Zarrakaztelu, Azkoien eta Erriberri dira egoerak bereziki eragiten dien herrietako batzuk. LABek ohartarazi duenez, arazoa “egiturazkoa” da, eta Osasunbideako lanpostuen antolaketa berrikusi behar da.
Nafarroako Administrazioak Familia eta Komunitate Medikuntzako 40 lanpostu eskaini zituen 2025eko urriaren 9ko Enplegu Eskaintza Publikoan (EEP). Hutsik dauden plazak dira, hau da, bete gabe daudenak edo aldi baterako langileek betetzen dituztenak. LAB sindikatuaren arabera, arazoa bereziki nabarmena da landa eremuko osasun etxeetan, Zarrakaztelu, Azkoien eta Erriberri kasu. “Oposiziora ateratzen diren plazak okerrenak edo inork nahi ez dituenak izaten dira. Plaza hartu, eta berehala joan egiten dira”, azaldu du Iban Irisarrik, LAB sindikatuko Osasunbideako delegatuak. Haren esanetan, plazak betetzeko zailtasunak lotura zuzena du lanpostuen ezaugarriekin.
Oposizio lehiaketa bidez esleitu aurretik, plaza horiek beste zentro batera joan nahi duten eta dagoeneko plaza duten profesionalei eskaini behar zaizkie. Borondatezko mugikortasun prozesu hori azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuaren 20.2 c) artikuluan dago araututa. Lekualdatzeak gauzatu ondoren, plaza huts berriak sortzen dira.
Irailaren 1ean egin zituzten azken lekualdatzeak, eta oposizio bidez betetzeko ziren hainbat plaza hutsik geratu dira. Irisarriren arabera, prozesuen arteko denbora desoreka ere arazoa da: “Lekualdatze prozesuek sei edo zortzi hilabete irauten dute. EEPren eta lekualdatzeen artean desfaserik ez egoteko, lekualdatzea atzeratzeko eskatu diete langileei. Haien borondateari esker atzeratzea lortu duten arren, ez dute guztiz lortu plazak betetzea”.
“Mediku eta paziente arteko harremana oso hauskorra da. Etengabe lekuz aldatzen bazaituzte, ez da harremanik sortzen”
Plazak betetzen ez badira, administrazioaren asmoa produktibitate programatuaren bidez estaltzea dela azaldu du Irisarrik. Horretarako, aldez aurretik irailerako eta urrirako antolatutako aparteko lan orduak erabiliko lirateke. Orain arte, ordea, unean uneko beharren arabera antolatzen ziren aparteko orduak. “Ez dakigu hutsik geratuko diren edo ez. Momentuz, Erriberrin, adibidez, lekualdatzeetan hutsik geratu diren lau plazetatik hiru bete dituzte. Gainerakoetan, ez dakigu”, esan du Irisarrik.
Arretaren kalitatea kolokan
Bestalde, behin plaza bat hartuta, gutxienez bi urtez egon behar da zentro horretan lanean. Epe hori igarota, ordea, langileek lekualdatzea eskatzen dutela dio LABeko ordezkariak. Horrek, haren ustez, eragina du osasun arretaren kalitatean: “Egiturazko arazo bat da, eta lanpostuen antolakuntza berrikusi behar da”.
Iñaki Moreno Nafarroako Osasun Plataformako kideak bat egin du Irisarriren analisiarekin. Langileen egoerari dagokionez, aparteko orduek “gehiegizko lana” eragiten dietela nabarmendu du. Horrez gain, eraginkortasuna ere “gutxitzen” dela ohartarazi du, langileak behin eta berriz aldatzen direlako eta, ondorioz, pazienteen testuingurua ezagutzeko zailtasunak dituztelako. Morenoren esanetan, egoerak eragin zuzena du pazienteen eta medikuen arteko harremanean ere: “Mediku eta paziente arteko harremana oso hauskorra da. Etengabe aldatzen bazaituzte, ez da harremanik sortzen”.