Palestinari erakutsitako elkartasuna eta Israeli begira plazaraturiko kritikak jomugan dituen Antisemitismoaren forma berrituei aurre egiteko lege-proposamena Frantziako Legebiltzarrean egonen da apirilaren 16 eta 17an. Testu horren kontrako ahotsak biderkatuz doaz, tartean, 635.000 izenpedura baino gehiago dituen petizio baten bidez. Eskubide politikoen aldeko elkarretaratzera deitu du Ipar Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak apirilaren 16rako Baionan.
Izen ofiziala Antisemitismoaren forma berrituei aurre egiteko lege-proposamena du, baina Yadan legea gisa ezagun egin da, lege-proposamena aurkeztu duen diputatuaren abizenari lotuta. Emmanuel Macronen Renaissance alderdiko Caroline Yadanek aurkeztu zuen 2024an eta 2026ko urtarrilaren 20an onartu zuen doi-doietarik Frantziako Legeen Batzordeak, 18 boto alde eta 16 kontra jasota –Alderdi Sozialista abstenitu da–. Antisionismoa antisemitismotzat jotzen du lege proposamenak eta Palestinari elkartasuna adierazten dioten aktibisten zein herritarren kezka eta haserrea piztu ditu.
Hastapen batean "estatu baten ukapena" zigortzeko bidea irekitzen zuen testuak, baina azkenean, zuzenbide-arrazoi batzuengatik "Frantziak aitortzen duen estatu baten suntsiketarako deia" du delitu gisa sailkatzen. Horrez gain, "terrorismoaren apologiaren delitua" ere are zabalago bihurtzen du testuak: delitu bihurtu daiteke "zuzenean, inplizituki bada ere, terrorismo ekintzak probokatzearena".
NBEtik jaso du abisua Frantziako Gobernuak, bost txostengile berezik ofizialki ohartarazi diotelako "gorroto antisemitaren kasu errealak ohiko banalizatzeko arriskua dakarrela", eta "nahasmena" sortu dezakeela "estatu baten kritika politikoaren eta arrazakeriaren artean". Giza Eskubideen Liga ere kontra agertu da eta gisa berean beste dozenaka eragile sozial eta politiko.
Hori horrela, 500.000 izenpedura baino gehiago jaso ditu testu horren kontra doan petizio batek. Otsailaren 18an jarri du publiko petizioa Zisjordania okupatuan laguntzaile gisa lanean dabilen ingeniari frantses batek, eta apirilaren 7an gainditu zuen 500.000 izenpeduren langa. Hori horrela, Frantziako Estatuko legediari segi, bozketarik gabeko eztabaida bat egon beharko litzateke Legebiltzarrean. Petizioaren egilearen arabera, "antisemitismoaren eta Israelekiko kritikaren arteko amalgama batean" oinarrituta dago testua eta "adierazpen askatasuna lanjerrean jartzen du".
Apirilaren 16rako deitu du elkarretaratzera Ipar Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak. 18:00etan jarri du hitzordua Baionako merkatu plazan, Sionismoaren kontra, eskubide politikoak defendatu lelopean.
Hain zuzen, apirilaren 16 eta 17an egonen da lege-proposamena Frantziako Parlamentuan.