argia.eus
INPRIMATU
Xabier Atristain presoa baldintzapeko askatasunean geratu da
  • Hamahiru urte pasa ditu preso Atristainek, iragan abendutik hirugarren graduan zegoen eta martxoaz geroztik zigorra etxean betetzen ari zen kontrol telematikoarekin.

Xabier Letona Biteri @xletona 2024ko uztailaren 18a
Xabier Atristain, espetxetik irten berri Estrasburgoko epaiaren ostean. Argazkia: tve.es

Bere kasua ezagun egin da azken urteotan bi konturengatik: batetik, beste preso askori moduan, espetxeko tratamendu juntak behin baino gehiagotan eman diolako hirugarren gradua, eta fiskalak errekurrituta, Espainiako Auzitegi Nazionalak bertan behera utzi izan duelako erabaki hori.

Atristain 2010ean bere borondatez aurkeztu zen Biarritzeko polizia-etxean, bere aurkako atxilotze aginduaren berri izan zuenean. Hilabete geroago Espainiaratu zuten eta atxiloaldian ofiziozko abokatua inposatu zioten, berea izendatzeko aukerarik gabe. Atxiloaldian torturak eta mehatxuak salatu zituen eta han egindako adierazpenak aintzat hartuta, 2013an egindako epaiketan 17 urteko espetxe zigorra jarri zioten.

Presoak Estrasburgora eraman zuen bere kasua eta 2022an Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Espainia zigortu zuen, atxiloaldiko inkomunikazioan bere abokatua hautatzeko aukerarik izan ez zuelako, eta ofiziozko abokatuaren aurrean emandako deklarazioa onartu zelako Atristain zigortzeko froga moduan. Behin-behinekoz, otsailean libre utzi zuten Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz, baina Auzitegi Gorenak berriz espetxeratzeko agindua eman zuen, argudiatuta espetxeratzeko proba gehiago ere azaldu zirela epaian, eta ez bakarrik Estrasburgok aipatutakoa.

Graduen dantzari dagokionez, Atristaini ere azken urteetan beste euskal preso askori gertatzen ari zaiona gertatu zaio. 2022ko udan Martuteneko espetxeak hirugarren gradua eman zion, baina fiskalaren helegitea aintzat hartuta, Espetxe Zaintzarako Epaitegi Zentralak urrian hirugarren gradua kendu eta espetxera itzularazi zuen. Azaroan bertan, Martuteneko Tratamendu Batzordeak hirugarren gradua berretsi zuen, eta 2023ko martxoan Eusko Jaurlaritzak ontzat eman zuen.

Fiskalak ostera errekurritu zuen erabakia. Oraingoan, Espetxe Zaintzako auzitegiak ez zuen helegitea onartu, baina Auzitegi Nazionaleko Lehen Zigor Salak bai, beraz berriz espetxera. Azkenean, ostegun honetan baldintzapeko askatasunean geratu da.