Seme-alaben Whatsappean Parental Control edo Gurasoen Kontrola funtzioa ezartzeko aukera emango du plataformak datozen hilabeteetan. Iragarpena orain egitea ez dela kasualitatea eta plataformaren kalte handienei aurre egiteko ez duela balio –hots, babes sentsazio faltsua dela– azaldu digu Telmo Lazkano gaian adituak: “Produktua zuritzeko saiakera bat da, beste behin”.
Whatsappek, sortu zenean, 16 urtetan jarri zuen berau erabiltzeko gutxieneko adina. Orain, ordea, beste mezu batekin dator: 13-14 urtetik beherako haurrek lasai asko erabili dezakete, datozen hilabeteetan Gurasoen Kontrola ezarri ahalko zaielako seme-alaben mezularitza zerbitzuari. Plataformak iragarri duenaren arabera, seme-alaben kontua gurasoen kontuari lotzeko modua egongo da, eta horren bidez, hainbat funtzio kontrolatuko dituzte gurasoek: kontaktu zerrendan ez dauden pertsonen mezuez ohartaraziko zaie –eta gurasoek erabakiko dute pertsona “berri” horren mezua jasotzea baimentzen al duten–, Whatsapp talde berri batean sartzeko baimena gurasoek emango dute, eta jakiterik izango dute ea seme-alabak talde berri bat sortzen duen edota bere profileko izena edo argazkia aldatzen duen. Haurrak ezingo du Metaren adimen artifizialarekin hitz egin eta ezingo ditu bidalitako mezuak ondoren ezabatu. Hori bai, zerrendan baimenduriko kontaktuekin dituen elkarrizketak pribatuak izango dira, mezu horiek ez dituzte gurasoek irakurriko.
TikToken barne-txostenek zioten: ez da eraginkorra, baina lasaitasuna transmititzen du gizartean eta iritzi publikoan
Enpresa teknologiko handien jarduna arautzeko eta kontrolatzeko bidea egin den bakoitzean, haien presioa izugarria izateaz gain, euren aurpegia zuritzeko Gurasoen Kontrola ezartzea eta gisako ariketak ohikoak direla gogoratu du Telmo Lazkano osasun digitalaren arloko aholkulariak. Adibide argigarria jarri digu: TikTok jomugan zegoelarik, sare sozialaren erabilera-denbora mugatzeko funtzioa txertatu zuen aplikazioak, sare sozialean ordubete igaro ostean eten bat egiteko eskatzen zion erabiltzaileari, eta gehiegizko pantaila kontsumoari aurre egiteko neurri gisa saldu zuen, baina neurria aurrez testatua zuen TikTokek, eta publiko egin ez zuen informazio bat zeukan: apenas zuen eraginik eta sare sozialean egunean 1,5 minutu gutxiago igarotzea baino ez zuen ekartzen. Enpresaren barne-txostenek zioten: ez da eraginkorra, baina lasaitasuna transmititzen du gizartean eta iritzi publikoan.
Antzeko testuinguruan kokatzen du Lazkanok Whatsappen iragarpena: Europan sare sozial jakin batzuk adin txikikoei debekatzekotan ari dira eta zalantza da Whatsapp zerrenda horretan sartuko den ala ez; bada, ez da kasualitatea aurpegia zuritu asmoz datorren neurria. Babes neurri hau, gainera, mozorroa baino ez dela dio adituak, Whatsappetik eratortzen diren kalte handienen aurrean ez duelako ezer egiten: bideo-deiak egitea, bideo eta argazkiak partekatzea, taldetik norbait kanporatzea… Eta oharra gehitu du: ikerketek diote bi nerabetik bat gai dela Gurasoen Kontrola saihesteko, gurasoak konturatu gabe.
Polizia lan hain zorrotza egin behar badugu gure seme-alabak Whatsappean aritzeko, agian ez da egokia bere adinerako
Polizia lanetan
Gogoetarako hainbat gako utzi dizkigu Telmo Lazkanok gurasooi: Polizia lan hain zorrotza egin behar badugu gure seme-alabak Whatsappean aritzeko, benetan behar du produktu hori seme-alabak? Halako kontrol maila behar badu, agian ez da egokia bere adinerako? Alternatiba hobeak izan daitezke aurrez aurreko komunikazioa edota deitzeko funtzioa baino ez duen telefonoa. Hori ez dela nahikoa iritzi dion familiari, adituaren gomendioa: Metatik kanpo dauden bestelako plataformak hobetsi. Besteak beste, milioika erabiltzaileren jarduera miatu duen espioitza programa ezkutua erabiltzeagatik ikertua izan da Meta. Eta Whatsappa erabiltzea erabakiz gero, oharra: orain iragarpen hau egin duen gisan, hemendik denbora batera bestelako politika bat har dezake enpresak. “Ez dezagun irentsi Whatsappek saldu digun mezua, interesak daude atzean, ez gurasoei edo adin txikikoei laguntzeko asmoa, eta hausnarketa hori egitea beharrezkoa da”, borobildu du Telmo Lazkanok.