Zein nota behar da Bizitzaren Zaintzaren Zientzietarako?


2026ko ekainaren 12an - 12:58
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Unibertsitatera sartzeko Proben (USaP) notak jakin dira aste honetan, eta ohiko zalaparta piztu da horien inguruan. Duela hamar urte zailagoak zirela, aurtengoa iazkoa baino zailagoa izan dela, Matematiketako azterketa uf!, Gaztelaniakoa ere ez dela makala izan, %95ak gainditu duela USaP, eta horrekin beste %5ari buruz ere aski esaten da, bikaintasunaren gizartean 100 onenak zeintzuk diren azpimarratu da... Eta egunotan, unibertsitaterako bidean doazen ikasleak jo eta su ari dira batxilergoan eta USaPen bildutako emaitzekin zein karrerara heldu daitezkeen aletzen, hona bai, horra ez...

Batek Ingeniaritza, besteak Medikuntza, haragokoak Filosofia edo Historia, Ekonomia, Informatika... zer nahi. Eta batek pentsatzen du horietako askok balioko dutela David Graeberrek bere liburuetako batean –Bullshit Jobs: A theory– horren ongi definitu zituen kaka lanetan aritzeko. Etorkizuneko langile horien artean batzuen lanak balioko duela gehiago mundua egungo zulo beltzean gehiago amiltzeko, eta beste batzuenak aldiz, pertsonok amildegietatik ateratzen gaituzten zaintza lanetan jarduteko. Lehenak izango dira prestigiozkoenak eta ongien ordainduenak, eta bigarrenak eskasenak eta prekarioenak.

Zeren eta non ikasten da komunak garbitzen, janaria egiten, zaharrak eta haurrak zaintzen, haurrekin jolasten, ingurumena benetan zaintzen, kaka jana alboratzen eta ondo kontsumitzen eta elikatzen, gutxiagorekin bizitzen, hondakinak ondo bereizten... Izatekoan etxean, familian, esango du batek, argi baita horiek guztiak ez direla unibertsitateko ikasketak. Eta, nagusiki, hala da. UsaParen inguruko zalaparta guztiarekin, batek uste du ez dela gehiegi aurreratu hark selektibitatea egiten zuenetik gaur egunera, eta badira lauzpabost hamarkada sasoi hartatik.

Zorionez, badira gizarte sektoreak gero eta gehiago arduratzen direnak zaintza publiko-komunitarioaz. Eta badago lanik. Pentsatu beharko dute –dugu– nola demontre txertatu zaintzari dagokion jakintza eta ardura hori guztia gure hezkuntza sisteman, noizbait ikasleak Bizitzaren Zaintzaren Zientziak hautatu ahal izateko eta horrek gizarte honetako bikaintasunik handiena izan dezan.


Utzi erantzuna

Iruzkinik ez

Hezkuntza kanalean gehiago
2026ko uztailaren 15
Zeroak II

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...