argia.eus
INPRIMATU
Yolanda Gonzalezen hiltzaileen “urtetako zigorgabetasuna” salatu dute Bilboko erriberatarrek
  • Deustuibarran egin diote urteroko omenaldia Yolanda Gonzalez bizilagunari bere izena daraman plazatxoan, Erriberako gaztea Madrilen hil zutela 38 urte bete direnean.

Uriola.eus @uriolaeus 2018ko otsailaren 06a
(Arg: Erriberako Auzo Elkartea)

Yolanda Gonzalez Plazatxoa "txikia, baina enblematikoa" da. Erriberako auzo elkarteko Eneko Herran kidearen esanetan, "Erriberako bihotza" da gune hori. Gainera, balio sinboliko erantsia du handik metro gutxira bizi izan baitzen Yolanda bere familiarekin. Horregatik idatzi eta margotu zuten auzotarrek duela zenbait urte –Bilboko Udalaren aitortza ofiziala iritsi baino lehenago– plazatxoko horma batean "Erribera 1961/01/20 - Madril 1980/02/01, Yolanda gogoan" esaldia eta Yolandaren irudia. Hormako irudiaren inguruan bildu izan dira urtero auzotarrak, eta urtero dantzatu dute Agurra. Atzo ere horrela egin zuten Yolandaren "bahiketa eta hilketa mespretxugarriaren" 38. urteurrenean. "Nazkagarria hilketa, eta nazkagarria bezain lotsagarria hiltzaileen urtetako inpunitatea", esan zuen Herranek ekitaldian.

"Gure auzokidea hil zuten gazte euskalduna zelako, ikasle borrokalaria zelako… Langile-eskubideen alde egiteagatik… Beste hainbatek bezala, gizarte justuago bat amesten zuelako. Esplotazioaren eta injustiziaren aurrean, isilik egoteko prest ez zegoelako, ez beste alde batera begiratzeko. 19 urte baino ez zeuzkan orduan, baina denbora tarte horretan borroka bizi izan zuen; eta klase umilen baldintzak hobetzeko eta euren eskubideen defentsan borrokatu zen… Ikasle bezala… Langile bezala… Azken finean, gizaki bezala ditugun eskubideen alde. Horrexegatik bere ahotsa amatatu nahi zuten, baina ez zuten lortu; eta auzotarren egungo lekukotza hau da horren erakusle. Hemen, non hobeto, Yolanda Gonzalez plazatxoan".

Ekitaldi xumea izan zen. Egun bakarrera mugatu arren, urteko gainerako egunak "energiaz betetzeko bestekoa". Izan ere, auzotarren arabera, "ez dugu ahaztu behar omenaldirik onena erosokerian ez erortzea eta borrokarako zuen grinari eustea izango dela".

Yolanda buru eta bihotzetan gordeta dute Erriberan, plazatxoan oso presente. 

 

Lagun ugari

Yolandaren anaia Asierren eta Erriberako auzotarren ondora lagun asko batu ziren atzokoan, besteak beste, memoria historikoaren alde lanean ari diren elkarteetako kideak, Bilboko Udaleko Asier Abaunza EAJko zinegotzia, EH Bilduko Aitziber Ibaibarriaga, Udalberriko Amaia Arenal edota Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendari Monika Hernando.

  Albiste hau Uriola.eus-en argitaratu da eta ARGIAra ekarri dugu CC by-sa lizentzia baliatuta