Xi Jinpingen benetako buruhaustea: Alderdiak luzaro gobernatzeko duen gaitasuna

  • Trumpen lausenguak eta Etxe Zuriko ponperiak atzean utzita, urri korapilatsua du Xi Jinping Txinako presidenteak etxean. Alderdiaren 21. kongresurako urtebete geratzen denean, egun agintean den XX. Komite Zentralaren bosgarren osoko bilkura hitzemanda dago, pasa den uztailetik, datorren hil honetarako.


2026ko irailaren 30ean - 13:40
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Seguruenera, hilaren azken astean egingo da, eta izatez, kongresu-aldi honetako azkena izango da (ondorengoa, hurrengo kongresu atarikoa izango delako, hemendik urtebetera). “Alderdi-arazoak” hausnartzea dagokio oraingoari, iazkoa ekonomia-gaiez arduratu ondoren.

Bada “alderdi-arazo” horiek ez dira nolanahikoak oraintxe bertan, iragarpen-komunikatuak berak iradokitzen duenez: “18. Kongresuaz geroztik aurrerapen garrantzitsuak egin diren arren, Alderdiaren autogobernu osoro eta zorrotzak egoera eta erronka berriei aurre egin behar die, nazioarteko eta etxeko inguruneetan, eta Alderdiak dituen baldintzetan aldaketa sakonak” daudenean.

Zertarako? “Alderdiak luzaro gobernatzeko duen gaitasuna indartzeko, bere izaera aurreratua eta garbitasuna gordetzeko eta herriarekin dituen lotura estuei eusteko ahaleginetan arreta jartzeko”.

Erretorikaz harago, bilkuran izango diren berrehun komite-kide osok eta ia beste horrenbeste ordezkok ezinbestez begi-bistan izango dutena islatzen du horrek: aurrez aurre eserita duten Politburoa murrizten joan dela 2022ko urrian egin zenetik. Hasierako 24 kideetako bat, Li Shangfu, Defentsa ministro ohia, kanporatuta zegoen 2024an hirugarren osoko bilkura egin zenerako. Iaz, He Weidong izan zen kanporatua laugarren bilkura baino lehen. Aurten, bosgarrenean ez dira agertuko Ma Xingrui eta Zhang Youxia.

Arazoaren aparra besterik ez da, hala ere, Politburo-kideak 24tik 21era murriztu izana agintaldian. Komite Zentraleko kide osoetako hainbat ere, militarrak gehienbat, kanporatuak izan dira garbiketa-operazio horietan bertan. Armadaren ordezkaritza minimo historikoetan dago Alderdiaren gorenean.

Eta egoera aurrekaririk gabea da Batzorde Militar Zentralean: 2023ko kongresuak izendatutako zazpi kideetatik bi besterik ez dira geratzen bertan. Xi bera, eta gainerakoak atxilotzeaz arduratu den Zhang Shengmin. Abelera txundigarri horri adabakiren bat ematen ote zaion izango da datorren osoko bilkuraren gai potoloetako bat.

Iraganeko Txinako agintari goren guztiek edo gehienek bezala, jakingo du Xik “luzaro gobernatzeko gaitasunaren” etsai nagusia sistemaren ustelkeria (eta batez ere, ustelkeriaren sentipen soziala) dela. Alde horretatik, ustelkeriaren jazarpena –“tigreak ehizatu, euliak zukutu” kanpainak– mesedegarri izan dakizkioke, kaltegarri baino gehiago.

Erregimen/dinastia/alderdi batek “luzaro gobernatzeko gaitasuna” izan dezan beste zutabe nagusia, haatik, aginte gorenean trantsizio zuhurrak eta otzanak izaten dira. Datorren urteko kongresuan, aretoan ez bada pasilloetan izango da gaia.


Irakurri gehiago: Txina Nazioartea Asia
Txina kanalean gehiago
2026ko maiatzaren 20
Trump Txinan

Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.