Rojavan emakumeez osatutako YPJ herri defentsako unitatearen buruzagitzak herrialdera etorritako euskal delegazioa hartu du beren base militarrean, nazioarteko beste delegazio batekin batera. ARGIAk elkarrizketa egin dio komandanteari.
Ostegun arratsaldean euskal delegazio soziala eta nazioarteko beste delegazio bat hartu ditu YPJko komandante Rohilat Efrinek eta armadako buruzagitzak. Efrin lehen mailako pertsonalitatea da Rojavan eta Damaskon bake-akordioak negoziatzen aritu da Siriako Gobernuarekin.
YPJ Kurdistango emakumeek osatutako erakunde armatua da, 2012an sortua. Siglek kurdueraz Herriaren Babes Unitateak esan nahi dute eta mundu mailan sona handia lortu dute azken urteetan, batez ere Estatu Islamikoaren aurkako Kobane hiriaren erresistentziaren eta garaipenaren ostean, 2015ean.
ARGIAk elkarrizketa egin dio YPJko koronelari, besteak beste ondorengo gaiei buruz: gudaren eta Siriako Gobernuarekin dituzten elkarrizketen egoeraz, Kurdistango askapen mugimenduaren eskari nagusiez, marra gorriez, sexismoaz, emakumeen askapenaz eta gizartearen militarizazioaz.
Jarraian daude zenbait titular:
"Guda hau bereziki emakumeen aurkako guda da"
"Zein izango da emakumeen patua Sirian? Hori da galdera nagusia. Nahiz eta haiek formalki YPJ onartu, Siriako estatuan ez dago emakumeentzat lekurik, eta guk Siria berrian emakumeek ere bermeak izatea nahi dugu".
"YPG (gizonen unitatea) eta YPJren artean koordinazioa dago. Bi komandanteek erabakiak elkarrekin hartzen dituzte eta eraso bat dagoenean, elkarlanean aritzen gara. Hala ere, gure erabakiak guk hartzen ditugu, emakumeen armada maila berean dagoelako".
"Armadan ere badago sexismoa, noski. Gizon eta emakumeak dauden lekuan, beti dago sexismoa. Eta hori gure borroketako bat da. Eraldaketa hori gure punturik oinarrizkoena da".
"Gure egitura hierarkikoa da, noski, bestela egitura militarrak ez luke funtzionatuko. Hala ere, hierarkia hau ez da despotikoa. Guk aginduak ematen ditugu, baina, jakina, gure soldaduek beraiek aukeratzen dute beren zuzendaritza. Indar militarra gara, baina aldi berean, horizontala eta bertikala".
Elkarrizketa osoa paperean argitaratuko du ARGIAk datozen asteetan.
Hau izango da Rojavatik idatzitako azken artikulua, igande goizean goiz bueltako bidaia hasiko baitu euskal delegazioak.