo eta hiru giro; gure punkaren (eta deribatuen) abanikoa osatu dute, eta munduan egoteko beste modu bat asmatzeko borondatea elkartu dute, Oztoporik Ez! kolektiboak autogestioa etxe bihurtzen duelako. Are, etxean opariak antolatzen dituelako, eta opari horien sorpresa-ziurgabetasun-ilusio-espekulazioak logika kapitalistatik babesteko bidea egitera ekarri gaituelako, nora, eta kartzela zahar batera. Itzulerako bidaian, beste behin, gogoratu dut opariaren barrukoak baino garrantzi handiagoa duela keinuaren indarrak.


Irakurri gehiago: Kontzertuak Kultura Musika
Eguneraketa berriak daude
Rojavan da euskal delegazio sozial bat eta ARGIA bertan da
Jarraitu webgune honetan nondik norakoak.
Kurdistango gatazka isilaraziaz bertatik bertara informatuko dugu egunotan, Lander Arbelaitz kazetariaren bitartez.