Isilduak eta ahaztuak: zergatik ez da (ustez) emakume filosoforik izan?

  • Errenteriako Emakumeen Etxean Marisa Hurtado filosofoak azalduko du emakume filosofoak zergatik izan diren isilduak historian zehar eta zergatik den garrantzitsua haien genealogia berreskuratzea. Emakumeen memoriaren inguruan antolatutako egitarau barruan eskainiko du hitzaldia, ostegun honetan.

Harriet Taylor (Londres, 1807 - Avignon, 1858), "Emakumeen esklabotza" liburua idatzi zuen, senarraren izenean sinaturik. Wikimedia Commons

2026ko urtarrilaren 15ean - 09:55
Azken eguneraketa: 12:57
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

"Zergatik ez da emakume filosoforik izan?", galdera hori izenburura eramanda ekingo dio hitzaldiari Marisa Hurtado filosofoak Errenteriako Emakumeen Etxean, ostegun honetan, urtarrileko egitarau barruan. Emakume filosofoen jatorrira egin, aurrekariak aztertu eta historia ofizialetik kanpo geratu diren pentsalari horien memoria aldarrikatu eta berreskuratuko du.

Hurtado filosofian lizentziatua da, eta unibertsitatean ikasi zuen garaian emakumerik apenas aipatzen zen klasean. Hala kontatu zuen Donostia Kultura Irratiko Ispilu Beltza podkastean egin zioten elkarrizketa batean: "Irakasleek bibliografia pasatzen zigutenean denak gizonezkoenak ziren. Geure buruari esaten genion hori izango zela, ez emakumeek gaitasunik ez dutelako, baizik eta ez zaielako aukerarik eman. Baina, hainbeste milaka urtetan ez da egon emakume filosoforik? Absurdoa zen". 

"Irakasleek bibliografia pasatzen zigutenean denak gizonezkoenak ziren. Geure buruari esaten genion hori izango zela, ez emakumeek gaitasunik ez dutelako, baizik eta ez zaielako aukerarik eman... Baina absurdoa zen"
(Marisa Hurtado)

Handik urte askotara Hurtadok kasualitatez aurkitu zuen Gilles Ménage idazle frantsesaren liburu bat, 1690ekoa: Historia mulierum philosopharum (Emakume filosofoen historia), zeinak Antzinaroko emakume askoren izenak dakartzan. Karreran ezagutu ez zuen mundu bat ireki zitzaion orduan, eta geroztik ari da emakume filosofoen geneaologia aztertzen eta dibulgatzen.

Bere esanetan, emakume filosoforik ez dugu ezagutzen sistema patriarkalak emakumeak erabat zapalduta zituelako. Adibidez, John Stuart Millek The Subjection of Women (Emakumeen esklabotza) liburuaren sarreran dio obraren zati handi bat bere emazte Harriet Taylorri zor diola: "Baina liburu barruan garbi geratzen da berak [Taylorrek] idatzi zuela osorik, naiz eta Millek sinatu". Hain zuzen, Mill eta Taylorren arteko erlazioaz hitz egin zigun Beatriz Rubiok Borroka, maitasun eta traizio istorioak podkastean.

Izenburuko galdera ez da zuzena, emakume filosofoak izan ziren, baina Hurtadoren ahotan "isilduta eta ahaztuta" genituen

Liburua 1869an argitaratu zen, eta garai haietan britainiar lege batek debekatu egiten zuen emakumeek hausnarketa gaiei buruzko lanak publikatzea: "XIX. mendean hori gertatzen bazen, pentsa Erdi Aroan zer izango zen, iluntasun ikaragarri horrekin eta erlijioa hain zorrotz hartzen zenean...", diosku Hurtadok. Baina ez da hain atzera joan beharrik, gogoratu besterik ez dago herenegun arte Kode Napolendarra indarrean egon zela frankismoan, emakumeak adin txikiko gisa tratatzen zituena...

Horregatik, izenburuko galdera ez da zuzena, emakume filosofoak izan ziren, baina Hurtadoren ahotan, "isilduta eta ahaztuta" genituen.


Historia kanalean gehiago
2026ko abuztuaren 4
Basauriko Hamaikak
Abortuaren jazarpena, epaitua

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...