Zazpi torturatuk euren kasuak ikertu ditzala eskatu diote Espainiako Estatuari

  • Bere garaian Giza Eskubideen Europako Auzitegiak –Estrasburgoko auzitegiak kaleko hizkuntzan– kasu horiek aztertu zituen eta guztietan zigortu zuen Espainiako Estatua kalte-ordainetara eta kasuok berriz ikertzera. Espainiako Estatuak kalte-ordainak ordaindu izan ditu, baina ez ditu inoiz kasuok ikertu eta Estrasburgori muzin egin dio.

Torturatuak eta abokatuak Iruñeko kaleetan, egindako agerraldiaren ondoren. Jagoba Manterola / Foku

2026ko apirilaren 24an - 11:46
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

2012tik 2021eraino Estrasburgoko auzitegiak 11 aldiz zigortu zituen Espainiako Estatua tortura edo tratu txarren salaketak ez zituelako behar beste ikertu. Salaketa horiek, ordea, mila izan dira Euskal Herrian, azken 50 urteetan. 11 kasu horietatik bederatzi euskal herritarrei egindako torturak izan ziren, guztiak euskal gatazkaren testuinguruan.

Orain horietako zazpik eskatu diote Espainiako justiziari beren kasuak berriz ikertu ditzala. Oihan Ataunek, Patxi Arratibelek, Mikel San Argimirok, Martxelo Otamendik, Xabier Beotegik, Iñigo Gonzalezek eta Beatriz Etxeberriak egin dute eskaera ostegun honetan Iruñean, eta lagun izan dituzte Giza Eskubideen Behatokia, eta Iratxe Urizar eta Oscar Sanchez abokatuak.

Sanchezen esanetan Estrasburgoko auzitegiak emandako epaiak betetzeko garaia da. Urizarrek zehaztu du orain arte ez direla ikertu, baina Espainian ez dela ezer gertatu horregatik, eta horrek sententzia horiekiko ohiko portaera ba adierazten duela, “tortura kasuak ez ikertzearena”.

Martxelo Otamendi: “Bi aldiz gara biktima”

Martxelo Otamendi Egunkaria-ko zuzendaria zen hedabidea itxi eta atxilotu zutenean, orduan torturatu zuen Guardia Zibilak. Bere esanetan, bi aldiz dira biktima, lehenik jasotako torturengatik, eta ondoren, egindako salaketak epaileek ez zituztelako ikertu. Bere ustez, horrek adierazten du “Espainia ez dela guztiz estatu demokratiko bat”. Otamendik salatu duenez, Espainiako justizia torturaren konplize izan zen.

Espainiako Justiziari inoiz ez zaizkio atsegin izan konplizitate akusazio horiek. Horren adibide ugari daude, baina agian esanguratsuena da Arnaldo Otegi ezker abertzaleko buruzagiari jarritako urtebeteko zigorra, 2003an –Egunkaria auziko torturatuen harira– esan zuelako Juan Carlos Espainiako erregea “torturatzileen erregea” zela. 2011n Estrasburgoko auzitegiak ebatzi zuen Otegiren adierazpen askatasunerako eskubidea urratu zuela eta Espainia zigortu zuen horregatik.

Espainiak muzin egiten dio tortura ikertzeari

Euskal Memoria Fundazioak dioenez, azken 50.000 urteetan 9.600 tortura salaketa jaso dira, eta horietatik 4.716 dokumentatu dira. Eusko Jaurlaritzak agindutako ikerketak, bestalde, 4.113 tortura kasu identifikatu ditu, Guardia Zibila, Espainiako Poliziak eta Ertzaintzak egindakoak.

Azken urteetan hainbat torturatuk instituzioen biktima aitortza jaso dute, hala nola Eusko Jaurlaritza edota Nafarroako Gobernuaren aldetik. Ez ordea Espainiako justizia edo gobernuaren aldetik. Horiek muzin egiten diote tortura ikertzeko edozelako eskariri, nahiz eta NBEko torturaren aurkako agentziek, Estrasburgoko auzitegiak edota Giza Eskubideen elkarte ugarik sarritan hala eskatu dieten.

Euskal Herrian torturaren aitortza oso orokorra bada ere, Espainian oraindik ez da urratsik eman bide horretan. Oro har, Espainiako gobernuek, justiziako eragileek eta hedabideek argudiatu ohi dute ETAk agintzen ziela bere militanteei –esku-liburu ospetsu baten bidez– atxiloketaren ondoren beti salatzeko torturak.

Euskal Herrian torturaren aitortzan azken urteetan urrats oso garrantzitsuak eman badira ere, oraindik ere hutsalak dira ikerketaren edota zigorraren eremuan emandakoak, nahiz eta, nazioarteko legediaren arabera, tortura delituak ez duen preskribatzen. Horrek guztiak are eta gehiago indartzen du Euskal Herriko eragile ugarik sarritan salatu izan dutena: Espainiako Estatuan tortura sistematikoa izan dela.

 


Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.