Zientzia arloko ikasleei egokitu zaien Matematika azterketa frustrazio eta protesta iturri izan da Unibertsitatera Sartzeko Proban. Berau zuzentzen aritu den irakasle batekin hitz egin du ARGIAk eta gertatu dena ulertzeko hainbat gako eman dizkigu. Asteazken honetan jakinaraziko dituzte notak.
Bost ariketa izan ditu Matematika azterketak. Lehenengoa “flipatzekoa” iruditu zaio etsamina hori zuzentzen aritu den Ines Alonso Gasteizko Ekialdea institutuko Matematika irakasleari. Arazoa enuntziatua dela kontatu digu: luzea, korapilatsua eta ulergaitza, tartean Fisikako kontzeptuak uztartuta. Azaldu du ariketari testuingurua emateko erabili direla Fisika kontzeptuak, ez dagoela zertan kontzeptu horiek jakin ariketa egiteko, baina oso nahasgarri suertatu dela. “Onartzen dut irakurmena ere landu behar dutela ikasleek, ez dela soilik kalkulua egitea, baina kasu honetan ez da ezta konpetentziala, testua zuzenean ez da ulergarria, oso trinkoa da”. Probabilitateari lotuta eskatu den balio absolutua, adibidez, berak zuzendutako azterketetan inork ez du ongi jarri. Hain enuntziatu luzean, ikasleek ez dute harrapatu zer egin behar zuten, dio.
Gainerako ariketak “egokiak” ikusi ditu, ikasturtean zehar ikasi dutenaren bueltakoak, salbu eta bosgarren ariketa. Laugarren eta bosgarren ariketan, bakoitzean bina aukera zituzten ikasleek, eta bosgarrenean, ariketetako bat egokia ikusten duen arren, bestea oso zaila dela adierazi digu. “Oso gutxik hautatu du hori, baina hautatu dutenetatik inork ez du ongi egin”. Bi aukera izanik, baina, zergatik aukeratu dute zailena? Beharbada, iradoki du irakasleak, ikasle batzuek curriculumaren zati bat ez dutelako azterketarako prestatu (kasu honetan litzateke optimizazioa, horri lotutako ariketa baitzen bosgarren puntuan beste aukera), eta arriskatu egin dira.
“Nota altuak ez dira egongo, 8tik aurrera oso kasu gutxi egongo dira”
Orokorrean, ikusiak ikusita, ikasleak “nahiko ondo” aritu direla gehitu du Alonsok. “Nota altuak ez dira egongo, 8tik aurrera oso kasu gutxi egongo dira”, zehaztu duenez: “Baina nire epaimahaian behintzat gainditu gabeko kasuak ere ez”.
Gradu jakin batzuetan sartu ahal izateko nota oso altua behar zuten ikasle eta guraso batzuek salatu dute azterketa hau oztopo izango dela.
Azterketa prestatzeaz arduratzen den EHU unibertsitateari ere galdetu dio ARGIAk. Emaitzak atera arte ezin dutela baloraziorik egin erantzun dute. Asteazken honetan publikatuko dira emaitzak.
USAP proba eredu berriari buruz erreportajea argitaratu dugu duela gutxi ARGIAn: Unibertsitatera sartzeko proba berria prestatzeko, eduki asko eta denbora gutxi