91 urte zituela hil da Xabier Sánchez Erauskin kazetaria. 1950eko hamarkadan apaiz izana Okinan (Araba), Ternuako (Kanada) uretan kapilau gisa aritua gero, kazetaritza ikasketak eginda Posible, Cuadernos para el diálogo eta Egin agerkarietan egin zuen lan. Punto y hora aldizkariko zuzendaria ere izan zen eta, hain justu, 1983ko apirilaren 15ean 18 hilabeteko espetxe zigorra jarri zioten, bertan plazaratu ziren bi artikulurengatik. "Uste dut Sánchez Erauskinen biografiak zalantza asko erantzuteko aukera eskaintzen duela, baita hainbat galdera egiteko ere", zioen Joxe Felix Azurmendik, Egin eta Deia egunkarietako zuzendari izandakoak, 2023an ARGIAk egindako elkarrizketan. "Garai bat azaltzeko gizon eredugarria da: zer zen apaiz izatea? Zer zen konprometitua egotea Trantsizio garaian?"
Xabier Sanchez Erauskin. Vida de un rebelde con causas (Xabier Sanchez Erauskin. Kausak dituen errebelde baten bizitza) liburua plazaratu zuen Azurmendik 2023an, eta lan horren inguruan egin zion ARGIAn elkarrizketa Cira Crespok. "Kazetaritzan konpromisoa mantentzen jakin behar da, profesionaltasuna galdu gabe" zuen goiburu elkarrizketak. Sánchez Erauskinek egindako ibilbideaz luze aritu zen Azurmendi, kazetariaren ofizioa ardatz hartuta.
"Niretzat izan da laguna; ikuspegi aldetik antzekoa, bai profesionalki, bai abertzale gisa", dio Azurmendik, elkarrizketaren hasieran. "Biok nahiko konprometituak izan gara, gaztetatik. Egin egunkariko zuzendari nintzela ezagutu nuen; artean Xabierrek liburuak argitaratzen zituen, batzuk erdi klandestinoak, beste batzuk guztiz klandestinoak. Egin-era editore batekin etorri zen. Txamarra handi bat jantzita, eta bi kamera zintzilik, eta grabagailu bat... orduan ezagutu nuen. Handik urte batera edo bi urtera, berriz, Punta y Hora aldizkariko zuzendari gisa etorri zen Hernaniko eraikinera lanera. Eta harrezkero jada elkarren inguruan izaten ginen. Handik gutxira kartzelan sartu zuten (...) Kartzelatik irten eta gero etorri zen Egin-era, nire ordez".
1983an ezarri zioten 18 hilabeteko espetxe zigorra Sánchez Erauskini, Punto y Hora aldizkariko bi artikulurengatik. Bera zen hedabidearen zuzendaria, eta aurretik zeukan urtebeteko zigorrari batu zitzaion Espainiako Erregea iraintzea egotzita beste sei hilabetekoa. Borboiak Gernikako Juntetxera egindako bisita zuen hizpide tonu umoretsuan idatzitako artikuluan –zezenketetako hizkera erabili zuen–. Franco hil ondorengo Espainiako Trantsizioan, Sánchez Erauskin izan zen iritzi delitu batengatik kondenatua izan zen lehen profesionala, Wikipedia-n irakurri daitekeenez.
"Zer dute ikasteko kazetari gazteek Erauskinengandik?", galdetu zion Crespok Azurmendiri, eta hark erantzun: "Lanbidea nola defendatzen eta maitatzen den, eta nola mantendu ilusioa (...). Izan pertsona askea, baita bozka ematen diozun alderdiarekiko ere".
Erauskinek, besteak beste, HBko mahai nazionaleko kide izan zen, eta Elkarri eta Herria 2000 Eliza elkarteetan ere lan egin zuen. Erretreta hartu aurreko azken urteetan, Kazetaritzako irakasle jardun zuen EHUn.
Xabier Sánchez Erauskin, lubakiko kazetaria
Izenburu hori du ARGIAk 2006ko abenduan plazaratutako Larrun aldizkariaren 105. zenbakiak. Hogei orrialdeko elkarrizketa mamitsua da, Pello Zubiriak egina Sanchez Erauskini, "ahotsik gabeei ahotsa eman nahi zien gizonari".
Sánchez Erauskinen bizitzaren lekuko izateaz gain, Euskal Herriaren historiarena ere bada elkarrizketa. Kazetaritzaren, euskal gatazkaren edota panorama politikoaren bueltako hamaika kontu jaso zituen Larrun hark.
Lotura honetan dago irakurgai Xabier Sánchez Erauskin, lubakiko kazetaria Larrun monografikoa.
