argia.eus
INPRIMATU
Zabalza auzia ez desklasifikatzeko, “segurtasun nazionala” argudiatu du Espainiako Justizia ministroak
  • Felix Bolaños Espainiako Justizia ministroak esan du gardentasuna dagoela segurtasun nazionalaren menpe, eta behin eta berriz hala nabarmendu du, Mikel Zabalzaren heriotzaren inguruko auzia ez desklasifikatzeko. Auziaren eta segurtasun nazionalaren arteko lotura, baina, ez du argitu.

ARGIA @argia 2024ko urriaren 09a
Ahotsa.info

Uxue Barkos Geroa Baiko senatariak Zabalzaren auzia sekretupetik ateratzeko eskatu du, kasuaren inguruko agiriak desklasifikatzeko, baina ezetz erantzun dio Bolañosek. Ministroaren arabera, sekretu ofizialen lege frankista zaharkituta dago eta aldatu egin behar da, are, PSOEren gobernua informazio klasifikatua desklasifikatzeko prest dagoela esan du, baldintzak ematen badira, baina Zabalzaren inguruko agiriak ez dituzte desklasifikatuko, segurtasun nazionalaren izenean. “Segurtasun nazionalak integritatea, askatasuna eta hainbatetan gure herrialdeko herritar guztien bizitza suposatzen ditu”, adierazi du.

Uxue Barkosek nabarmendu du bai herritarrek, bai Mikel Zabalzaren familiak gertaturikoa jakiteko eskubidea dutela

Zertan eragiten dio Mikel Zabalzaren heriotzak segurtasun nazionalari? Bolañosek ez du argitu, nahiz eta segurtasun nazionalaren argudioa erabili duen behin baino gehiagotan. Bertsio ofizialaren arabera, Bidasoa ibaian itota hil zen Zabalza, atxilotua ez izateko ihesean, baina froga forentseek iradokitzen dute Guardia Zibilen torturen ondorioz hil zela, Intxaurrondon. Hala onartu dute bai Eusko Jaurlaritzak, bai Nafarroako Gobernuak.

Uxue Barkosek Bolañosi erantzun dio sekretu ofizialen legea aldatzea beharrezkoa dela, “biktima guztiei berdin begiratzeko”. Senatariaren hitzetan, “biktima batzuei egia, justizia eta erreparazioa ukatzen zaie, eta oinarrizkoa da hori”. Egia ez ezkutatzeko eskatu die Justizia eta Defentsa Ministerioei, eta nabarmendu du bai herritarrek, bai Mikel Zabalzaren familiak gertaturikoa jakiteko eskubidea dutela.