Zer erein eta landatu, udazkena osasunarekin urratzeko

  • Iraila udazkeneko maiatza dela esan ohi da. Hori horrela, abuztua apirila izango da, ezta? Jokoak joko, irail-abuztuak ereiteko sasoi aproposa dira. Aurreak erakusten du atzea nola dantzatu, eta ikasi baldin badugu, apiril-maiatzetan ereindakoak biltzen ari gara dagoeneko. Orain udako bigarren ereintza sasoia da eta ereintza horren mozkinak udazkena eta negua aseko dizkigu.

sanasingranos

2026ko irailaren 7an - 05:00
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Ereintza bezala landaketa sasoi betea da udaren isatsaren azken kizkur hau. Neguko poxpolin finenak orain landatzen dira, azkar ibili, orburua (Cynara cardunculus var. scolymus) eta kardua (Cynara cardunculus), eskuratu eta jarri txokoren batean; toki zabala hartzen dute eta orburua urte batzuetarako izango duzu lagun. Negurako azken porru (Allium ampeloprasum var. porrum) landaketa egiteko ere ez da beranduegi, landare egokia topatzen lan gehiago izango duzu behin garai honetaratuta. Azatarrek (Brassica spp.) ere egun argia gaua baino luzeagoa den azken egun hauetan jartzea nahiago dute, gainontzean udaberria izango da behar bezala burutzerako. Arrazoi bera emango dizu zerbak (Beta vulgaris), taxuzko uzta ematea nahi baduzu. Eta, aditu, zerbak merezi du ez duen sona. Txarra, mikatza, zakarra, lur gustoduna... denetatik entzuten da sekula ondo prestatutako zerbarik jan ez eta, bere dastaren aurkari betiberdin ezin kordokatuzkoaren pulpitutik predikatzen dutenen ahotik. Sermoilari horiena ezin eraman du zerba mundu honetako barazkirik onena dela aukera duenero berritzen digun etxeko amonak. Ezta neuk ere.   

Gatozen bueltan ereintzara. Baliatu udaberri kutsuko egun hauek ereiteko, gogoan izan udazkena eta neguko barazki saskia beteko dizkigutenak.

Azenarioak (Daucus carota subsp sativus) hozitu edo ernatu, jaio eta hazteari ekiteko lur epela behar du; gero lurpeko erreserba lodia osatzeko lur harroa komeni da. Harroarena zure kontu; epelarena lurrarena orain. Gero, lurra hoztu ahala, azenario sustrai potxoloan dauden azukre zakarrak eraldatu, eta azukre gozoz blaituko da.

Entsaladatarrak. Gehienbat urazak (Lactuca sativa) jaten dira olio-ozpin gazietan, baina beste edozein ere erein orain. Gaua luzatu ahala datorren hotz punttu horrek hosto samurragoak, hezeagoak, gordinagoak ekarriko ditu, letaginen artean krask egingo dutenak.

Entsalada gutxitan ikusiko duzu, baina ahoa berdatzen eta dasta betetzen duten hosto malgu bixi gustagarriak emango ditu oraintsu ereindako ziazerbak (Spinacea oleracea).

Lur-dasta ahora ekarriko dizuna erremolatxa izango da (Beta vulgaris). Gure artean zale baino arerio gehiago ditu, zerbarekin erabiltzen diren tankerako arrazoi xelebreetan blaitutakoak. Ez kasurik egin eta ekarri baratzera. Mahaira dasta berezia, kolorea eta lurrun ederrak ekarriko dizkizu. Xerra mehe-meheak egin eta frijitu edo plantxan erre, ez duzu horrelako patata frijiturik ezagutzen; Ahinitze lagunak dio oreganoarekin lagunduta direla onenak. Lehen aldiz jango duzunaren oroimenak urtero urtean bitan erein behar duzula gogoraraziko dizu.  

Osasunarekin urratu udazkena. 


Irakurri gehiago: Landareak Ingurumena
Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.