Zaballako espetxean preso bat hil dela jakinarazi du Salhaketa elkarteak

  • Uztailaren 20ko gauean hil zen J.J.H, aurten Zaballan hil den hirugarrena. Elkarteak salatu du 60 urteko presoak osasun arazo larriak zituela eta hasieran kartzelak ukatu egin ziola mediku zerbitzua jasotzea. Elkartearen arabera, ez dago "ez baliabiderik ez interesik" kartzelako egoera aldatzeko, eta, horregatik, elkarretaratzera deitu du ostegunean 12:00etan Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan. 


2026ko uztailaren 28an - 11:52
Azken eguneraketa: 13:09
Zaballako presondegiko preso bat hil dela salatu dute. Irekia
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Arabako presoen aldeko elkarteak salatu du Zaballako kartzelako 60 urteko preso bat hil dela. Azaldu duenez, uztailaren 20ko gauean jazo zen. Presoak osasun arazo larriak zituen, eta "behin eta berriz" eskatu ostean, ospitalera eraman zuten eta bertan hil zen. Elkarteak familiarengatik jakin du berria, espetxeak ez baitio jakinarazi. "Ez dago erantzunik, kartzelak ez digu komunikatzen". Elkartearen arabera, ez da "komunikazio akats puntuala", diotenez, isiltasuna baita "espetxearen funtzionamenduaren oinarria". Salhaketak elkarretaratzea egingo du ostegunean 12:00etan Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan, kartzelako egoera salatzeko.

Heriotzaren kausak ez daude argi, baina elkartearen arabera, presoak endekapen kognitibo larria zuen; ez zituen aurpegiak eta izenak gogoratzen. Erizaindegian artatzen zuten, baina ez "behar bezala". "Nahiz eta presondegiak jakin endekapen kognitibo handia zuela, ez zuen neurririk hartu bere patologiaren araberako osasun arreta bat jasotzeko", azaldu dio ARGIAri Marta Aldanondo Salhaketa elkarteko kideak.

Hil aurretik saihetsaldean mina zuela eta gorotzetan odola bota zuela adierazi zuen presoak, eta ziegan erori ere egin zen. Hasieran ukatu egin zioten, baina azkenean ospitalera eraman zuten, funtzionario batek eskatu ostean mediku batek arta zezala. Gau hartan hil zen, ospitalean. Salhaketaren hitzetan, gertatutakoaren berreraikitzea lehendik artatzen ibili zitzaizkion presoek egin zuten, "modu informalean"

Salhaketaren hitzetan, gertaturikoa ez da ekintza isolatua. Izan ere, urte honetan Zaballako espetxean hil den hirugarren presoa da; otsailaren 9an preso bat hil zen, osasun arazoengatik, eta apirilaren 10ean beste bat. "Kartzelak nahiz eta esan suizidioak edo droga gaindosiak prebenitzeko protokoloak ezarri dituela, gaur egun barruan daudenak dira oraindik ere ahaztuenak", esan du Aldanondok. Are, gaineratu du ez dagoela "baliabiderik, interesik edota borondaterik" egoera aldatzeko. Esaterako, presoek salatu izan dute ez dietela haizagailurik edukitzen uzten

Gauzak horrela, elkarteak doluminak helarazi dizkio familiari eta kartzelako presoen egoera salatzeko elkarretaratzera deitu du ostegunean 12:00etan, Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan. "Heriotza hauetako bakoitzak zein justizia mota eta zein gizarte eredu eraikitzen ari garen pentsarazi beharko liguke". 


Espetxe baldintzak kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...