argia.eus
INPRIMATU
Zaku bete ikatz Olentzerori
  • Iruñeko haurrak oparirik gabe geratu dira ia-ia aurtengoan. Izan ere, Olentzero gizon arriskutsutzat dute zenbaitzuk, eta traba dezente jarri nahi izan dizkiote iruindarren etxeetara iristeko. Eskerrak gure Olentzero begi gorriak adiskide asko dituen!

2007ko abenduaren 29a
Olentzeroren kalejira

Gabonetan, inork ez du dudarik egiten opari eder asko jasoko dituela. Arazoa ordea, opari horiek nork ekarriko dizkion erabakitzeko orduan sortzen da: Olentzerok, Hiru Errege Magoek ala Santa Claus edo Bizarzurik. Yolanda Barcina Iruñeko alkateak ere duda horixe zuen, eta inkesta bat prestatu zuen, herritarrek hiruetako bat aukeratu zezaten: Olentzero, Errege Magoak ala Bizarzuri. Erantzunak ez zaizkio gehiegi gustatu ordea... Badirudi iruindarren %88 inguruk nahiago duela opariak Olentzerok ekartzea. Iruñeko Udalean erantzunarekin deseroso sentitu ziren nonbait, eta inkesta Udalaren webgunetik kendu dute. Horrez gain, inkestaren emaitzak ere desagertu egin dira. Baina argi dago inkesta egon bazegoela, Googlen bilaketa eginez gero, zer edo zer agertzen baita (noski, orain lotura okerra ematen du). Aipatu behar da, baita ere, nahi adina aldiz har zitekeela parte inkestan. Gainera, azkar asko zabaldu zen inkestari buruzko berria Interneten. Baina gauzak diren bezala, Olentzero ikatz pila beltz handi baten azpian hondoratu nahi izan dute.

 

Askotan entzuten ditugu Olentzeroren aldeko edota kontrako oihuak, euskalduna dela eta. Errege Magoen ohitura ere Euskal Herrian aski zabaldurik badago ere, antimonarkiko batzuk kontra altxatzen dira. Eta Santa Claus amerikarraren aurka zer esanik ez. Gabonek ekartzen duten giro epel eta maitagarria alde batera uzten saiatzen dira batzuk polemikaren bat edo beste piztuaz. Baina herriak elkartzeko ere balio dezaten kuxkuxean ibiltzen dira beste batzuk, eta Bizarzuri Euskal Herriarekin lotu duenik ere bada... San Nikolas 280 eta 345 urte inguruan haurren alde lan asko egin zuen apaiz bat izan zen. Europa osora zabaldu zen San Nikolasen eragina, gero pixkanaka galtzen joateko. Holanda inguruan ordea, Sinterk laas deiturarekin gogoratzen zuten santuaren oroimenak bizirik iraun zuen. Holandar askok emigratu zuten gaur egungo New York hirira (garai hartan –XVII. mendean– New Amsterdam). Bertan, ingelesekin nahastu eta Sinterk laas Saint Claus bilakatu zen. Badirudi ‘Nöel’ deitzeko aldaketa Frantzian eman zela. Azken batean, kontua da, San Nikolas, Santa Claus edo Papa Noel izan, benetako jatorriak ez duela herrien arteko mugez ulertzen. Benetako jatorria kristautasunean du. Holandarrek gogoan mantendu zuten Sinterk laas bera da euskaldunek mantendu zuten San Nikolas, eta baita Ameriketatik bueltan etorri zaigun Santa Claus ere.

 

Ekartzen digutena gustukoa dugun artean, askorik axola al digu ba, Olentzerok, Erregeek ala Santa Clausek ekarri digun?

 

Lotura interesgarriak: