Hego Euskal Herrian, hamar adin txikikotik bik ez du urte osoan astebeteko opor-bidaia egiteko aukerarik. 6-10 urteko haur batzuek, gainera, etxean igaroko dute udako oporren zati handi bat, udaleku irekietan edo bestelako jardueretan parte hartu gabe, gurasoak lanean diren bitartean. Berriki argitaratu den txosten baten datuak dira.
Umeen arteko arrakala ekonomiko eta sozialean jartzen du fokua Educo Gobernuz Kanpoko Erakundearen txostenak. Turismoaren gehiegikeriez hitz egiten dugun garaiotan, 18 urtez azpikoen %22,45ak ez du astebeteko bidaia egiteko aukerarik urte osoan, Hego Euskal Herrian.
Gordinagoa da txostenak islatzen duen errealitatea: haur batzuek ez dute udaleku irekietan (hirian bertan goizez egin ohi diren horietan) edo oporretarako antolatu ohi diren bestelako jardueretan parte hartzen, eta badira egunero heldu baten zaintza bermatuta ez duten umeak, gurasoak lanean diren bitartean. Kasu honetan, Espainiako Estatuko datua eman du Educok, eta zer pentsatua ematen du: azterketaren arabera, 6-10 urteko 120.000 haur bakarrik geratzen dira etxean, udako oporretan.
Seme-alabak etxean bakarrik eta pantaila bati itsatsita egongo direla irudikatzeak estresa eta ezinegona sortzen dio azterketan parte hartu duen gurasoetako bati. Baina zailtasun ekonomikoek erabat baldintzatzen dituzte opor garaiak, eskolarik ez dagoenean.
Haur guztiek aisialdi jardun antolatuetan parte hartzeko eskubidea bermatu beharko litzatekeela eta hori administrazioaren zeregina dela aldarrikatzen du Educoren txostenak
“Soldatek eta diru-iturriek ez badute denerako ematen, oporrak desagertzea erraza da. Haur batzuek ez dakite zer den astebetez etxetik kanpo egotea. Lau pareten artean pasatzen dute uda, sarri beroa jasateko gaizki prestatuta”, dio Educoko zuzendari orokor Pilar Orenes-ek. Hirietan, soldaten zati handi bat etxebizitza ordaintzera bideratzen dela gogoratu du azterketak.
Aisialdian ere, segregazioa
Haur guztiek aisialdi jardun antolatuetan parte hartzeko eskubidea bermatu beharko litzatekeela eta hori administrazioaren zeregina dela aldarrikatzen du Educoren txostenak. Hain justu, egoera zaurgarrienean diren haur eta gazteak dira eskolaz kanpoko jarduerak gehien behar dituztenak. ARGIAn kontatu genuenez, garapen pertsonalerako, autoestimurako, emozioak gestionatzeko, hezkidetzarako, harremanetarako, elkar zaintzarako, alde ludikoan sakontzeko, euskara espazio informaletan indartzeko… aukera paregabea izan daitezke.
“Haurrak ez doaz bakarrik futbolean edo balletean aritzera, on asko egiten die horrelako zerbaitek, faktore ugari landu daitezke, eta halako talde baten parte sentitzea funtsezkoa da askorentzat; are gehiago, beraien bigarren familia bilakatu daiteke batzuetan, zentraltasun handia hartzen du beren bizitzetan, zer esanik ez nerabezaroan”, kontatu zuen Amaia Bergara kale hezitzaileak, aipatu erreportajean: Eskolaz kanpoko jarduerak, kohesio sozialerako aukera galdua.