argia.eus
INPRIMATU
Zaldibarko tragedia hondakinen kudeaketa ereduaren ondorioa dela azpimarratu dute mugimendu ekologistek
  • Alberto Sololuzeren gorpuaren identifikazioak familiari dolua egiten lagunduko diola adierazi dute, baita Joaquín Beltránen bilaketa lanak jarraitzea eskatu ere. Erantzukizun politikoek "argitu gabe" jarraitzen dutela salatu dute.

ARGIA @argia 2020ko abuztuaren 20a
Argazkia: Haimar Altuna @ekilizar

Hainbat mugimendu ekologistek euren iritzia plazaratu dute egunotan Zaldibarko zabortegiaren inguruko azken gertakarien harira. Hondamendiaren ondorioz jaio zen Zaldibar Argitu plataformak oharra zabaldu du sare sozialetan. Sololuzeren gorpuaren identifikazioa “aurrerapena” izan dela adierazi du plataformak, familiari lagundu egingo diolako “dolu prozesuan aurrera egiten”. Joaquín Beltránen gorpuak desagertuta jarraitzen duela gogoratu eta bere bilaketa lanekin jarraitzea exijitu du. Ekologistak Martxan taldearen iritziz, Sololuzeren gorpua agertu izanak “bake pixka bat ekarriko die haren senide eta lagunei”. Beltránen gorpua laster aurkitzeko eta “bilaketa luzeegiari” amaiera emateko desioa agertu du. Zero Zabor Bizkaiak ere bilaketa lanekin jarraitzeko eskatu du.

Sololuze eta Beltrán hil zituen zabor luizia "hondakinen kudeaketa ereduaren ondorioa" dela azpimarratu dute beste behin Zaldibar Argituk, Ekologistak Martxanek eta Zero Zabor Bizkaiak. “Istripua ez zen ustekabekoa izan, hondakinak kudeatzeko sistema eskas baten emaitza baizik, zeinak lehentasuna ematen baitio enpresek etekinak lortzeari osasunaren eta ingurumenaren babesaren aurretik”, adierazi du Zero Zaborrek. EAEko zabortegien auditoria publikoa exijitu du, eta zabortegien kudeaketa “publikoa eta gardena” izan dadin. Ekologistak Martxan akusazio partikular bezala aurkeztu zen Verter Recycling 2000 enpresaren aurkako prozeduran, baina oraindik ez du bere eskaeraren inguruko erantzunik jaso. Zaldibar Argituk adierazi du Zaldibarkoa “ekidin zitekeen tragedia” dela, eta berriz ez gertatzeko, hondakinen kudeaketa eredua aldatu beharra dagoela.

Erantzukizun politikoak argitu

Verter Recycling 2000 enpresa Eizagako zabortegiak sortutako kalte naturalak lehengoratzeko ardura bere gain hartzea eskatu du Zero Zabor Bizkaiak, eta erantzukizun politikoak argitzea. Hain zuzen ere erantzukizun politikoak zehaztu gabe jarraitzen dutela nabarmendu du Zaldibar Argitu plataformak. Lanean jarraituko duela adierazi du plataformak, hiru helburu lortu arte: Beltranén gorpua aurkitu, erantzukizun politikoak onartu, eta hondamendiak herritarren osasunean izan dituen eta etorkizunean izan ditzakeen kalteak argitu.