Inoiz ikusi gabeko jendetzaz bete da Basabürüa Korrikari esker. Emozioz bizi izan dute Atharratze eta inguruetako herritarrek, eta Hego Euskal Herritik joandako milaka euskaltzaleri argi utzi diete: oztopo handiak izan arren, Xiberoa eta Baxenafarroan euskaraz bizitzeko ekosistema aktibatua da.
Atharratzeko herritarrek –euskaltzaleek eta besteek, denon beharra baitzen– hilabeteak zeramatzaten martxoaren 19rako Korrikaren hasiera antolatzen, eta jakitun ziren milaka pertsonari harrera egiteko prestatu behar zirela, baita Hego Euskal Herriko familia eta furgoneteroak jasotzeko ere. Baina inoiz ikusi gabekoa izan da bizi izan dutena, antolatzaile eta laguntzaileek eurek harrituta begiratu dute Atharratze euskaltzalez goraino beteta. Eta bidean aurrera jarraituta ere, Maule eta inguruko herrietan jasotako bultzada ikusgarria izan da. “Euskaraz bete da”, azpimarratu du Joanes Etxebarria (Barkoxe, Zuberoa) kazetariak Korrika abiatu aitzin. “Hobe litzateke urte osoz hala izatea”, entzun diogu laguntzaile lanetan zebilen herritar bati.
Eta baliagarria izan da hainbeste jende bertaratzea, “Hegozentrismotik” eta “Lapurdizentrismotik” aterarazi dituztelako bisitariak, erakutsi dietelako Zuberoako euskaldunak aktibatuta eta indartsu daudela, eta Ipar Euskal Herrian “ekosistema oso bat” dagoela euskaraz bizitzeko, Charlotte Etxeberri (Arüe, Zuberoa) Irulegiko Irratiko eta Euskal Irratietako kazetari gazteak ARGIAri berretsi dionez: “Hemen, Xiberoan eta Baxenafarroan badugu bizi bat, badira gazte motibatuak, jende ainitz aldarrikapen inportante ainitzekin lan egiten dutenak eta animaleko lana egiten dutenak. Ez da Lapurdi, ez da Hego Euskal Herria, baina hor gira eta gure lekua badugu. Denak ohartu behar gira horretaz”.
Bilboraino helduko den lekukoan mezu ezkutua sartu ostean, Etxeberrik eta Ximun Carrere (Ezpeleta, Lapurdi) Euskal Irratien lehendakariak egin dituzte lehen metroak lekukoa hartuta. Bero-bero zegoen plazatik txalo zaparrada artean atera dira, eta AEKren eskertza jaso dute euskararen normalizazioaren alde egiten duten lanagatik. Ipar Euskal Herriko tokiko irratien elkartearen lana balioetsi dute Etxeberrik eta Carrerek, eta Gure Irratia, Irulegiko Irratia, Xiberoko Botza eta Antxeta Irratiaren izenean ohartarazi dute “denen sostengua beharrezkoa” dela, kontuan izanik dirulaguntzak murrizten dizkietela euskaraz ari diren eragileei: “Hedabideen lana euskaraz egitea inportantea da, euskaraz mundua ulertzeko, eta euskaraz egunerokoa kontatzea ere geroa eraikitzeko molde bat da”.
Irratiek ikastolei. Lekukoa Carrere eta Etxeberriren eskuetatik Xiberoko Ikastolen ordezkarien eskuetara pasatu da. Halaxe izan zen duela 40 urte ere, Atharratzetik azken aldiz Korrika hasi zeneko hartan, bigarren lekuko-hartzea Xiberoko Ikastolek egin baitzuten. Atharratzeko plazan presentzia nabarmena izan dute Azterketak Euskaraz taldeko ikasleek, besteak beste, eta oraindik ere baxoa euskaraz egin ahal izatea ukatzen dietela ikustea etsigarria izan daitekeen arren, adierazgarria ere bada hainbeste haur eta gazte euskararen alde plazak hartzen ikustea. Oihana Larrandaburu Xiberoko Ikastoletako ordezkaria baikor agertu da ARGIAk egindako galderen aurrean. Nahiz eta ikastoletako haur kopuruan apaltzea egon, ziurtatu du demografiagatik dela, Zuberoan “sortze oso-oso guti” daudelako, baina oro har haur kopurua emendatzen ari dela ikastolan.
Gainera, azaldu du badirela burasoak nahi dutenak euren haurrek euskara ikas dezaten, eta, aldi berean, buraso horiek AEKren gau eskoletan izena ematera animatzen direla, haurrak konprenitzeko beharrak bultzatuta batik bat. Noizbait euskara galdu dutenak edota kanpotik etorrita hemen bizita euskara ikastea beharrezkotzat jo dutenak ere gau eskoletan daudela gogorarazi du. Xiberoko gau eskolan –Maulekoa da bakarra– 100 bat ikasle direla dio, eta Hegozentrismo eta Lapurdizentrismoan erori litezkeenentzat, oroitarazi du lurralde horrentzat anitz dela zifra hori. “Bada lana oraino, jendea euskarara atxikitzeko, zeren eta oztopoak badira eta izanen dira, baina holako egun batekin indarra baduzu oztopo horiek gainditzeko”, ziurtatu du Atharratzeko plaza betearen erdian. Ikastolatik eta AEKtik kanpo aisialdia euskaraz egiteko mugak ere aipatu ditu, baina, aurreko Korrikan azpimarratu zuen bezala, oraingoan ere esperantzaz begiratzen du hainbat elkarteren parte hartzea Korrikan, baita Korrikaz haragokoa ere: “Elkarte horretako kide bat edo bestek amiñi bat pindarra sortu dezala. Beti esperantza hori badut eta horrek gaitu aitzinarazten”.
“AEKk lehengo behar berberak ditu 40 urte geroago”, gogorarazi dute hasierako ekitaldian Bixente Claverie AEKren Nazio Kontseiluko Ipar Euskal Herriko kideak eta Maider Heguy Ipar Euskal Herriko AEKko lehendakariak. Izan ere, Korrika noiz hasiko esperoan zeuden milaka laguni Korrikaren eginkizuna azpimarratu diete: “Korrika ez da kilometroak egitea soilik, ez da lekukoa eskuetatik eskuetara pasatzea bakarrik. Engaiamendua da, euskararen aldeko engaiamendua. Herri bakoitza euskararen plaza bihurtzen da, pertsona bakoitza hizkuntzaren zaindari ttipi baina indartsu. Eta argi esaten dugu: hizkuntza hau ez da geldituko, eramanen dugu aitzina, emanen diogu bizia, eskoletan, karrikan, sare sozialetan, lagunartean, musikan, ametsetan”.
Behar berberak ditu Basabürüak, baina pizgarritik eta pozgarritik izan du 24. Korrikaren hastapenak, 40 urte geroago. Larrandaburuk berretsi duenez, besteak beste, Korrika Kulturalarekin urtarriletik martxora astebururo bizpahiru ekimen antolatu baitituzte: “Korrikaren abiatzeak izigarriko oihartzun positiboa izan du Xiberoan, eta agian, Korrika joan eta gero ere izanen dira luzaz”.
Atharratzeko plazako zirrikitu bakarra lekuko eramaileei egindako pasilloa zen unean, 15:30 iristear zirela, Joanes Etxebarriak nabarmendu ditu martxoaren 19an euskaltzaleek erakutsi duten gogoa eta engaiamendua: “Aitzinamenduak lortzen dira politikoki urratsak emanez. Hori lortzen da erakutsiz kalean pisua dugula, eta hori lortzen da egunerokoan. Euskal Irratiak bezalako ekimenek erakusten dute, baita jende oldeek ere”. Jende oldeak aitzina egin du Baxenafarroarantz, eta beste hainbesteko jende oldea geratu da Mauleko kaleak euskaraz betetzeko asmoz. Xiberoarrek ez dute segituan ahaztuko hasiera honek utzitako bestondo goxoa.