Yakolev 42 musika taldea eta adierazpen askatasuna garaile, Guardia Zibilaren akusazioen aurrean

  • Gipuzkoako Guardia Zibilak egindako txosten batean oinarrituta salaketa jaso, eta ikertu gisa deklaratu behar izan zuten 2024ko maiatzean sei taldekide eta taldekide ohiek, “gorroto diskurtsoak elikatzea” egotzita. Ia bi urtez prozesua geldirik egon ostean, epaileak akusazioak baztertu ditu. Taldekideek "jasotako babesa" eskertu eta "musika antifaxista" egiten jarraituko dutela adierazi dute.

Yakolev 42

2026ko urtarrilaren 28an - 10:29
Azken eguneraketa: 12:17
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Yakolev 42 street-punk talde oiartzuarrak komunikatu bidez jakinarazi du duela bi aste beraien aurkako salaketa artxibatu duela epaileak. Magistratuak legea jarraituz arrazoitu du  "gorroto delitua gizarteko kolektibo zaurgarri bati eragiten dioenean" izaten dela, "enpresariak, erregea, polizia eta alderdi politikoak ez dira kolektibo zaurgarriak", eta ondorioz, ebatzi du hitz horietan ez dagoela gorroto deliturik. Taldekideek bi urte hauetan "alboan egondako guztiei eskerrak" eman dizkiete, eta "musika antifaxista" egiten jarraitzeko indar handia jaso dutela adierazi dute.

2024ko otsailean bi taldekidek eta, egun batzuk beranduago, gainerako taldekide eta taldekide ohiek jakin zuten ikerketapean zeudela, Guardia Zibilak ondutako ikerketa batean oinarrituta. Txosten horretan, musika taldeari leporatu zieten "ikuspegi ideologiko berarekin bat ez datozen guztienganako gorrotozko diskurtsoa elikatzea". Guardia Zibilaren arabera, gorroto diskurtsoa dago "abestien letra guztiz iraingarri eta intoleranteetan", kontzertuetako "zenbait jokabidetan", eta "indarkeriaren etengabeko goraipamenean". Ondorioz, 2024ko maiatzaren 6an sei kideek Donostiako Instrukzio epaitegian deklaratu behar izan zuten, ikertu gisa. Yakolev 42-k sare sozialetan partekatu zuen komunikatuan azaldu zuten Guardia Zibilaren ikerketa akusazio bihurtuz gero, "urtebete eta lau urte arteko espetxe zigorrak" eska zitzaketela kide bakoitzarentzat.

Deklarazioaren egunean, kautelazko neurri gisa, behin-behinean abestien hitzak internetetik ezabatzeko eskatu zion fiskaltzak musika taldeari. Berria-k jakitera eman duenez, taldekideek, Iker Sarriegi abokatua lagun, neurri horren aurka agertu ziren lehen unetik: "Azken finean, guk oso argi ikusten genuen ez zegoela deliturik. Beraz, ez bagenuen kontzerturik ematen, eta kanta horiek kentzen bagenituen gure errepertoriotik, emango zuen onartzen ari garela zerbait gaizki egin dugula agian", adierazi zuen Sarriegik. Orduz geroztik, kasua geldirik egon da ia bi urtez, "ezjakinean", taldekideen hitzetan. Baina horrek ez du ekidin taldeak aktibo jarraitzea oholtza gainean, adierazpen askatasuna aldarrikatzen.


Adierazpen askatasuna kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.