Polizia infiltratuen berri emateagatik Datuen Babeserako Espainiako Agentziak isuna jarri dio La Directari

  • Herrialde Katalanetako komunikabideak isuna gaitzetsi du, argudiatuta egindakoa Espainiako Konstituzioan jasota dagoen informaziorako eskubidearen barruan dagoela, eta interes publikokoa dela. Ohartarazi dute isunak eragin "beldurgarria" izan dezakeela eta "arriskutsua" izan daitekeela Poliziaren gehiegikeriak ikertzen dituenarentzat. Horregatik, isunaren aurkako helegitea aurkeztuko du.

Directa komunikabideak zigortu dute polizia infiltratuen kasuak argitaratzeagatik Directa

2026ko uztailaren 29an - 11:00
Azken eguneraketa: 12:44
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Orain sei urte Espainiako Poliziak infiltrazio olatua abiatu zuen herri mugimenduetan. La Directa komunikabideak ikerketa abiatu zuen, kasua argitara atera eta infiltratu batzuen benetako identitateak azaleratu zituen. Geroztik komunikabideak polizia infiltratuen auzia ikertu du eta sei poliziaren identitateak argitara atera ditu. Ikerketek zalaparta eragin dute. Hainbesterako, ezen orain Datuen Babeserako Espainiako Agentziak hedabideari 7.000 euroko zigorra ezarri dion, polizia infiltratuen irudiak eta datuak zabaltzea datuen babeserako araudiaren aurkakoa dela egotzita. Komunikabideak isuna gaitzetsi du eta helegitea aurkeztuko duela jakinarazi du.

Komunikabideak prentsaurreko bidez jakinarazi du zigorra jarri diotela. Isun ekonomikoaz gain, polizien irudiak zein datuak ezabatzea eskatu diote, baita polizien identitate faltsuen izenak ezabatzea ere. Komunikabideko kide Jesus Rodriguezen hitzetan, egotzitakoa "zentsura" modu bat da eta argudioak aurkeztu ditu. 

Alde batetik, komunikabideak nabarmendu du ikerketek bat egiten dutela Espainiako Konstituzioaren 20.artikuluarekin, zeinak jasotzen duen herritar orok eskubidea duela egiazko informazioa izateko. Beste aldetik, argudiatu du argitaratutako informazioa interes publikokoa dela: "Aurkitutako infiltrazioek Kataluniako Parlamentuan ikerketa batzorde bat sortzea ekarri zuten eta oposizioaren ekimen eta parlamentuko galdera ugari sortu zituzten Diputatuen Kongresuan. Are, Kataluniako, Espainiako eta nazioarteko hedabideek ere jaso dituzte kasuak".

Erresuma Batuko kasuak ere gogoan izan dituzte: "Polizia infiltratuen kasuak argitara atera ostean, herri mugimenduen eta komunikabideen presioari esker, Erresuma Batuko Gobernuak eta Poliziak erantzukizuna hartu zuten eta barkamena eskatu zieten biktimei". Ordea, Espainiakoen kasuan ez da horrela: "Infiltratutako polizien kasuak ikertu gabe jarraitzen dute; eta alderantziz, ikertu dituzten komunikabideek zigorrak jasotzen dituzte".

Eragin larriak

Komunikabidearen iritziz, zigorrak eragin "beldurgarria" eta "mozala" ekarriko du: "Zigor ekonomikoaren eta edukiak kentzearen mehatxuak eragotzi egin lezakete komunikabideek botere publikoen jardunari buruzko informazio garrantzitsua argitaratzea". Hain justu, azpimarratu du beraientzat ez ezik, aurrekari "oso arriskutsua" izan daitekeela Poliziaren gehiegikeriak ikertzen dituenarentzat.

Atxikimenduak

Gauzak horrela, batetik, La Directaren aurkako isuna artxibatzea eskatu dute, eta, bestetik, ez erabiltzea datuen babeserako araudia komunikabideak "zentsuratzeko". Argi esan dute: "La Directa defendatzea gizarteak botere publikoen ekintzak ezagutzeko duen eskubidea defendatzea da". Isunaren aurka eta komunikabidearen aldeko sinadura bilketa abiatu dute. ARGIAk atxikimendua eta babesa eskaini dizkio Herrialde Katalanetako hedabide lagunari.


Zentsura kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...