Karrikara atera dira Usurbilen (Gipuzkoa), zaintza aringarri pediatrikoen arloan arreta urria dela salatzeko. Besteak beste, prestakuntza espezializatua falta da, ez dago lurralde osorako planik eta ezin da bermatu etxez etxeko arreta.
Heriotzaren bueltan sortzen diren isiltasuna eta tabua apurtzea, herritarrak ahalduntzea eta heriotzaren inguruko ezagutza zabaltzea ditu helburu Hil Argi elkarteak. Horren barruan, Gehiago gara ekimenaren bidez, haurren heriotza eta heriotza haurrekin naturaltasunez eta gizatasunez bizitzeko jarrerak bultzatu nahi dituzte. Larunbatean, kultur ekitaldi bat egin dute Usurbilgo Sutegi aretoan, zaintza aringarri pediatrikoak errealitate bihurtzeko eskatzeko. Zaintza pediatrikoek egunak, asteak, hilabeteak edota urteak iraun ditzakete. Gaixotasun sendaezinak, progresiboak edo bizi-itxaropen mugatua duten haur eta gazteek, eta haien familiek, jaso dezakete zerbitzua. Elkarteak emandako datuen arabera, Hego Euskal Herrian 3.200 haur inguruk behar dituzte zaintza hauek.
Amaia Madariaga elkarteko kidea eta ama da. Haren alaba Elene duela bederatzi urte gaixotu zen, eta duela zazpi urte hil zen. “Diagnostikoa etorri zenean esan ziguten oso tumore gaiztoa zela, haur guztiak urte bat eta biren barruan hiltzen zirela eta ez zegoela tratamendurik. Berehala, bere aitak eta nik argi ikusi genuen ospitalizazioak eta beldurrak saihesten saiatuko ginela, eta etxean zaindu nahi genuela”, kontatu du. Zumarragan (Gipuzkoa) bizi arren, gernikarra da Madariaga. Orduan, hilabete batzuetan amaren etxean egoteko aukera izan zuten. Elenek eskatuta, Zumarragara itzuli ziren gero. Diagnostikoa jaso eta hil zen arte hogeita bat hilabete igaro ziren; horietatik zazpi, zaintza aringarrietan.
Gernikan (Bizkaia) egon ziren hilabeteetan, Gurutzetako ospitalean dagoen zaintza aringarri pediatrikoko taldeak etxean artatu zituen. Hala ere, ez dute hogeita lau orduko zerbitzurik. Zumarragan, aldiz, helduentzako etxez etxeko arreta baino ez zegoen: “Bertako langileei guztiz eskertuta gaude, baina ikusi genuen kasuak apur bat handi geratzen direla. Ez direlako zaintza aringarri pediatrikoetan formatutako langileak”. Gainera, aste barruan zerbitzua 20:00etan amaitzen zen, eta asteburuetan, 15:00etan: “Hatzak gurutzatzen ibiltzen ginen, larrialdietara eraman behar ez izateko. Pentsatzen badugu non nahiko genukeen egon, bizi eta zaintza jaso —ospitalean ala etxean—, uste dut haurrek, zalantzarik gabe, etxea aukeratuko luketela. Gauzak ondo egitea lortzen bada, etxean eta familiako guztiak batera egoteko eta lagunen babesa sentitzeko aukera izatea izugarria da”.
Talde espezializatu, egonkor eta hurbil bat izateak, eta taldeak familiaren egoera ondo ezagutzeak “gertutasuna” eta “lasaitasuna” transmititzen dituela dio. Aldiz, zaintza azken egunera arte bermatzen ez bada, sufrimendua eta mina areagotu daitezkeela nabarmendu du: “Zaintza aringarri pediatrikoek, bizitza salbatu ezin denean, bizitza asko luzatzen dute. Umetxoari izugarrizko kalitatea eskaintzen diote, bai ospitalean, bai etxean”.
"Zaintza aringarri pediatrikoek, bizitza salbatu ezin denean, bizitza asko luzatzen dute. Umetxoari izugarrizko kalitatea eskaintzen diote, bai ospitalean, bai etxean"
Madariaga osasun arloko langilea ere bada, eta azaldu du Hego Euskal Herrian ez dagoela arlo horretan espezializatzeko prestakuntza espezifikorik. Horrez gain, nabarmendu du jaiotzak eta bizitzak akonpainamendu handia dutela, baina heriotzak “askoz gutxiago” duela: “Denak jaio, bizi eta hilko gara, baina ez dago pedagogia berezirik. Beldurra ematen du”. Beldur hori paralizatzailea dela dio: “Beldur horregatik, jendea ez da ausartu unitate espezializatuak sortzera. Arduradun politikoei eskatzen diegu politika egokiak egiteko. Ez da aski gaur egun dauden osasun arloko langileekin, ezin dira ibili beraien orduetatik kanpo borondatez lan egiten, eskubidea bermatu behar da eta ezin da lurraldekako diskriminaziorik egon”. Adibidez, Osakidetzak HaurSare programa diseinatu du, baina benetan praktikan jartzen dela ikusi nahi dute.
Argi dute zer behar den: zaintza aringarri pediatrikoetan, profesional trebatuen diziplina anitzeko taldeak osatu behar dira, etxean eta ospitalean arreta integrala bermatzeko, eguneko 24 orduetan eta asteko zazpi egunetan. Zerbitzu horiek lurralde guztietako haurrengana iritsi behar dute, diskriminaziorik gabe. Diagnostiko zail bat dagoenetik, sendatzeaz arduratzen diren taldeek eta zaintza aringarrikoek koordinatuta lan egin behar dute, sufrimendua saihesteko. Eta heriotzaren ondoren, familiei laguntza psikologikoa eta soziala eskaini behar zaie, eta profesional guztien prestakuntza espezializatua eta etengabea bermatu.
Zerbitzuen gabezia gizartearen isla dela dio Nere Erkiagak, Hil Argi elkarteko kideak: “Heriotza tabua bada, haurren heriotza are tabu handiagoa da. Inork ez du espero haur bat hiltzea, baina hil egiten dira”. Kontatu duenez, horrek eragiten du osasun arloko profesional batzuk, beldurragatik, sendaezina dela eta haurra hil egingo dela esateko gai ez izatea: “Ez onartzeak eragin dezake probekin eta tratamenduekin tematzea, eta haurrari lasai egoteko aukera kentzea”. Beste aukeretako bat da esatea ez dagoela ezer egiterik eta blokeatzea: “Justu hor asko dago egiteko”.
Kultura, zaintzarako nahitaezkoa
Ekitaldia kulturaz josi dute, kultur sortzaileak zaintza prozesuan eragile garrantzitsuak direla uste baitute. Porrotxek, Marimototxek, Goazen! telesaileko aktoreek eta beste askok hartu dute parte ekitaldian. “Kultur sorkuntza bihotzera heltzen da. Egoera zailetan poza sortzen du. Kultur sortzaileek haurren bizitza zabaltzeko aukera daukate, zaintza aringarri pediatrikoek duten bezala”, esan du Erkiagak.
Madariagaren familiarentzat ere, kulturak leku berezia izan du prozesu guztian. Azken aldian, Elene etxetik ia atera ezin zenean, orduak ematen zituen Goazen! ikusten eta, gurasoen laguntzaz, dantzan. “Pila bat disfrutatzen zuen, eta Porrotx ikusten zuenean, pentsa ze poza eta subidoia”.
Azkenik, nabarmendu du Gehiago gara egitasmoa mina eraldatzeko modu bat izan dela: “Gizartean eragiten saiatu nahi dugu, gizarteak gai honen aurrean gaitasun handiagoa izateko eta baliabideak errazteko. Gure alaba Elene, beste umetxo batzuekin batera, egitasmo honen sortzailea da”.