Amaia Agirregabiria antxotarrak Hondarribian udaltzain batek hil zuen Babacar Welle ezagutzen zuen. Babacar, Senegalgo lehoia izenburupean gutuna bidali du Bidasoko Hitza-ra. Idatzian polizia eredua eta bazterketa egoeran dauden pertsonak artatzeko sistema kritikatu ditu. Agirregabiriak bazterketa egoeran dauden pertsonak artatzen dituen Arrats elkartean egin zuen lan eta han ezagutu zuen senegaldarra.
Zer moduz zaude, Amaia?
Pixka bat mugituta nago. Lankide ohi batzuk Hondarribian egon ginen larunbatean [Babacar Welleren hilketa salatu zuten Hondarribian egindako manifestazioan], eta geroztik gaiari bueltak ematen ari naiz, ezin dut ondo ulertu nola iritsi garen puntu honetara. Gaindituta ere banago: kezkatzen nauen edo mina egiten didan zerbait badago, idazteko ohitura daukat, nire neurak edo traumak kanporatzeko, eta semeak esan zidan gertatutakoa zabaldu behar nuela. Zabaldu nuen, eta asko zabaldu da. Pozik nago, behintzat jakin dadila beste alde bat ere badagoela.
Zuk gertutik ezagutu zenuen Babacar.
Arrats elkarteak kudeatzen zuen Foru Aldundiko etxebizitza batean zegoen. Egunero zazpi-zortzi ordu pasatzen genituen beraiekin eta gertuko harremanak sortzen dira. Nik ezagutu nuenean ondo zegoen, bueno, foru aldundiko pisu batean ez zaude guztiz ondo, baina esan nahi dut berak bazuela bizitza bat egiteko asmoa, hemen, Euskal Herrian, lan bat topatu, familia bat eraiki... Orain galdetzen dut ea zer gertatu den azken hamar urteotan pertsona horrek horrela bukatzeko. Banekien ez zebilela ondo, entzun genuen Irunen zebilela, han Poliziak jazartzen zuela eta Hondarribira joan zela, baina ordurako osasunez ez zebilen ondo. Azkenean gertatutakoa gertatu da.
Zein egoeratan zegoen Babacar?
Bazterketa kalean bizitzea baino askoz gehiago da. Biribilgune bat da, hor sartzen zara eta zaila da irtetea. Askok espetxeko kondena bukatzen dute eta kalean gelditzen dira, kalea oso gogorra da. Etorri berriek ezin dituzte hemengoek dituzten eskubide batzuk jaso, ez dutelako erroldarik, eta errolda lortu bitartean kale egoeran daude. Kalean irauteko batzuek kontsumora jotzen dute. Ateratzea oso zaila den ziklo batean sartzen dira. Babacar, beste asko bezala, ziklo horietan sartuta egon da, eta horrek osasun mentaleko gaitzak ekartzen ditu. Ez zegoen kale egoeran eta ziurrenik oinarrizko beharrak beteta izango zituen, baina buruko gaitza zuen. Ez da beste jatorri bateko pertsona delako, ez beste ezerengatik, gutako edozeini gerta dakioke. Prozesu arrotzak iruditzen zaizkigu, baina hor daude.
Poliziaren esku-hartzeaz gogoeta egitea eskatu duzu.
Udaltzainak eta ertzainak zeuden, eta ezagutzen zuten Babacar, ez zen bat-batean laban batekin agertu zen tipo bat. Ezagutzen duten batekin horrela jokatzen badute, kezka sortzen dit. Egongo dira pertsonak gelditzeko beste teknika batzuk. Ez dakit, benetan beldurra ematen dit, ulertu dezaket udaltzain bat ere humanoa dela eta beldurra sentitu dezakela, baina egoera horietan jarduteko prestakuntza jaso behar du eta ez badu gaitasunik, agian, beste lanbide bat bilatu behar du. Babacar ez da lehenengoa, Anderren kasua ere hor dago. Beldurra ematen du.
Arrazakeria ere bada osagai bat.
Zalantzarik gabe; arrazakeria, pobrezia... osagai askok eramaten dute jendea esklusiora. Eta ikusi besterik ez dago zein komentario mota entzun diren: jendea pozik agertu da, “beltz gaizkile handi” baten irudia eman da, zuria balitz, herriko seme kuttuna balitz, erreakzioa berdina izango zen?
Larunbateko manifestazioan hartu zenuen parte. Zer aurkitu zenuen?
Mina sumatu dut, min handia. Han egoteko beharra neukan, nire haserrea adierazteko eta hara joan zirenekin partekatzeko. Hainbat lekutako jendea geunden, modu batera edo bestera gure bizitzetan Babacarrekin topo egin dugulako eta agian beste batzuek Babacar moduko beste asko ezagutu dituztelako.
Gutunean Babacar moduko pertsonak artatzeko sistema integratzailea eskatu duzu. Zer esan nahi du horrek?
Kezkatuta nago entzun ditudan adierazpenekin. Gehien mindu nauena Maite Peñak, Gipuzkoako Foru Aldundiko arduradun politikoak [Zainketetako eta Gizarte Politiketako diputatua] esandakoa izan da: “Ez zen gure erabiltzailea, baina horrek ez dio axola”, ez dio axola, baina esan duzu! Nola esan dezakezu hori? eta gainera pertsona hori zure erabiltzailea izan da. Oinarrizko gizarte zerbitzuetan ari ziren artatzen, “ez zen gure marroia” esateko modu bat zen? Ez da gurea? Bukaera hau ez da azkena gertatu denaren ondorioa, pertsona horrek hamar-hamabost urte egin ditu hemen. Hau guztiona da, kontua ez da orain foru aldundiarena dela, orain udalarena, orain Eusko Jaurlaritzarena. Zerbitzu integrala eman behar dela esaten dudanean esan nahi dut ongizateko eragile horiek denek parte hartu behar dutela pertsona horren prozesuan, hirugarren sektorea ahaztu gabe. Hortik dator nire kezka, zenbat Babacar dauden. Zenbatek bukatuko dute horrela egiten diren esku-hartzeei ez badiegu buelta bat ematen? Erremintak zaharkituta ditugu. Administrazioan pertsona horiek txosten bat dira, zenbaki bat, batera eta bestera mugitzen dira. Alor honetan hirugarren sektoreak garrantzi handia du.
Zer da hirugarren sektorea?
Gizarte-ongizatea eta herritarren interes orokorra sustatzea helburu nagusi duten gobernuz kanpoko eta irabazi-asmorik gabeko erakundeek osatzen dute hirugarren sektorea. Administrazioak erakunde horiek kontratatzen ditu pertsona horiei arreta zuzena emateko. Azpikontrata horiek oso baldintza txarretan egiten dute lan, eta era berean, erakunde horietako langileek dute zuzeneko harremana erabiltzaileekin. Ordu asko pasatzen dira beraiekin, baina ez dira aintzakotzat hartzen langileen iritziak, ideiak… arrakala handi bat dago. Ez dut esan nahi Gizarte Zerbitzuetako langileek gaizki jarduten dutenik, kontua da ez daukatela erreminta nahikorik, eta bitxia iruditu zait inork Osakidetza aipatu ez izana, baina agian azken fase honetan Osakidetzak ardura handia izan du. Osasun mentalagatik gaizki dagoen pertsonak artatzerakoan sekulako itxaron zerrenda luzeak daude, artatzen dutenean medikazio bat jartzen diote, medikazioa ez du hartu nahi tontotuta uzten duelako, berehalako erantzun bat egon beharko luke doiketa egiteko medikazioan... eta hori dena ez da gertatzen. Psikiatrak ezagutzen du pertsonaren ibilbidea, zein medikazio hartzen duen... eta bat-batean psikiatra aldatzen diote. Zerotik hasten da berriro. Aipatu ez den arduradun inportantea da Osakidetza.
Zerbait gehitu nahi duzu?
Gertakarion deshumanizazioak kezkatzen nau, Babacarrek gorabehera asko izango zituen bere bizitzan, ez dut erromantizatu nahi berari buruzko irudia, baina gertakari eta egoera horien guztien atzean pertsonak daude, gauza onekin eta txarrekin. Besteok merezi ditugun aukera berdinak merezi dituzte.