Zahar etxeetako egoera kritikoa salatu dute senideek Hegoaldeko lau hiriburuetan

  • Manifestazioetara dei egiteko oharrak hala zioen: “SOS zahar egoitzak! Adineko pertsonen eskubideak ez dira adinarekin iraungitzen”. Adinekoen senideak erabat kezkatuta daude, batez ere zahar egoitzetan bizi duten egoera larriagatik. Egoitzak isolamendu zentro bihurtu dituztela adierazi dute.

Urriaren 31n, Bilboko kaleetan manifestazioa. Argazkia: Ecuador Etxea.

2020ko azaroaren 02an - 09:32

Urriaren 31n Gasteizen, Donostian, Iruñean eta Bilbon egin zituzten manifestazioak, baita 70 herritan ere. Deitzaileak asko izan ziren: Zahar egoitzetako erabiltzaileen elkarteak (Arabako eta Bizkaiko Babestu, Gipuzkoako Senideak, Arabako Egoitza eta Eguneko Zentroetako Erabiltzaileen Senideak eta Iruñeko Zainduz elkartea), Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua eta Irauli Zaintza elkartea.

Zahar egoitzatako erabiltzaileen eta senideen egoera gogorraz gain, eguneko zentroetakoak eta etxez etxeko laguntza jasotzen dutenak izan dituzte gogoan.

COVID-19a dela-eta erabiltzaileen bizi kalitateak nabarmen egin du behera, baina manifestazioen antolatzaileek birusa etorri aurreko egoera gogoratu dute, oraingoa haren ondorio dela argudiatuta: “Zerbitzuen kalitatea gero eta eskasagoa da; aurrekontuen murrizketek, zerbitzuen pribatizazioak, langile-faltak, lan-baldintzen prekarietateak eta administrazio eskudunek ikuskaritza-lanei muzin egiteak hondatu egin dute”. Pandemia garaian, egoitzak isolamendu zentro bihurtu direla salatu dute, eta langileen eta erabiltzaileen eskubideak urratzen direla. Egoitzak itxita, egoiliarrak tratu txar instituzionala jasaten ari direla diote senideek.

Bestalde, onartezintzat dute, nahiz eta halako neurri zorrotzak hartu udazkenerako, bigarren olatuan hainbeste kutsatu eta heriotza egon izana.

Manifestazioa Iruñeko kaleetan. Argazkia: Ekinklik.

EAEn, foru aldundien eta Eusko Jaurlaritzaren erantzunik ez dutela jaso diote, azalpen bat bera ere ez dietela eman: “Ez dugu ulertzen, 700 nagusi hil ondoren, erakunde bakar batek ere hausnarketa autokritikorik ez egitea; aitzitik, pozik ei daude, gauzak ondo egin dituztelako”.

Senideek pandemiari aurre egiteko abiatu diren neurri eta protokoloen ebaluazioan eta bisiten eta irteeren kudeaketan parte hartu nahi dute: “Administrazioei exijitzen diegu gizarte-eragileen esku-hartzea onartzeko, mendekotasunaren inguruko arreta-eredua aldatzeko, izaera unibertsal eta hurbila duen eta arreta duina eta kalitatezkoa bermatzen duen zerbitzu sozio-sanitarioen sare publikoa bultzatuz eta sistemaren kontrol zorrotza eginez”.

Manifestaziorako prestatutako prentsa oharra COVID-19agatik edo penaz hil diren pertsonak gogoratuz bukatu dute.

Salaketa kanpaina hasiko dutela egin du mehatxu Gipuzkoako Senideak elkarteak

Manifestazio bezperatako oharra da. Hala dio oharrak: “Legearen aplikazioa besterik ez diren gai horiek betetzen ez badira, banakako eta taldeko salaketa kanpaina hasiko dugu, egoiliarren eta haien senideen oinarrizko eskubideak behin eta berriz zapaltzeagatik”. Debeku diskriminatzailetzat jo dute egoiliarrei egoitzatik ateratzen ez uztea, gaixorik ez badaude ere. Eta kritikatu dute hainbat zahar etxetan bisitak egiteko zailtasunak dituztela eraikinek baliabide egokirik ez dutelako. Erakunde publikoei eskatu diete irteerak besterik gabe egoiliar guztiei ez debekatzeko eta egoitzetan baliabideak jartzeko bisitak egoki egin ahal izateko. Behar horiek beteko ez badira, salaketak jartzen hasiko direla adierazi dute.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Koronabirusa
Hamar milioi euroko komisioak sortu zituzten Koldo García atxilotu duten maskaren operazioan

Guardia Zibilaren esanetan, Victor de Aldama enpresariak ordaindutako diru kopurua litzateke hamar milioi euroko hori, eta Espainiako Garraio Ministerioak pandemia garaian egindako salerosketei lotuta legoke. Ostegun honetan utzi dute aske García, epailearen aurrean... [+]


Ikasgela kalera ateratzetik lau horma artera itzuli al dira eskolak, pandemia ostean?

"Pandemiaren ondoren, jakinarazi ziguten eskolatik kanpoko jarduerak askoz gehiago sustatuko zirela, eskura dauden ingurunean eta baliabideak erabiliz, baina gure seme-alaben hezkuntzan hain garrantzitsua den konpromiso hori ez da betetzen ari". Guraso batek... [+]


2023-07-04 | Ilargi Manzanares
Asteazkenetik aurrera ez da derrigorrezkoa musukoa Hegoaldeko osasun zentroetan

Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean amaituko da musukoaren beharra, eta COVID-19 pandemiak eragindako murrizketak amaituko dira. Hainbat salbuespen izango ditu: zainketa intentsiboetako unitateetan, onkologikoen eremuetan, ebakuntza geletan edo larrialdietan,... [+]


90.000 milioi euro irabazi zituen industria farmazeutikoak, diru publikoz finantzatutako COVID-19 txertoekin

Enpresek diru publikoa jaso zuten ikerketarako, eta iparraldeko herrialdeek aldez aurretik erosi zizkieten txertoak. Bitartean, txertoen prezioak igo egin zituzten multinazionalek. Gaur egun, herrialde txiroenetan, %23k baino ez du dosi osoa, SOMOren ikerketaren arabera.


Gaurtik aurrera maskara ez da beharrezkoa garraio publikoan Hegoaldean

Espainiako Ministroen Kontseiluak onartu du maskara hautazkoa izatea garraio publikoan. Baina gomendagarria da gaixotasunen sintomak dituztenentzat eta pertsona zaurgarrientzat. Derrigorrezkoa izaten jarraituko du osasun zentroetan.


Eguneraketa berriak daude