argia.eus
INPRIMATU
Zazpi esaldi feminismoaren ezjakinak eta aurkakoak errazĀ detektatzeko
  • Zure aurrean dago pertsona hori, apur bat ozen esaten dizuna, zuri, berak ez duela feminismorik behar. Gizona izan daiteke, emakumea ere bai… Bere burua ezkertiartzat ere har dezake. Edozein dela ere, berak gauza batzuk badakizki jada, zuk baino dezente gehiago. Zu abiatzen zarenean, bera bueltan dator. Eta orduan honelako esaldi bat botatzen dizu, ederki ahalmenduta bera:

Amelia Barquin Kinka bloga 2023ko urtarrilaren 05a
Argazkia: Pixabay

-“Ni ez naiz feminista ez matxista. [Eta ondoren honelako zerbait:] Ni pertsona naiz / Ni berdinzalea naiz eta kito / Ni berdintasunaren alde nago / Nik ama bat daukat, alaba bat daukat, emakumezko lagun asko dauzkat…”

-“Denaren errudunak amak dira, benetan. Haiek daukate errua ez dituztelako semeak ondo hezi”.

-“Emakumeak dira okerrenak beste emakumeekin. Ez gizonak, ez: emakumeak beraien artean”.  

-“Bortizkeriak ez dauka generorik. Emakumeak ere bortitzak dira. Gizonak bezain bortitzak edo are gehiago, psikologikoki”.

-“Gaur egun emakumeek nahi duten guztia egiten dute jada. Batez ere neska gazteek, ikusi besterik ez dago. Beraz, ez dezagun esajeratu, mesedez”.

-“Emakumeak ederto moldatzen dira, aizu. Manipulatzeko gaitasun handia dute eta soberan dakite gizonak maneiatzen. Gizonak sinpleagoak dira (gizajoak), eta emakumeek errez engainatzen dituzte haiek nahi dutena lortzeko (sorgin halakoak)”.

-“Hemengo feministak Iranen edo Afganistanen ikusi nahiko nituzke nik, indarkeria benetan zer den ikas zezaten”.

-[Jarri hemen zuk ezagutzen duzun edozein esaldi].

Aber, sotil-sotilak ez dira adierazpenok, egiten dituztenek baietz pentsatu arren. Izan ere, zuk ez duzu azalpen hau behar erresistente bat detektatzeko, baina badaezpada.

Posible da pertsona horrek esaldietako bakar bat esatea… edo bi, hiru, edo gehiago kateatzea, bata bestearen ondoren. Bilduma mugatua da, lau gauzatxo, eta behin eta berriro erabiltzen dira lelo berberak. Eta zertarako? Nagusiki igorleak erakusteko bera ez dela esanekoa, irizpide propioak dituela, eta boladan dagoen feminismoari eta woke kultura guztiari muzin egiteko gauza dela, ez zu bezala, artaldeko ardi hori. Benetan mainstreama bere jarrera ez balitz bezala.

Tira, horrela adierazten direnek autopertzepzio biziki eskuzabala daukate askotan. Ez dira kontziente agerian gelditzen dena haien ezjakintasunaren tamaina dela. Pentsa dezagun, gainera, esaldiok ez datozela lagunduta intonazio neutro batekin, erretxin eta ozpinarekin batera baizik. Tonua eta gorputz hizkuntza asertibo eta are agresiboak nabarmenak dira maiz: ez dituzte adierazpen horiek egiten zurekin elkarrizketan sartzeko, baizik eta haien jarrera ideologikoa zuri argi uzteko, eta merezi duzun lezioa emateko.

Zer egin halakoekin? (Arnasa sakon hartzeaz gain)

Hori jakin nahi nuke nik. Ahal duzuna, laztana. Esaldi horiek gertuko senideei entzungo dizkiezu, kuadrillako lagun batzuei, lankide batzuei, dendari eta bezero batzuei, bizilagun batzuei… Zuk ikusi ea pedagogia erabili nahi duzun eta noraino. Ala umorea, ironia, sarkasmoa… Ala desadostasuna adierazi eta listo. Ala haserrea. Ala ez-entzunarena egin. Pertsonaren eta testuinguruaren arabera, ezta? 

Hurbiltzen diren otordu festibo-kolektiboei begira, zer esango dizut… Eutsi goiari, lagun!

Eta, kasualitatez, zeu baldin bazara esaldi horiek botatzen dituena, aizu, inoiz ez da berandu zeozer ikasteko. Apur bat irakurtzeak, feministak arretaz entzuteak, kultur produktu feministak ezagutzeak… horrek guztiak ez dio inori kalterik egiten. Ausartu zaitez.