Tosu Betirako Asanblada

Zementuaren aurrean, aitzurrak

  • 2011n amaitu zuten Getxo eta Berango arteko Ibarbengoako metro geltokia eraikitzen, baina ez da sekula erabili. Oraingoz gauzatu ez den plan handiago baten parte zen geltokia: 8.000 etxebizitza landa izaerari eutsi dion eremuan, eta aparkaleku handia. Etxebizitzen proiektua alboratuta dago behin-behinean, ez ordea aparkalekukoa. Herritar talde batek sei urte darama hura egin nahi duten zelaian, egitasmoa geldiaraziz eta aldi berean bizimodu alternatiboa eraikiz. Ongi etorri Tosura.

Unai Brea @unaibrea
2017ko ekainaren 05a
(Argazkia: Aritz Loiola)

Getxoko Udalean guztira zazpi geltoki dauden arren, metroa horietako seitan besterik ez da gelditzen. Zazpigarrena, ofizialki Getxo-Ibarbengoa izena duena, 2011tik dago eraikita, baina sekula ez da han trenik gelditu, sekula ez dute bidaiarien joan-etorria ezagutu haren nasek. Geltoki “mamua” esaten diote. Ezohiko lekuan dago, lauzpabost etxe baizik ez duen zelaiz betetako inguruan.

Agintarien asmoa betetzera, 300 autorentzako lurpeko aparkalekua egongo da, edo egon beharko litzateke jada, Ibarbengoako geltokiaren ondoan, Tosu izeneko parajean. Horren ordez, egun baratze batzuek, tarteka pankartaren batek eta etxola batek osatzen dute metroan doazenei Tosuk eskaintzen dien paisaia. Inoiz kanpin-dendak ere izan dira. 2011tik, geltokia amaitu zenetik, beti egon da norbait zelaia okupatzen, aparkaleku proiektua geldiarazteko borrokan.

 

 

 

Tosu Betirako Asanbladako zenbait kide, 2017ko urtarrilaren 21ean egindako manifestaziora deitzen. (Arg.: Hiruka-CC BY SA)

 

 

 

Getxoztar talde bat eguna belar janean ematen zuten behiekin espazioa partekatzen hasi zen garai hartatik asko aldatu da Tosuko landaren itxura. Orain ez dago behirik, eta belardiaren zati bat baratzeek hartu dute, baita zuhaitz batzuek ere, dena okupei zor. Etxola handi batek etxebizitza-biltoki funtzioa egiten du, txikiago bat dago komunerako. Etxola handian hartu gaituzte Tosu Betirako Asanbladako Nagorek eta Gorkak.

Beste 20.000 biztanlerentzako tokia egiteko plana

“2007an Bilbo metropolitanoaren Lurralde Zatikako Plana aurkeztu zen, Uribe Kosta ere hartzen zuena”, azaldu du Gorkak; “zehazki, 30.000 etxebizitza egitea aurreikusita zegoen eskualdean, horietatik 8.000 Getxon”. Gehienak Andra Mari auzoan egitea aurreikusi zuten –ingurukoek Getxo esaten diote, besterik gabe–, udalaren sorburu eta haren espazio berde apurretatik gehientsuenak gorde dituen inguruan, Berangoko mugan.

“Betidanik nekazari ingurua izan da Andra Mari”, dio Gorkak. “Gutxika urbanizatuz joan da, eta denboraz, baserriekin batera txaletak eta bestelako etxebizitzak eraiki dituzte, baina landa eremu batzuk gorde dira”. Testuinguru hartan iragarri zen 8.000 etxebizitza egiteko plana. “Ia beste Areeta bat egitearen parekoa da, 20.000 biztanlerentzako tokia, eta horrek dakartzan azpiegitura guztiak”. Erantzuna berehala sortu zela gogoratzen dute Tosu Betirakoko kideek. Ordurako auzo elkarte indartsua zeukan Andra Marik. 3.000 lagun bildu zituzten urbanizazio asmoen aurkako manifestazio batean, 2007an bertan.

Ibarbengoako aparkalekuaren aurkarien ustez, bai metro geltokia bai parkinga bera inguruaren urbanizazioari atea irekitzeko lehen urratsak dira

Kaleko indar erakustaldiaz gain, udaletxe barruko oreka haustea lortu zuen Andra Mariko auzo elkarteak. Ezker abertzalea legez kanpo zegoela, berdeentzako botoa eskatu zuten, baita askotxo eskuratu ere auzoan. Beti bezala EAJk irabazi zituen hauteskundeak, baina ohi baino tarte estuagoarekin, eta udalean indar nahikorik ez zuela ikusita 8.000 etxebizitza egiteko proiektua baztertu egin zuen, garai hobeen zain. Handik laburrera agertu zen bete-betean krisia, higiezinen burbuilaren eztanda eta guzti. Hurrengo urteetan proiektua itzuli egin zen, baina apalago.

Zelaiak zementuz betetzeko asmoa momentuz bertan behera lagata ere, Ibarbengoako geltokia eraikitzen hasi ziren 2008an. “Auzotarren aspaldiko eskaria zen trenbidea lurpetik joatea Anda Marin”, gogoan du Tosu Betirako Asanbladako Nagorek; “lortu egin zuten, baina Getxoko geltoki zaharra ere eraitsi zieten eta beste bat eraiki Bidezabalen, Algortatik hurbilago eta beraz auzokide askoren etxeetatik urrunago. Ibarbengoakoa eraikitzen hasteko aitzakia izan zen geltoki zaharraren ordezkoa egitea, baina aitzakia hutsa besterik ez zela bistan da, oraindik ireki gabe dago eta”. Ibarbengoako aparkalekuaren aurka daudenen esanetan, bai geltokia bai parkinga bera inguruaren urbanizazioari atea irekitzeko lehen urratsak besterik ez dira.

Trafikoa arintzeko edo guztiz kontrakorako?

Tosuko aparkalekua Bizkaiko Garraio Partzuergoak sustatutako egitasmoa da. Getxoko alkatea, Imanol Landa jeltzalea, erakunde horretako Kontseilu Nagusiko bokala ere bada, eta Udaleko gobernu taldeak proiektua babesten du erabat. Haren iritzia zehazki ezagutzeko Hirigintza zinegotzi Joseba Arregirekin harremanean jartzen ahalegindu gara, baina udal iturriek orain dela hilabete batzuetako prentsa ohar bat igorri digute, esateko duten guztia hor dagoela adieraziz.

Oharrean, Getxoko gobernu taldeak “babes osoa” adierazten dio “Ibarbengoako Metroko aldirietako aparkalekua eta geltoki berria irekitzeko proiektuari, agerikoa baita mesedegarri izango dela Getxo eta Uribe Kostarentzat, mugikortasunaren eta ingurumenaren alorrean”.

Getxon metroak maiztasun handiagoa du eskualdeko beste herri batzuetan baino. Udalaren esanetan, autoa uzteko tokia eskaintzeak aukera emango dio herritar askori maiztasun horretaz gozatzeko oso prezio merkean –egunean 70 zentimo ibilgailua bertan uzteagatik–, horri esker gidari asko ez dira Getxo hirigunera sartuko eta oro har errepideetatik auto asko kenduko dira. “Garraio publikoa eta autoa konbinatzen dituen aukera hori gero eta gehiago eskatzen dute herritarrek”, Bizkaiko Garraio Partzuergoaren arabera.

 

 

 

Gaur egun pertsona bat dago erroldatuta Tosuko zelaian eraikitako etxola honetan. Tosu Betirako Asanbladak, berriz, 10-15 kide ditu. (Arg.: Hiruka-CC BY SA)

 

 

 

Tosu Betirako Asanbladako kideak ez datoz bat: “Uste dugu aparkaleku bat eraikitzea inoiz ez dela autoak errepideetatik kentzeko; kotxea erabiltzeko beste azpiegitura bat besterik ez da”, diosku Nagorek. “Hemen ondoan autobidea egin zuten ataskoak konpontzeko eta ez zituzten konpondu; orain aparkalekua… Beti aitzakia berarekin dabiltza”. Bide batez, argi utz nahi dute ez daudela Ibarbengoako geltokia irekitzearen aurka, “azken batean eginda dago eta”. Baina administrazioarentzat ezinbesteko baldintza da aparkalekua eraikitzea geltokia zabaldu aurretik.

Parte hartzea bai, baina nolakoa?

Getxon indarrean dagoen Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) 2001ekoa da, eta udal osoa urbanizagarritzat jotzen du, legez ukiezina den kostaldeko marra eta Andra Marin bertan dagoen golf zelaia izan ezik. Testuinguru horretan erabateko zentzua zuen 8.000 etxebizitza eraikitzeko asmoak, baina ikusi dugunez tiradera batean uztea beste irtenbiderik ez zuen izan Udalak 2007an. Handik urte batzuetara prozesu parte hartzailea ireki zuen alternatibak lantzeko, 2011tik 2015era iraun zuena.

Prozesu hartan parte hartu zutenetako bat Iñigo Elortegi Getxoko Auzokideok plataformako kidea da. “Udal gobernu taldeak hiru aukera ipini zizkigun mahai gainean: euren ikuspuntutik baikorra zenak 8.000 etxebizitza egitea zekarren; moderatuak 2.500 eta 4.000 bitartean; eta ezkorrak 2.000. Eurak moderatuaren alde azaldu ziren”. Hortik behera ezer ez. Baina prozesuan parte hartu zutenen %55ek “zero garapen” izeneko hautuaren alde egin zuten, hasierako aukeren artean ez bazegoen ere: 2013-2017 epean etxe berririk ez eraikitzea Getxon, eta udalean hutsik eta erabiltzeko moduan dauden 3.500 etxebizitzak erabiltzea eskaintza berria egiteko. Elortegiren esanetan, proiektua idazteko ardura zuen lantaldeak ez zuen aukera aintzat hartu eta horrek eragin zuen partaideen erdia baino gehiago prozesutik irtetea.

“Ez dituzte 8.000 etxebizitza eraikiko, baina agian 4.000 bai, horretan dabil EAJ”, dio Elortegik. Ez du erraz, eta HAPOa ere ez du berriztu nahi horretarako EH Bildurekin eta Podemosekin negoziatu beharko lukeelako udalean. Seguruenik garai hobeen zain dago, ea gehiengo zabalagoa lortzen duen hurrengo hauteskundeetan”. Beste oztopo bat etor dakioke luze gabe argitaratuko diren EAEko Lurralde Antolamendu Gidalerroetatik, itxuraz filosofia aldaketa ekarriko baitute 2007ko testuinguruarekin alderatuta. “Badirudi orain hiriguneen inguruetako eraztun berdeak babesteko joera dagoela”, dio Elortegik, “krisi garaian lurzorua gorde beharra dago nonbait, amaitu dira udalak eraikuntzako plusbaliekin sostengatzen ziren garai oparoak”.

Etxebizitza premiak ez du justifikatzen milaka etxe berri egin nahi izatea, Elortegiren esanetan. Bat datoz Tosu Betirakoko Gorka eta Nagore. Azken urteetan Getxok biztanleak galdu dituela gogorarazi digute: 83.000 ingurutik 78.000ra.

Beste gizarte eredu baten bila
Tosu Betirako:
“Ez gaude hemen lurra defendatzeko bakarrik, beste gizarte eredu bat sortu nahi dugu, energetikoki, elikadura aldetik, harremanen aldetik... Hau ez da aparkalekuaren kontrako borroka hutsa”

Joko horren erdian, pertsona talde batek bizimodu bat eraiki du, urteen poderioz, Tosuko landan. Edo horretan dabiltza behintzat. 2011tik beti egon da mugimendua bertan. Guztira bost kanpaldi egin dituzte. Lehen hirurak iraupen mugatukoak, hirigintza planen aurka protesta egiteko antolatuak. Azken biak erresistentzia kanpaldiak izan dira, mehatxu zehatzei aurre egiteko abiaraziak eta hasiera batean iraupen mugagabekoak. Horietan azkenekoa 2017ko urtarril amaieran izan zen, itxura osoz obrak hasi behar zituztenean. Momentuz, ordea, topografoak izan dira bertara joan diren langile bakarrak. Lasai egin dute egitekoa, Tosu Betirakoko kideek inolako oztoporik jarri gabe. Makinak doazenerako, berriz, protokolo bat dute prest.

Bien bitartean, hasieran lau horma xume besterik ez zituen etxola negua bertan emateko moduko etxe bihurtu dute, sukalde eta literekin, horma batzuk adobez eta besteak kartoiz eginda, material birziklatua erabiliz. Baratzeek ere bidea egin dute. Bazterketa arriskuan dauden pertsonekin lan egiten duen elkarte bat hurbildu zitzaien orain pare bat urte eta geroztik haientzat da ortuetako bat. Pertsona bat dago erroldatuta Tosuko landako etxolan, eta atean itsatsita daukate beste baten etxebizitzan bortxaz sartzea galarazten duen legearen pasartea, polizia doanerako. Udaltzaingoaren bisita izan zuten behin, erroldatutako pertsona benetan han bizi zela egiaztatzeko. Baina jendearen joan-etorria da Tosuko giroaren ezaugarri nagusia. Hitzaldiak, ekitaldiak, igande arratsaldeetan hanburgesa salmenta… Mugimendua dago, eta gainera bizilagunekin, oro har, harreman ona izateaz harro daude.

“Orain momentua da patxadaz elkarrekin jesarri eta hemen eraiki nahi dugun bizimoduaz hitz egiteko, gure arteko harremanak hobetzeko, konpromiso mailak orekatzeko, botere harremanik ez egoteko”, azaldu digute Nagorek eta Gorkak, “batzuetan asanblada mitifikatzen dugu baina egunero landu behar dira harremanak. Azken kanpaldiaren ostean enpresek ez dute mugimendurik egin eta lasaitasun une hau aprobetxatu nahi dugu barne mailako hausnarketa egiteko”.

“Ez gaude hemen lurra defendatzeko bakarrik”, dio Gorkak, “beste gizarte eredu bat sortu nahi dugu, energetikoki, elikadura aldetik, harremanen aldetik… Plaka fotovoltaikoak dauzkagu, material guztia berrerabilitakoa da, afarietan alboko ekoizleei erositako janaria ematen dugu, edo gure ortukoa. Ez da aparkalekuaren kontrako borroka hutsa”.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Azkenak
2018-09-25 | Zero Zabor
Zubietako martxaren biharamunean, errausketaren aldeko jardunaldia antolatu du GHK

Kontraprogramazioa oraingoan egun batetik besterako tartearekin egin dute GHKko estrategek. Igandean izan bazen Zubietako erraustegirako martxa –hain irudi esanguratsuak utzi dituena–, biharamunerako zeukaten prestatua ‘Waste to Energy: Hondakinen kudeaketa Europan‘ jardunaldia, Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia parkean.


2018-09-25 | ARGIA
Aman Komunak Sarearen deia: "G7 hautsi, goazen borrokara!"

Aman Komunak sareak datorren abuztuaren 25etik 27ra Miarritzen iragarria dagoen G7 munduko gailurra dela eta borrokarako deia egin du. Jarraian irakurgai zabaldu duten oharra osorik.


2018-09-25 | ARGIA
250 eragile eta pertsona ezagunek OkupaTU Gasteiz Eguna babestu eta Udalaren "zentsura" salatu dute

Fermin Muguruza, Gorka Aginagalde, Irantzu Lekue, Bernardo Atxaga, Toti Martinez de Lezea, Juanito Oiarzabal, Blanca Urgell eta Green Valley dira, batzuk aipatzearren, datorren urriaren 6an egingo duten OkupaTU Gasteiz Eguna babestu duten pertsona ezagunetako batzuk. Jendea gonbidatu dute egunean parte hartzera eta Hala Bedik, Gasteizko Gaztetxeak, Auzolana Pilotalekuak eta Errekaleorrek eskainitako agertokia eskertzeaz gain, Udalaren debekua "zentsura" gisa definitu dute.


2018-09-25 | Nahia Ibarzabal
"Esku Harriak: Oteizaren (h)aria" sormen lanaren bertsioa estreinatuko dute urriaren 3an

Iruñean egingo den Garaikide 2018 izeneko zikloaren baitan eskainiko dute MugMus laborategiaren emanaldi berria.


2018-09-25 | Uriola.eus
I˝igo Cabacasen familia eta lagunei babesa adierazteko manifestua

Larunbat honetan, irailak 29, esparru ezberdinetako hainbat lagunek sinatutako manifestuaren aurkezpena egingo da goizeko 12:30ean Bilboko Kafe Antzokian.


2018-09-25 | Guaixe .eus
88 guardia zibil eta 27 ibilgailu azken 4 atxiloketak egiteko

“Ihes egiteko arrisku nabarmena” zegoelako, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Lehen Sekzioko agindua bete eta garagarrilaren 5ean Guardia Zibilak Altsasuko auziagatik epaitutako Aratz, Iñaki, Jon Ander eta Julen atxilotu zituen.


2018-09-25 | Antxeta Irratia
"Beraiek baldin badira erabakia hartzen duten horiek, zer gutxiago, hona etortzea eta egoera ikustea"

Irungo Harrera Saretik ohartarazi digute gaur, Lakaxita gaztetxea migratzaileentzako elkartasunezko harrera gune izatetik, larrialdizko errefuxatu gune bilakatzeko arriskuan dagoela.


2018-09-25 | Hiruka .eus
Presoen aldeko ekimenak 400 pertsona baino gehiago batu zituen Uribe Kostan

Uribe Kostako errepresaliatu politikoen aldeko mobilizazioan parte hartu zuten atzo, domekan, 425 lagun inguruk, Kalera Kalera ekimenaren esanetan. “Garaia da gatazkaren konponbidean urratsak emateko eta, ondorioz, errepresaliatu guztiak etxera bueltatzeko”, adierazi zuten.


2018-09-25 | Uriola.eus
"Ongi etorri Erriberara!"

Mezu horrekin hartu dituzte erriberatarrek orain arte Santutxun egondako migratzaileak. Bi edo hiru aste egingo dituzte Deustuko Erriberan. Auzokideak txandetan antolatzen ari dira “ahalik eta harrera onena” egiteko.


Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude