Harremana, elkarrekikotasuna eta birsorkuntza
Zer esan nahi du sendatzeak, gaixotzen gaituen mundura egokitzen jarraitzen badugu? Hannah Proctorrek, Frantz Fanonen pentsamendutik abiatuta, kontraesan bat aztertzen du: pertsona bere sufrimendua eragiten duen gizartera berriro egokitzea ez da nahitaez sendatzea. Sendatze ez-egokitzaileak (anti-adaptive healing) gizartearen egiturak zalantzan jartzera gonbidatzen gaitu. Baina kritika hori giza harremanetara mugatzen bada, ez al dugu ikuspegi antropozentrikoaren barruan jarraitzen, hau da, gizakia munduaren erdigunean jartzen duen pentsamoldearen barruan? Proctorrek sufrimenduaren dimentsio sozial eta politikoa aitortzen du; hala ere, non geratzen dira lurra, ura, basoak eta gainerako izaki bizidunak?
Biokulturek erakusten digute gizakiaren eta naturaren arteko bereizketa ez dela unibertsala. Gregory Cajetek, Santa Clara Pueblo komunitateko hezitzaileak, Native Science lanean azaltzen du ezagutzea mundua kanpotik behatzea baino gehiago dela: harremanetan parte hartzea, elkarren mendekotasuna ulertzea eta erantzukizunak hartzea. Mendia ez da paisaia hutsa; ibaia ez da baliabide soila. Gizakia ez dago mundu biziaren aurrean, haren barruan baizik. Cajeteren ekarpena ez da, beraz, osasunaren kontzeptuari natura gehitzea soilik. Abiapuntua bera aldatzea da: gizabanako isolatutik harremanen sarera igarotzea. Ikuspegi horretatik, sendatzea ez da galdutako oreka berreskuratzea soilik, baizik eta bizitza ahalbidetzen duten loturak zaintzea eta berritzea. Horrek osasunaren esanahia zabaltzen du. Pertsonen ongizatea ezin badugu komunitatetik, lurraldetik eta bizitza sostengatzen duten harremanetatik guztiz bereizi, zergatik mugatu sendatzea gizabanakoaren berreskurapenera?
Denboraren kontzeptuak ere badu zerikusia. Mendebaldeko modernitateak historia lerro zuzen gisa irudikatu du: iragana atzean utzi eta etorkizunerantz aurrera egin. Baina bizitzak zikloak ditu: urtaroak itzultzen dira, hostoak lurzoru bihurtzen dira eta belaunaldi bakoitzak aurrekoengandik jasotakoa berrinterpretatzen du. Zenbait kosmobisiotan denboraren ikuspegi ziklikoek lotzen dituzte iragana, oraina eta etorkizuna. Zer jaso dugu? Zer zaintzen dugu? Zer utziko diegu ondorengoei?
Agian sendatzea da bizitzarekin dugun harremana eraldatzea, harreman horrek gu ez ezik, gurekin bizi diren gainerako izakiak eta etorriko diren belaunaldiak ere sostenga ditzan
Galdera horiek harremanetik elkarrekikotasunera garamatzate. Naturarekiko kontaktuak ongizateari ekar diezazkiokeen onurez gero eta gehiago hitz egiten dugu: basoan lasaitu, mendian arnasa hartu, hiriko parkeetan atseden hartu. Baina natura gure osasunaren zerbitzura dagoen tresna bihurtzeko arriskua ere badago. Zer itzultzen diogu gure bizitza sostengatzen duen basoari? Zer ardura dugu urarekiko eta lurrarekiko? Robin Wall Kimmererrek Braiding Sweetgrass lanean aztertzen duen bezala, jasotzeak erantzukizuna dakar. Elkarrekikotasuna ez da truke ekonomikoa, harreman baten barruan gaudela aitortzea baizik. Hortik dator birsorkuntza: kaltea murriztea ez ezik, hondatutako ekosistemak eta komunitate-loturak berritzeko baldintzak sortzea.
Harremana, elkarrekikotasuna eta birsorkuntza ez dira hiru maila lineal; elkar elikatzen duten prozesuak dira. Beste eskualde batzuetan, Himalaiako Dolpon edo Mexiko Berriko Taosen, esaterako, paisaia biokulturalek gizakiaren eta mundu biziaren arteko harremana ulertzeko beste ikuspegi batzuk eskaintzen dituzte. Leku horietan, mendiak, ura, lurra eta komunitatearen bizitza ez dira elkarrengandik bereizitako elementuak. Belaunaldiz belaunaldi transmititutako ezagutzek, sinesmenek eta zaintza-praktikek lurraldearekiko harremanak moldatu dituzte. Testuinguru desberdinak izan arren, biek gogorarazten digute ongizatea ez dela gizabanakoaren egoera hutsa: komunitatearekin, lurraldearekin eta bizitza sostengatzen duten harremanekin ere lotuta dagoela.
Horregatik, Proctorren planteamendura itzulita, sendatzea ez da sufrimendua eragiten duten gizarte-egituretara berriro ez egokitzea soilik. Egitura horiek zalantzan jartzea ezinbestekoa bada ere, galdera harago eraman behar dugu: zer gertatzen da gizartea bera mundu bizitik bereizita ulertzen jarraitzen badugu? Ez al dugu, orduan, sendatzea gizakiaren ongizatera mugatzen, gure bizitza sostengatzen duten gainerako harremanak kanpoan utzita? Agian sendatzea ez da lehengo egoerara itzultzea, ezta beste gizarte batera egokitzea soilik ere. Agian sendatzea da bizitzarekin dugun harremana eraldatzea, harreman horrek gu ez ezik, gurekin bizi diren gainerako izakiak eta etorriko diren belaunaldiak ere sostenga ditzan.
Itziar Insausti
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.