argia.eus
INPRIMATU
Zenbat jaitsiko da diruaren prezioa? (Ibon Alonso)
  • Ameriketako Estatu Batuetako Erreserba Federalak (FED) % 1eraino jaitsi du diruaren prezioa eta posible da oraindik ere gehiago jaistea –abenduan % 0,5ean finka daiteke–. FED erakundeak bere moneta politika biguntzen jarrai dezake datozen hilabeteetan, batez ere, egun dauden deflazio arriskuak erabat mugatu nahian.

2008ko azaroaren 13a

 

Bestalde, joan den astean Europako Banku Zentralak (EBZ) diruaren prezio ofiziala puntu erdi murriztu zuen, % 3,25ean ezarriz. Jean Claude Trichet EBZko presidenteak interesaren bilakaerak ildo horretatik jarraituko duela azpimarratu du. Kontuan izan behar da % 3,25eko tasa hori 2006ko urritik ezagutu den baxuena dela. Inflazioaren beheranzko joera mantentzen bada, 2009ko ekainean diruaren prezioa % 2,5ean finka daiteke.

 

Aurreikuspenekin jarraituz, 2009an interes tasa %2an koka daiteke euro zonaldean. Are gehiago, tasen beherakada nabarmenenak datorren urtearen hasieran gauzatuko dira. Trichetek hartutako erabakia –interes tasak puntu erdi jaistea– argudiatzeko inflazio tentsioen gutxiagotzea aipatu zuen, batez ere petrolioaren nazioarteko merkatuen kotizazioen mozketak eraginda. Bigarren zio bat ere onartu  zuen Trichetek, hots, euro zonaldean izandako ekonomia dezelerazioaren eragina.

 

Euribor indizearen bilakaera

Europako 60 banku handiek beraien artean egunero dirua mailegatzeko erabiltzen duten interesa da Euriborra. Euribor indizea bankuen arteko konfiantza neurtzeko tresna ere bada. Interes tasa ofizialarekiko puntu bateko aldea badu –azken hilabeteetan bezala–, mesfidantza maila handia dagoela adierazten du.

 

Euribor indizeak urriaren hasieran eguneko maximo historikoa eskuratu zuen eta ondoren 8 hamarreko galdu ditu. Hala, hamar urte dauzkan adierazle honek bere biziko jaitsiera gogorrena pairatu du. Horrela jarraituz gero, Euribor indizea azaroan % 4,607 azpitik gera daiteke. Hala, datorren urtarrilean berrikusi behar diren hipoteka kuotak bigundu egingo lirateke.