Bizkaiko erresidentzien greba: Begirada berriak

  • Ez dakit jakingo duzuen baina Bizkaiko erresidentzietako emakumeak gonbidapen ugari jasotzen ari dira estatuko txoko ezberdinetatik beraien gatazkaren berri emateko. Madrilen, Bartzelonan, Logroñon... egon dira jada.


2018ko maiatzaren 08an - 15:16
Bizkaiko zahar egoitzetako langileak greba luzeko borroka egun batean. Argazkia: Ecuador Etxea.

Astero iristen zaizkie gonbiteak. Aukeratu beharrean egonik, eragile feminista eta orohar mugimendu sozialetatik datozen hitzorduak lehenesten ari dira. Deigarria egiten zaigu Euskal Herritik datozen gonbidapenak askoz ere gutxiago izatea. Zergatik ote?

Gauzak horrela, Paristik ere iritsi zitzaion sindikatuko genero berdintasun alorrari gonbidapena gai honetaz hitz egiteko. Kasu honetan Frantziako CGT, FSU eta Solidaires sindikatuen eskutik. Izan ere, sindikatu hauetako emakume delegatu eta militanteek topaketa feministak antolatzen dituzte urtero gai ezberdinen inguruan. Eztabaida teorikoak adibide praktikoekin osatzen saiatzen dira eta hara non, aurten, Bizkaiko erresidentzietako borroka ezagutu nahi zuten.

Imajina ezazue argazkia: laurehun emakume inguru, Frantzia osotik joanak, zahar eta gazte, belarriak erne, adi-adi. Solidaires sindikatuko jatorri valentziarra duen Consuelo izeneko emakume batek egin zizkidan itzulpen lanak. Consuelok “Gora Borroka Feminista” zioen afixa bat jarria zuen eszenatokian (bai, euskaraz!). Harrera ezin hobea beraz. Hasieratik sentiarazi ninduten lagun artean.

Gatazkaren nondik norakoak azaldu nituen. 370 egun iraun zituen grebak borroka sindikala eta feminista uztartu zituela ezinbestean, zaintza lanen duintasuna zegoela jokoan, sindikatua emakume hauen ahalduntze pertsonal eta kolektiborako tresna izan zela, ekintza moldeetan ere berritzaileak izan zirela, antolakuntza eta erresistentzia kutxarik gabe ezinezkoa izango zela...

Astero iristen zaizkie gonbiteak grebari buruzko hitzaldiak emateko. Deigarria egiten zaigu Euskal Herritik datozen gonbidapenak askoz ere gutxiago izatea. Zergatik ote?

Segituan konturatu nintzen interes handia piztu zuela gaiak, galdera pila bat sortu ziren, irribarreak nagusi... eta hunkigarriena, gatazkaren irudiak jasotzen zituen bideoa ikusi eta gero, emakume gehienak zutik jarri eta txaloka hasi ziren! Emozioak bor-borka, harro, negarrari ezin eutsita utzi ninduten... Eta pentsatu nuen, erresidentzietako emakumeek hau ikusiko balute! Izan ere, han geunden emakumeen artean elkartasun sentimendu estu bat gailendu zela sentitu nuen eta horrelako emozioek dozenaka argudio arrazionalek baino gehiago balio dutela.

Dudarik gabe, Bizkaiko erresidentzietako emakumeen greba historikoa izan zen, askotan esan dugu hori gure sindikatuan. “Historikoa” hitza bera sarritan erabiltzen denez, ordea, esanahia ahultzeko arriskua ere badago. Parisen berretsi nuen, ordea, 370 egunetako grebarik ez dagoela beste inon eta emakume hauen borroka emakume feminista eta ezkertiar guztientzat eredu izan beharko litzatekeela.

Parisera joatea atsegina da gehienetan baina bidaia honetatik bereziki ikasi dut askotan ondo datorrela egiten ari garena beste era batera begiratuko duten begiradak bilatzea. Begirada ezberdin eta objektiboagoekin topo egiteak balio izan digu ELAn emakumeen bizi baldintzak duintzeko sektore askotan egiten ari garen lanaren balioaz jabetzeko eta nola ez, erresidentzietako emakumeen lorpena nazioarte mailan ere kokatzeko. Merezi dute eta, hori eta gehiago!

Iritzi artikulu hau ELAk argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Prekarietatea
Arrasaten zama gainera erori zitzaion garraiolaria hil da: "Lan istripuen gorakada gogorra jasaten ari gara"

LABek jakinarazi duenez, martxoaren 14an materiala garraiatzen ari zela zama gainera erori ondoren larri zauritutako langilea zendu da asteartean. Jadanik hamazortzi lagun dira urtea hasi zenetik lanean hildakoak, sindikatuaren arabera, eta lan istripuen "gorakada... [+]


2024-03-14 | Gedar
Mercadonak %40 areagotu ditu irabaziak, eta %30 Inditexek

Marka historikoak hautsi dituzte bi enpresek 2023an: Mercadonak lehen aldiz lortu du 1.000 milioi euroko irabaziak gainditzea.


Indarberriturik atera dira sektore publikoko langileak, hirugarren greba egunean

Sindikatu deitzaileen arabera, ikasturte honetan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako sektore publikoan antolaturiko greben artean jendetsuena izan da asteartekoa, eta batez ere garraio publikoan, hezkuntzan eta udal esparruan izan du eragin handiena. Manifestazioetan 30.000 lagunek... [+]


2024-02-27 | ARGIA
Langile bat hil da Arrasaten; urtea hasi denetik, 17

Astelehen arratsean gertatu da ezbeharra, Arrasaten, hiru metroko sakonerara erorita.


Eguneraketa berriak daude