Kostatzen da Ipar Korea protagonista duten albisteetan gauzak argi ikustea, baina bai kausitu dugula berritasun bitxia Txinako agintari gorenak Piongiang-era egin duen bisitaldian: Xi Jinping betaurrekoekin. Iparkorear hedabide-zerbitzuen lerrada? Etorkizunean ohikoa bihurtuko zaigun look-aren estreinaldia? Geroak esango du. Baina orain arte inoiz ikusi gabekoa zen Xi antiojoekin.
Ez da, alajaina, harritzekoa 73 urte bete dituenarengan. Baina bai dela berak eta bere prentsa-zerbitzuek beti ekidin duten irudia. Ezta irakurtzeko ere.
Ezerezeko festa izan daiteke. Baina datorren urtean egin beharreko 21. Kongresurako prestamenetan sartuko dira Pekineko agintariak aurtengo udazkenetik aurrera... Eta Xiren jarraipena edo oinordetza izango da, oso isilean, gai potoloetako bat. Potoloena, agian. Haren osasuna (eta ondorioz, lidergo paramount bat egikaritzeko gaitasun fisikoa) ardatz dela. Halere, ez diezaiegun zuku gehiegi atera betaurreko batzuei.
Baina Xik, zazpi urte igaro ondoren, Ipar Koreara egin duen txango horri bai atera behar zaiola Mendebaldeko hedabide gehienek atera diotena baino zuku gehixeago. Aldebiko gorabehera hutsa balitz bezala ikusi nahi izan baitute gehienek. Edo, asko jota, hiru angeluko harreman bat –Txina, Ipar Korea eta Errusia– berrantolatzeko saioa.
Miopia larregi samarra da, nire ustez. Ez baikaude irailaren 3ko desfilean ikusi genuen irudiaren jarraipen hutsaren aurrean. Xik azken asteetan egin dituen bilera guztietan, baita Trumpekin bildu zenean ere, aldebiko tratuez harago, Japonia ekarri du hizpidera. Takaichiren gobernuak abian jarri duena ez delako “egitasmo bat gehiago” Txinarentzat: ez horren aspaldiko deabru guztiak jauzika jartzen dituen erronka da. Gainerako gorabehera geopolitiko guztiak berrantolarazten dizkiona. Azken mugimendu estrategikoak ikusi besterik ez dago.
Eta hor kokatzen da Ipar Korearekiko harremana. Orain arte, korear penintsulako korapilo geopolitikoa behingoz askatzearen ikuspuntutik ebatzi ditu Pekinek Ipar Korearekiko harremanak. Horren ondorioa zen betiere, etsi samar, penintsula osoa desnuklearizatzeko mantendu duen aldarrikapena. Orain, ordea, Japoniari aurre egitea da lehentasuna. Zeharbidez, aipatzeke baina argi baino argiago aditzen da hori bisitaldiaren atarian Xik Ipar Koreako hedabideei helarazi zien iritzi-artikuluan.
Buruhaustea (eta, bide batez, bidaiaren mamia) izan daiteke, ordea, Ipar Koreak bere kasa ibiltzeko duen sena ezaguna. Japoniaren kasuan ez du akuilurik beharko Kimek; baina bai, seguruenera, galga. Eta are korapilatsua da arazoa Hego Korearekiko harremanean: Txinari interesatzen zaio Seulen adiskidantza, eta ez hura Japoniaren besoetara bultzatzea.
Japoniaren aurkako orkestra –Errusia, Ipar Korea, Asia Hegoaldeko herrialdeak... eta, ahal bada, Hego Korea) antolatu nahi du Xik, Pekinek duen partitura jotzeko. Txukun entseatu eta sinkronizatuta. Eta Kimek ez ditzala txindatak jo otutzen zaionean.
Agian horretarako, bere musikariak hobeto ikusteko, jarriko zituen betaurrekoak.