Oihu bat palestinara jaialdia
Taldea: Gailu.
Non: Landako Gunean, Durangon (Bizkaia).
Noiz: martxoaren 21ean.
----------------------------------
Iurretako (Bizkaia) aparkalekuan egin dugu kedada 13:00etan; bakoitza herri batetik dator eta asmoa bertan lo egitea da. Kotxeak elkarren ondoan aparkatzea lortu dugu, zortekoak gu. Garagardo bana eskuan, ikusi nahi ditugun taldeen ordutegiak errepasatzen egin dugu Landako Gunera bidea.
Sarrerak kudeatu bitartean, kanpotik entzun dugu Eire taldearen pop elektronikoa. Sartu-irtenak ahalbidetuko dizkigun pultsera jantzita pasatu gara barrura. Hormetan lau kolore gailentzen dira: gorria, berdea, zuria eta beltza. Palestinar erresistentziaren eta Israelen desegitearen aldeko pankartaz beteta dago Landako Gunea. Izan ere, genozidioaren kontrako protestetan zigortu dituztenei laguntzeko asmoz antolatu dute Oihu bat Palestinara jaialdia. Eguna beteta dator: 26 kontzertu, bakarrizketa, bertsolariak eta Landako jendez lepo.
Teniseko pilota bat bezala ibili gara eszenatoki batetik bestera, eta ikusi ditugu Hofe eta Kiliki, Ibil Bedi eta Anari. Arratsaldeko 17:00etarako Landakoko berotegi efektuak azala izerditan jarri digu; ez dakiguna da datorren kontzertuak sentsazio hori biderkatuko duela.
Manifestazio batean grabatuak izan zitezkeen Boikot Israel, Palestina askatu oihuekin hasi du kontzertua Gailu taldeak. Hutsik dago oholtzaren erdialdea gehienetan, Okene (abeslaria) zutitzen ez den kantuetan alegia. Bestela, U forma hartzen dute: bi anaiak alde banatan, fondoa baxuarentzat. Hodei Estebanek (Occhi di Farfalla, Galder, Estricalla eta abar) hartu du zuzenean Bizi eta ixo!! (2025) diska aurkezteko lekukoa.
Deserosotasun dantzagarri moduko bat sortzeko gaitasuna du hirukoteak, Kalez Kale edota Bizi eta Ixo!! abestietan iruditu zait nabarmen. Aitortu behar dut disko berriko kantu gehienak ez ditudala ezagutzen, eta gertatzen zait letrak badakizkidanean gehiago gozatzen dudala, barrenekoa-edo gehiago ateratzen delako ahoz goran kantatzean. Hala dabil alboan dudan laguna, hitzez hitz, Okeneren hitz esanari jarraiki. Bere kotxeko bidaien soinu banda dela aitortu dit gero. Neurea ere bada orain.
Bien artean abestiak abisatu digu bukaera hasi dela: "tik-tak, tik-tak, tik-tak" dabil ozen esaten Okene. Eta bukaera bukaera bihurtu da Mursego Anarirekin batera oholtzara igo denean Alfabeto Zauritu bat abestia kantatzera. Kontzertua hasi den bezala amaitu da, Boikot Israel, Palestina askatu oihu artean. Landako osoak ez dakit, baina gure barrenek, kontzertu honetan behintzat, egin dute garrasi momentu batez, kantuak dion bezala, “erresistentzia ere badelako suntsipen handiko arma” eta garrasia erresistentziarako tresna. Su-eten faltsu baten ondorioz, genozidioa mediatikoki gutxiago entzuten bada ere, ez baita eten. Garrasia delako batzuetan modu bakarra aldarrikatzen den edo borrokatzen den hori esateko.