Uztailak 6 astelehen eguerdiko 12:00etan, ia puntu-puntuan, urpekontzi nuklear txinatar batek, oraingoz zehazki ezagutzen ez den inguru hartako itsasoko puntu batetik, buru nuklearra eraman dezakeen (baina halakorik gabe zihoan) nazioarteko misil bat jaurti du, oraingoz, halaber, ezezaguna den Itsaso Bareko ur internazionaletako puntu batera.
Ordubete geroago –hau da, misila bere jo-puntura heldu eta minutu gutxitara–, Xinhua agentziak jakinarazi du proba guztiz arrakastatsua izan dela, aurreikusitako puntuan erori dela doi-doi misila, eta inoren aurka ez doan errutinazko jarduketa militarra dela, ingurumarietako herrialdeei aldez aurretik jakinarazi zaiena.
Txinatar hedabideen berehalako poztasunaren parekoa izan da ingurumari horietako beste batzuen asaldura. Hitzak hitz, direnak direlako egitateak: proba guztiz ezohikoa, aurrekaririk gabea, dela esan liteke. Hain da ezohikoa ezen erreferentziatzat har daitekeen antzeko bakarra 2024ko irailean Hainandik, lehorretik, Markesak uhartedi aldera botatako DF-31B kontinente arteko misila litzatekeela. Hainbat hamarkadatan fisikoki jaurtitako lehena.
Oraingoa ere Itsaso Bare hegoaldeko paraje deslai haietara joango zela uste dute, antza, haserrea azaltzen lehenak izan diren Zeelanda Berriak eta Australiak. Hala balitz, ez da berebizikoa izango asaldura, 5.000 kilometro baino urrutiagoko “mehatxuaz” arituko liratekeelako. Alegia, AEBek aspaldi gabe botatako Minuteman III misilen jo-puntua izan den Kwajalein atoloietik Txinako kostaldera dagoen distantzia bertsua.
Aintzat hartzeko modukoa dirudien argibide zehatz samar bakarrak, ordea, korapilo bihurriagoa iradokitzen du. Txinak, bezperatik, jakinarazi izango zion Japoniari astelehenean “hondakin espazialak” eror ziezazkiokeela Shionomisaki inguruan. Eta jaurtiketa baino ordu eta erdi lehenago iragarri omen dio, zehaztasun gehiagorik gabe, misil bat botatzera zihoazela berehala. Horrek adieraziko luke, ia ziurki, jaurtiketa Ekialdeko edo Japoniako Itsasotik egin dela, Honshu irlaren ekialdetik. Baina 2024ko irailekoan bezala, burua Markesak uhartediraino joan bada, “mezua” ere ordukoaren antzekoa izango litzateke: distantzia berbera dago Kaliforniaraino.
Ez dira hor amaitzen, haatik, balizko interpretazioen bihurrikeriak. Txinako goi-aginte militarrean jada hiru urte daramatzan “purga” ikusgarriaren ardatza, arma estrategikoetako batzuen benetako gaitasunen inguruan leudeken iruzurrak liratekeela gero eta ozenago aditzen da. Hori ere egon daiteke asteleheneko misilaren zioen artean.