Zein dira EAEko Unibertsitateen Legeko puntu kritikatuenak?

  • Eusko Jaurlaritzak otsailean aurkezturiko Unibertsitateen Lege Aurreproiektuari zuzenketak egiteko epea amaitu berri, eztabaida gehien eragin duten puntuak dakartzagu albiste honetara, irakasle karrerari, ordezko irakasleei, euskarari, unibertsitate sareari eta finantzazioari lotuta, besteak beste.


2026ko ekainaren 4an - 07:00
EHU / Irekia
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

EHU unibertsitate publikoaz gain, Deustuko Unibertsitatea, Mondragon eta Euneiz ere hartzen ditu kontuan Jaurlaritzak aurrera atera asmo duen lege berriak, eta gehitu ditu "etorkizunean Eusko Legebiltzarrak sortu edo errekonozituko dituen Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako unibertsitate publikoak eta ez publikoak". Aukera hori mahai gainean jartzeak kezka sortu du sektorean, unibertsitate gehiago sortzeak ekarriko lukeelako, besteak beste, unibertsitateetara bideratutako diru publikoa entitate gehiagoren artean banatzea. Baina ez hori bakarrik: dagoen irakaskuntza eskaerari publikoak zein pribatuek erantzun behar dioten ekosisteman, unibertsitate pribatu gehiago sortzeari ateak irekitzen zaizkio, eta pribatuek malgutasun handiagoa dute, eskakizunak ez baitira berdinak publikoarentzat eta pribatuentzat.

Unibertsitateko irakasle izateko karrera akademikoari lotuta, aurreproiektuaren honako eskakizunak kontrakotasun ugari sortu du: “Doktorego osteko bi urteko prestakuntza-aldia irakaslearen jakintza-eremuko nazioarteko ikerketa-zentro prestigiotsu batean” (bitxia da, “nazioartekoa” izatea aurreproiektuaren euskarazko bertsioan baino ez da aipatzen). Batetik, faktore ekonomikoak, kontziliaziozkoak eta aukera-berdintasunekoak nabarmendu dituzte ahots kritikoek, eta bestetik, eskaera horrek asko atzeratuko luke unibertsitatean egonkortzea eta finkatzea, are gehiago, planteatzen dituen zailtasunengatik karrera bera ez da hainbatentzat erakargarri izango eta etorkizunean irakasleak aurkitzea zaildu dezake, edo unibertsitate publikora beharrean, zuzenean unibertsitate pribatura zein beste sektoretara joatea.

Irakasle izateko honako eskakizunak kontrakotasun ugari sortu du: "Doktorego osteko bi urteko prestakuntza-aldia nazioarteko ikerketa-zentro prestigiotsu batean"

Lege aurreproiektuak dio, salbuespenak salbuespen, EHUn ez dela ordezko irakaslerik arituko, baina zuzenketak egin zaizkio puntu honi, ohartaraziz ordezkoak ezinbestekoak direla bajak kubritzeko. Ordezkorik ez badago, lan-karga beste irakasleen gain geratzen da, eta bajak eskatzea ere zailagoa bihurtzen da, taldekideen bizkar gainkargarik ez uzteko hainbatek bere burua behartuko duelako lanera joatera, horretarako moduan ez egon arren.

Unibertsitate publikoko irakasle eta ikertzaileei “antzeko jakintza-alorretan irakaskuntza-lanetan jardutea agindu ahalko zaie”, dio Jaurlaritzaren idatziak, eta horrek ere eztabaida piztu du, ikerketaren eta beraz unibertsitateak duen irakaskuntza espezializatuaren kalterako delakoan.

Jaurlaritzak unibertsitate publikoari egiten dion finantzaketa eztabaida iturri izan da aurretik ere. Europako batez besteko mailako finantzaziora konprometitzen da legea, eta hala eskatu dute sindikatuek: EHUren finantzaketa publikoan gutxienez EAEko Barne-Produktu Gordinaren %1a bermatzeko. STEILASek kritikatu du aurreproiektuak sarri aipatzen duela, finantzazioari lotuta, “dauden aurrekontu-aukeren arabera” esaldia, baina argi du sindikatuak: “Unibertsitatearen funtzionamendu normala da bermatu behar dena, ez da aurrekontuari eusteko klausularik sartu behar”. Antzeko ildoan, Joxerramon Bengoetxeak EHUko errektoreak esana du finantzazioak beti sortuko dituela tentsioak unibertsitatearen eta Jaurlaritzaren artean, unibertsitatearen abiapuntua delako beharrak identifikatzea eta Jaurlaritzarena aldiz, “zein aurrekontu dagoen eta horren arabera zein eskaintza egin”. Beste puntu eztabaidagarri bat ere dakar aurreproiektuak: “Ohiko finantzaketa proportzionalki handitu ahalko da kaptatzen diren kanpoko baliabideen arabera”.

Publikoan bakarrik ez, unibertsitate guztietan euskara bermatu dadila eskatu du EHUk. Unibertsitate pribatuetan euskararen erabilera bermatzeko “exijentzia handiagoa” eskatu du STEILASek

Euskarari lotuta, EHUk euskara bermatu behar duela dio aurreproiektuak, eta gehitzen du graduko eta masterreko titulu guztiak euskaraz emateko adina irakasle elebidun izan beharko dituela. Baina publikoan bakarrik ez, unibertsitate guztietan euskara bermatu dadila eskatu du EHUk, eta ildo berean, unibertsitate pribatuetan euskararen erabilera berma dadin “exijentzia handiagoa” ezartzeko eskatu du STEILASek.

Unibertsitate publikoaren zerbitzuak ez azpikontratatzeko ere eskatu du STEILASek, eta LABek, berriz, egiturazkoak diren eta esternalizatuta dauden zerbitzuak publifikatzeko.

LAB sindikatuak salatu du lege aurreproiektuak “unibertsitate pribatuen eredua hauspotzen” duela, eta 160 alegazio baino gehiago aurkeztu ditu. Unibertsitate pribatuen aldeko politikak mugatzea eskatu du: “Unibertsitate pribatuak ez dira aurkeztu behar unibertsitate publikoaren alternatiba baliokide gisa”.


Utzi erantzuna

Iruzkinik ez

Unibertsitatea kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.