Zer etor liteke Mekako Akordioaren ondotik?

AP

2026ko abuztuaren 11n - 09:43
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Ostiralean eta Mekan, sinbolismoz laburregi gera ez zedin edo, sinatu zen etorkizunean zeresan handia eman dezakeen –edo ez– akordio politiko-militar deigarria: elkar defendatzeko ituna Saudi Arabia, Turkia eta Pakistanen artean.

Ezin esango da ezustekoa dela: aldez aurretik, sinatzaileetako bik, Saudi Arabiak eta Pakistanek, adostua zuten, iazko irailean, Elkar Defendatzeko Itun Estrategikoa, eduki bertsuarekin. Bai, ordea, isilean umotu dutela akordioa; gaiaren sukoitasunak hala behartzen zuelako, ziurrenik.

Berehalako interpretazioak ez dira nolanahikoak izan, eta “NATO islamdarra” deitu diote jada batzuek hirukoteari. Hirurak suniak direla gehitu dute beste batzuek, ñabardura horrek albo-ohar batzuk beharko lituzkeen arren.

Oraingoz, NATOrekiko antzekotasun horrek ez du aparteko ika-mikarik sortu, Turkiako Kanpo-arazoetako ministroak berak luze eta zabal azaldu duen arren aliantza bien arteko kidetasuna. Eta, bidenabar, beretzat ezbairik gabekoa dirudien konpatibilitatea. Ez dakit horren argi ikusiko ote duten auzia gainerako NATOkideek.

Izan ere, Fidan ministroak dioen bezala, biek ala biek dute ardatz aliatuetako bati egindako erasoari itunkide guztiek erantzun beharra… Baina zer gertatzen da aliantza bien kide den Turkiarekin, erasoa gurutzatua balitz? Ez baita ahaztu behar NATOkide batekin, Greziarekin, gerran aritua dela Turkia. Une honetan Erdoganek Israelen aurka darabiltzan zemaiak hausnartzen ez hastearren.

Ziur samar esan liteke, edonola ere, Mekako Akordioak zartako handia, erabakigarria agian, ematen dietela Trump administrazioak (eta Netanyahuk) hain gogokoak dituen Abrahamen Akordioei. Zaleek ere aitortzen duten bezala. Haien giltzarria izan behar lukeen Saudi Arabia da, nabarmen, itun berriaren emagina; eta ezker-eskuin ditu Abrahamen Akordioek alboratuta utzi nahi izan dituzten bi potentzia: Turkia eta Pakistan.

Haietako bat, Pakistan, gaur egun jada, potentzia nuklearra da, eta hiruretan ahaltsuena, militarki, ezbairik gabe. Ñabardura baino gehiago den zerbait gehitzen dio horrek Mekan elkar defendatzeko sinatu denari.

Askotan –ia beti– hitzezko nahiz idatzizko iruzkingileok baino askoz zorrotzagoak izan ohi diren argazkilariek bikain egin zuten beren lana sinadura-ekitaldian ere. Eta hiru sinatzaileei (MBS-Mohammed bin Salman, Xahbaz Xarif eta Recep Tayyip Erdogan) lehentasuna ukatu gabe, batek aurkitu zuen zirriztua atzean zegoen uniformedun bakarra garbi agerrarazteko. Asim Munir landa-mariskala, Pakistango indar armatu guztien burua eta benetako agintari gorena herrialdean. Saudi Arabia eta abarrekiko akordio guztien bultzagile nagusia.

Mekako hiruko akordioa itunkide berriekin –luzea izan liteke zerrenda, teorian– hedatzen ote den ikustea geratzen da orain. Lehenik, jakin beharko genuke gonbita egin ote zitzaien. Edo egingo ote zaien...


Nazioartea kanalean gehiago
2026ko irailaren 9
Ertzainen mediku txostenak argitara
Flotillakideei oldartu, eta lesioak salatu

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...
Etxean jaso nahi dut