Zarauzko Euskaltzaleen Gazte Asanblada sortu dute

  • "Euskararen aldeko borrokan lekukoa hartzeko" xedez jarri dute martxan egitasmoa hainbat lagunek, eta Zarautzen euskarak bizi duen egoerarekiko kezka agertu dute.


2026ko abuztuaren 7an - 11:59
Zarauzko Euskaltzaleen Gazte Asanbladako (ZEGA) kideak, Zarautzen. ZEGA
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Zarauzko Euskaltzaleen Gazte Asanblada (ZEGA) sortu dute Zarauzko (Gipuzkoa) hainbat lagunek, "euskararen aldeko borrokan lekukoa hartzeko" xedez. Sare sozialetan bideo bidez eman dute egitasmoaren sorreraren berri, eta herritarrei dei egin diete asanbladara batzeko.  

Sortzaileek adierazi dutenez, duela mende erdi Francoren erregimenak euskarari ezarritako debekuek bizirik jarraitzen dute, “lege errepresiboetan eta zapalkuntzetan gorpuztuta": "Hori garbi geratu da selektibitatearen inguruko erabaki judizialekin, Baxoa euskaraz egiteko debekuekin eta Munduko Futbol Txapelketaren asimilazio nazionalarekin".

Horren aurrean gazteek antolatzea erabaki dute, eta Zarauzko euskararen egoerarekiko kezka agertu dute. Urola Kostako herri hori “arnasgunea” baldin bada ere, ZEGAko kideek zalantzan paratu dute zarauztarrak “salbu” daudenik: “Zarauztarren %73k badakite euskaraz, baina kale erabilera %50ekoa da. Gaztelania hutsean hitz egiten duten kuadrillak normaltzat hartu ditugu, eta zerbitzuen sektorean ingelesari euskarari baino garrantzi handiagoa ematen zaio".

Jai herrikoien alde

Gainera, joan den astean Zarautzen izandako Los 40 Summer Live makro-jaialdien gisakoek jai herrikoientzat "oztopo" izaten segitzen dutela gogorarazi dute. Kontrara, irailaren 5ean Zarautzen antolatuko duten Euskaraz Bizi Egunean eginen diren ekintzetan parte hartzera animatu dute jendea.


Euskara kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...